Ziudadelako Labeak ‘Salsola Kali: landare-deriba bat’ proposamena hartuko du datozen egunotan, Estitxu Arroyo aktore eta sortzailearen lan bat, suntsipenaren eta bizitzaren ospakizun eta kantua izan nahi duena. Instalazioa Ziudadelako erakusketa-aretoen ohiko irekiera-ordutegietan bisitatzen ahalko da (asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era), eta performancea larunbatero eginen da, leku-kopuru mugatuarekin, urtarrilaren 9a bitarte.
Estitxu Arroyo artistak instalazio honetan aurkezten duen lana Cuerpo-Documento/La memoria de la carne ikerketa eszenikoko bere proiektuko materialetatik abiatuta sortu zen, eta kasu honetan instalazioaren bidea hartu du. Harekin, artistak mundu begetala islatu nahi du aldare eta memoria gisa, erreferentzia eginez mugimendu zirkularrei, suntsiketari eta sormenari. Baina defendatzen du, baita ere, berpizkundearen ideia, bizitzaren eta heriotzaren presentziaz, zein gertakari guzietan dagoen ‘maitasunaren hazia’. Proposamen honekin Arroyok gauzarik ñimiño eta barne-barnekoenaren edertasuna bilatzen du, sastraka begetalen bidez, besteak beste grabitatzen ari diren galaxien mugimenduekin eta konexio neuronalen marrazkiekin. Instalazio honek ospakizuna eta kantua izan nahi du, suntsiketari eta biziari egina, denboragabeko egoera sakratu bat irudikatzen duten espazio eta denbora bat.
Proposamenari izenburua ematen dion izena, Salsola Kali, errodatzen duen landare baten izena da. Harekin artistak publikoari helarazi nahi dion ideia zera da: landare-espezie sail baten anatomiaren egiturazko parte bat, behin heldu eta hazi ondoren sustrai edo zurtoinetik askatzen direnak eta biraka egiten dutenak haizearen indarren ondorioz. Horrela, espezie horiek irekitzen dira haziak askatzeko halako landare birakarien diaspora batean.
Performance bat artistaren eskutik, larunbat arratsaldetan
‘Salsola Kali: landare-deriba bat’ instalazioaren proposamenaren osagarri, Estitxu Arroyok berak performance bat eginen du larunbatero, urtarrilaren 9ra bitarte. Larunbatero hiru saio eginen dira (18:30ean, 19:00etan eta 19:30ean), leku-kopuru mugatuarekin, pandemiaren euste-neurriak betetzeko.
2011. urtean, Arroyok Cuerpo-Documento proiektua abiatu zuen, zeinean zenbait formatutako proposamenak bildu baititu eta gaur egun ere garatzen jarraitzen baitu. Arroyoren obra prozesu organikoetatik abiatuta eraikitzen da, zeinetan gorputza baita ikerketaren eta praktikaren espazio nagusia, eta formatu ezberdinetan zabaltzen da, eszenan, koreografietan, instalazioetan, ikus-entzunezkoetan eta arte plastikoetan. Bere lanari lagundu eta hura elikatzeko, artistak pedagogiaz eta irakaskuntzaz baliatzen da, beti arte biziekin, gorputzaren lanaren ikerketarekin eta mugimenduarekin lotuak.
Estitxu Arroyo aktorea, performerra eta sortzailea da. Arte eszenikoen ikerketa eta sormenean aritzen da lanean, bai eta diziplina anitzeko artista gisa ere. Prestakuntzari dagokionez, bibliotekonomia eta dokumentazio ikasketak egin ditu. Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi du, eta Bartzelonako Instituto del Teatroen ere; bertan lizentziatu zen. Horretaz gain, ikasten jarraitu du Berlineko Arteen Unibertsitatean (UdK), eta Praktika eszenikoen eta Ikusizko Kulturaren masterra du. Yoga eta meditazio irakasle gisa ere jaso du prestakuntza, eta gaur egun ikerketan jarraitzen du alor horretan.