
Rikardo III eta ni izanen da Antzerki Aroa zikloaren azkenaurreko proposamena: asteazkenean, 19:00etan, taularatuko dute Horman Poster eta Dxusturi Teatroa konpainiek, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 8 euroan daude eskuragarri, eta euskara ikasten dutenek 3 euroko deskontua dute: NAEko webgunean erosten ahal dira sarrerak, bai eta txarteldegian ere, antzezlana hasi baino ordubete lehenago. Zikloa datorren asteazkenean bukatuko da, azaroaren 4an: Xake Produkzioak taldeak Sidari oholtzaratuko du.
Igor de Quadra-ren zuzendaritzapean, Rikardo III eta ni antzezlanak Leire Ucha, Ion Zumelaga, Eneritz Artetxe eta Pette Jaragoyhen dantzaria ditu protagonista: William Shakespeare-ren klasikoa abiapuntu hartuta, unibertso satiriko eta lotsagabea sortzen du, eta egungo gizarteari buruz hausnartzen du. Hauxe da antzezlanaren argumentua: idazle ingeles ospetsuaren hiru jarraitzaile amorratuk tragedia historiko horren haluzinazio eszenikoa asmatzen dute. Jatorrizko antzezlanaren zati txiki batzuk hautatzen dituzte, eta horiek abiapuntu hartuta, protagonistek umorez eta ironiaz aztertzen dituzte azpian dauden gaiak eta sinboloak, eta beren egile gogokoenari buruz eztabaidatzen dute; azkenik, jatorrizko lanaren bertsio pertsonal eta paregabea sortzen dute. Horrekin guztiarekin batera, funtsezko galderak erantzuten saiatzen dira, hala nola benetan erregea nor den eta errege horrek kontzientzia moralik baduen. Eztabaidagai horiek bide ematen diete beste gai garrantzitsu batzuei, besteak beste, botere-grinari eta botere politikoaren mekanismoei. Horretarako, umorea, kritika, jolasa eta dantza izanen dituzte ardatz.
Horman Poster konpainia 2010ean sortu zen, Matxalen de Pedroren eta Igor de Quadraren eskutik. Antzerkiaren arloko lankidetza-proiektu gisa eratu zen, elkartzeko eta eraldatzeko baliabide bihurtzeko asmoz. Harrezkeroztik, artearen eta hezkuntzaren arloko testuinguruetan egiten ditu proiektuak, artearen diziplinarteko begirada islatuz. Horman Poster konpainiak Dxusturi Teatroa taldearekin batera ekoitzi du antzezlana. 2012an sortu zen Dxusturi Teatroa taldea, eta Eneritz Artetxe –aktore protagonistetako bat– da zuzendaria; taldeak helburu du helduendako euskarazko antzezlanak taularatzea, baita ahozko narrazioko proiektu artistikoak ere, eta, horretarako, umorea, ironia eta antzerki fisikoa dira ekoizpenen nortasunaren ikur nagusi.
2026KO ANTZERKI AROA. NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA. 19:00
Sarrerak txarteldegian (San Agustin kalea 3) eta www.laescueladeteatro.com/eus webgunean
Sarrera orokorra: 8 euro
Euskaltegietan eta Hizkuntza Eskolan euskara ikasten dutenendako sarrerak: 5 euro
Abonua: 25 euro
Programazioa:
Urriak 28, asteazkena: RIKARDO III ETA NI (Horman Poster eta Dxusturi Teatroa)
Azaroak 4, asteazkena: SIDARI (Xake Produkzioak)