
Gizarte Berrikuntzaren 2026ko Saria deitu du Iruñeko Udalak, gizarte- eta ingurumen-izaerako proiektu berritzaileak saritze aldera. Deialdia azaroaren 5era arte egonen da irekita, eta 3.000 euroko zuzkidura du: lehen sariaren irabazleak 1.500 euro jasoko ditu, eta beste bi accesit sarituko dira, bakoitza 750 eurorekin; horrez gain, aipamen berezi bat eginen da, baina horrek ez du sari ekonomikorik jasoko. Horiek horrela, azaroaren 26an banatuko dira sariak.
Gizarte Berrikuntzaren Sariaren bigarren edizioak xede du hirian berrikuntza sozialaren arloan nabarmentzekoak diren ekimenak aintzatestea, baita gizarte-, ingurumen-, eta komunitate-erronkak hauteman eta horiei irtenbidea aurkitze aldera herritarren eta tartean dauden eragileen partaidetza sustatzea ere. Halaber, sariak lagungarri izan nahi du tokiko eragileen artean jardunbide egokiak eta ezagutzak partekatzeko eta gizarte-ehuna sendotuko duten lankidetza-sareak sor daitezen bultzatzeko.
Honako hauek parte hartzen ahal dute deialdian: legearekin bat eratuta dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek; ikastetxeek eta irtenbide berritzaileak garatzen dituzten ikerketa-taldeek; eta herritar antolatuek, baldin eta haien jarduera ekimen komunitarioetan zein boluntario gisa gauzatzen badute eta hautagaitza irabazi-asmorik gabeko entitate batek aurkezten badu. Berariaz kanpoan gelditzen dira irabazi-asmoa duten entitateak.
Hauxe izanen da aurkeztutako proiektu, produktu, zerbitzu, eredu eta ekimenen funtzioa: Iruñeko ongizate kolektiboa, gizarte-kohesioa, jasangarritasuna, herritarren parte-hartzea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzea. Izaera berritzailekoak eta bideragarriak izan behar dute. Parte hartzeko aukera dute azken bi urteotan garatutako edo 2026an abian jarritako ekimenek, baina behar bezain landurik egon beharko dute epaimahaiak ekimen horien izaera berritzailea baloratu ahal izateko. Epaimahaiaren osaera sariaren epaia ematen denean emanen da jakitera.
Bide hauek daude hautagaitzak aurkezteko: batetik, Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoa eta, bestetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aurreikusten dituen bideak. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: proiektuaren edo ekimenaren memoria, erakunde edo talde eskatzailearen egiaztagiriak eta aurkeztutako gizarte-berrikuntza hedatzeko baimen ziurtatua.
Balorazioa egiteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: proiektuaren berrikuntza-maila; gizarte-eragina; ekosisteman sortzen duen gizarte-eraldaketa eta egiturazko aldaketa; berrikuntzaren iraunkortasuna; parte hartzeko eta ahalduntzeko gizarte-prozesua; eta proiektuaren zehaztasun metodologikoa, azalpenaren kalitatea, egokitasuna, egingarritasuna eta koherentzia teknikoa.
Lehenengo edizioan, hautagaitza hauek saritu ziren: batetik, Musikagune elkartearena, LGTBI+ gazteei zuzendutako Musikanitza proiektuari esker; eta bestetik, SETEM Nafarroa erakundearena, Consumo Justo – AppLícate proiektuari esker.