
Iruñeko Udalak Garapenaren aldeko Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailea (2026-2029) aurkeztu du. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du plana, eta aurreko planean –2022 eta 2025 urteen artean– egindako lanarekin jarraituko du: 174 proiektu babestu ditu 42 herrialdetan, 133 nazioarteko lankidetzakoak eta 41 hezkuntza eta sentsibilizazioarekin lotutakoak. Era berean, erronka berriei helduko die, hala nola lege-esparru berriaren argitan zenbait kontzeptu, ikuspegi eta paradigma berrikustea, eta planaren ikusgarritasuna eta Iruñeko herritarrek horri buruz duten ezagutza-maila bultzatzea. III. Plana bat dator Garapenaren aldeko Lankidetzaren udal-programaren 30. urteurrenarekin, lantalde teknikoan belaunaldi berriak sartzearekin eta estatu mailan zein autonomia-erkidegoan berriki egindako arau- eta estrategia-aldaketekin.
Agiri berriaren berritasun nagusiak gaur (asteazkena) egin den prentsaurrekoan aurkeztu ditu Mikel Armendariz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak, Amaya Algarra Grande udal-teknikariarekin batera. Agiriaren xede nagusia da Iruñeko eta hegoalde globaleko herritarrak jakitun izatea planetako pertsona guztiek garapen jasangarriarekiko eta giza eskubideekiko duten interdependentziaz eta erantzunkidetasunaz, eta, horri esker, tokian-tokian eragitea. Horretarako, udal-lankidetza eraldatzaile eta koordinatua finkatuko da, Iruñeko gizarte-ehunean gero eta ikusgarriagoa eta errotuagoa.
Udalak planteatzen duen lankidetza-ereduak asistentzialismo hutsetik haratago joan nahi du, eta xede du Hegoaldean gaitasunak eta egiturak indartzea, baita Iruñeko herritarrak jakitun eta konprometituak izatea ere. Ziurgabetasuna eta desparekotasunak areagotzen ari dira mundu-mailan, eta testuinguru horretan garatzen ari da tokiko lankidetza; hori gutxi balitz, gerra-gatazkak ugaritzen ari dira egun bizi dugun krisialdian, eta krisi horiek askotaikoak dira, batzuk gainjarriak eta alderdi anitzekoak, eta, beste batzuk, ziklikoak eta kronifikatuak.
Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren Plan Zuzentzaileak % 0,7ko gutxieneko aurrekontua du Udalaren hasierako aurrekontu bateratu osoaren barruan, eta aktibo eta erabiltzeko moduan mantendu ditu indarraldian aurreikusitako lankidetza-tresna eta -modalitate guztiak. Orain arte, ezarritako helburu eta xedeen betetze-maila % 70etik gorakoa izan da. Aurrekontu osoaren ia % 91 dirulaguntza-deialdietara bideratuko da, eta garrantzi berezia emanen zaie Iruñean sentsibilizazioa, partaidetza eta eraldaketa soziala sustatze aldera abian jarritako jarduketei.
Bost ildo nagusi
Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren III. Plan Zuzentzaileak bost ildo estrategiko ditu, 23 helburu eta 105 jomugatan banatuta. Hauxe da 1. ildoa: Giza Garapenerako eta Ekintza Humanitariorako laguntza; Hegoalde Globalean esku-hartzeak sustatzea du xede, hiriak berariaz duen testuingurura egokituta. 2. ildoa Larrialdiei erantzuna emateari dagokio, udal-lankidetzak balio erantsia ematen ahal duen kasuetan betiere. 3. ildoak Garapen Jasangarriaren eta Herritartasun Globalaren aldeko Hezkuntza du ardatz, eta xede du Iruñeko herritarrek garapen jasangarriarekiko eta giza eskubideekiko duten rolaren eta erantzukizunaren inguruan kontzientzia hartzea.
4. ildoa Udalaren lankidetza-sistemaren indartzeari eta gobernantzari buruzkoa da, eta gaitasunak, langileak eta aurrekontuko baliabideak indartzearen alde egiten du. 5. Ildoak Planaren ikusgaitasuna, posizionamendua eta proiekzio instituzionala ditu ardatz, eta egitasmoaren ezagutza eta ikusgarritasuna hedatzen ditu udal-eremuan eta kanpoan, erreferente gisa duen papera sendotzeko, lotura berriak bultzatzeko eta lankidetza, garapen jasangarrirako hezkuntza eta herritartasun globala beste udal-zerbitzu batzuetara eta herritarrengana hurbiltzeko.
Helburu horiek guztiak urteko plan operatiboen bidez egituratzen dira: Planaren lantalde teknikoak eratzen ditu denbora-tarte bakoitzaren testuinguruaren, baliabideen eta lehentasunen arabera. Plan horiek urteko ibilbide-orriak izanen dira, eta urtero egiten diren memorien bidez horien jarraipena eta ebaluazioa eginen da. Planek denbora-tarte bakoitzean garatu beharreko ekintza zehatzak jasoko dituzte, bai eta aurreikusitako deialdiak eta horien jarduketa-ildo nagusiak, erakunde arduradunak eta inplikatuak, baliabideak eta gauzatzeko egutegia ere.
Gainera, urteko lehenengo hiruhilekoan, urteko memorien bidez jakinaraziko da helburuen betetze-maila zenbatekoa izan den, eta bertan txertatuko dira aurrerapen eta emaitza nagusiak, identifikatutako zailtasunak eta ikasitakoa. Informazio hori emateko, tresna bisualak erabiliko dira helburuek eta xedeek aurrera nola egin duten eta zenbateraino erdietsi diren adierazteko. 2029ko azkeneko seihilekoan, Planaren kanpo-ebaluazio parte-hartzailea eginen da, eta hori izanen da 2029ko azken seihilekorako aurreikusitako Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren IV. Plan Zuzentzailearen oinarria.