‘Ramón Masats, argazkilari isila’ erakusketa jarri dute ikusgai Kondestablen: argazkilariaren bildumarik adierazgarrienetako 133 argazki bildu dituzte, ‘Sanfermines’ (Sanferminak) argazki-liburukoak tartean

‘Ramón Masats, argazkilari isila’ erakusketa jarri dute ikusgai Kondestablen: argazkilariaren bildumarik adierazgarrienetako 133 argazki bildu dituzte, ‘Sanfermines’ (Sanferminak) argazki-liburukoak tartean
Udalak eta Foto Colectania fundazioak omenaldia egin nahi izan diote 1960ko hamarkadan eraginik handiena izan zuen argazkilariari, ironiaz dokumentatu baitzuen gerraostea
Irudia
Irudia
Irudia

Gaurtik abuztuaren 28ra bitarte egonen da ikusgai Ramón Masatsen antzinako argazkien erakusketa, Kondestablen. Argazki batzuk duela gutxi arte inoiz erakutsi gabekoak dira, edo argitaragabeak, eta denak, egileak berrikusitakoak. 2024an zendu zen Masats, 92 urte zituela, eta lan berezia utzi zuen: argazkilaritzarako intuizio handia zuen; erradikala zen benetan, eta ironia handiz landu zuen gerraosteko kultura. Garai horretan bizi izan zen argazkilaria, eta ezaugarri horiek guztiak islatu zituen argazkietan. Artista polifazetikoa zen, eta argazkilaritza berritu ez ezik, zineman eta telebistan ere aritu zen. Argitaratu zituen argazki-bilduma batzuk literatoekin eginiko elkarlanarekin lotuta daude: hala nola Ignacio Aldecoarekin eta Miguel Delibesekin aritu zen lanean.

Gaur goizean aurkeztu dute Ramon Masats, argazkilari isila erakusketa Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, Pepe Font de Mora erakusketaren komisario eta Foto Colectania fundazioko zuzendariak eta Sonia Masats Santamaría Masatsen alabak. Hain zuzen ere, Soniak jarri du antolatzaileen esku argazkilariaren artxibo pertsonala. Chema Conesak jarri zion argazkilari isila ezizena Masatsi. Haren hitzetan, “Ramón Masats argazkilari isila da. Tematuta dago zaratak bere irudiak nahasi ez ditzan lortzen”.

Kale Nagusiko 2.eko jauregiko lehen solairuan jarri dute erakusketa, bi areto nobleetan, eta argazkilariaren bilduma adierazgarrienetako 133 argazki bildu dituzte, hala nola Las Ramblas (Ramblak) Bartzelonako eremu horren ikuspegi berri bat islatzen duen bildumakoak, eta Neutral Corner boxeoari buruzko 1962ko argazki-liburu ezagunekoak. Halaber, erakusketa horretan lehen aldiz ikusten ahalko dira Iruñean beste argazki-liburu bateko antzinako jatorrizko argazkiak: Sanfermines (Sanferminak) bildumakoak alegia.

1963an argitaratu zuen, eta erakusketan jarritako argazkiak egileak berak hautatu eta maketatuak dira. Masatsen lehenetariko lanak ere jarri dituzte ikusgai. Argazkilariaren lehen sorkuntza-garaia bildu dute erakusketan, 1953an hasi zenetik 1965 arte. Urte horretatik aurrera utzi egin zuen argazkilaritza hamar urtez baino gehiagoz, eta zineman eta telebistan aritu zen epe horretan. Gero, argazkilaritzari heldu zion berriz, baina koloretan oraingoan. 

Erakusketan jarri dituzten testuak Jaume Fuster idazlearenak dira: Masatsek argazkilaritzan eginiko ibilbidearen inguruan idatzi zuen doktore-tesia. Sonia Masats Santamaríak lagundu dio Foto Colectania fundazioari argazkiak antolatu eta hautatzen. Espainiako argazkilari klasiko handietako bat izan zen Masats, eta Iruñeko erakusketaren helburua da beste ikuspegi batetik begiratzea egileari, hil aurretik berorrek berrikusitako irudi argitaragabeak eta jatorrizko kopiak erakutsiz. 

Errealitatearen kronikari umoretsua
1960an Espainian izan zen argazkilarien belaunaldiko nabarmenenetako bat izan zen Ramón Masats (1931, Caldes de Montbui – 2024, Madril): berezko gaitasuna zuen irudiak sortzeko, ikuspegi erradikala oinarri hartuta eta ironiaz landu zituen gerraosteko kulturaren topikoak, eta uste osoa zuen argazkiak askatasun osoz atera behar direla. 1950eko hamarkadaren hasieran ekin zion argazkilaritzari, eta, hainbat hamarkadatako ibilbideari esker, Espainian eraginik handiena izan duten argazkilarietako bat bilakatu zen. Gainera, La Palangana taldearen sortzaileetako bat izan zen: Madrilgo Eskolaren ernamuina izan zen taldea.

Espainia diktaduran bizi zen garai hartan, eta herrialdearen kronista izan zen Masats: estereotipoetatik eta sailkapenetatik ihesi, ezohiko lana ondu zuen, egilearen begirada zorrotzaren eta jende arruntarekin zuen enpatiaren erakusgarri. Bere ibilbidearen hasieran, argazkilaritza berritzeko mugimenduetan ibili zen, eta gerora argitaratu zituen liburuek oihartzun handia izan zuten berehala, erreferentziazkoak bihurtzeraino.

Garai hartako egunkari eta aldizkaririk onenetan aritu zen lanean, hala nola Gaceta Ilustrada-n, Arriba-n eta Ya-n: fotokazetaritza hasi zutenetako batzuk dira, eta balio handia ematen zioten irudiari. Ibilbide osoan zehar behin baino gehiagotan egin zioten aitortza Masatsi: sariak eskuratu zituen, haren inguruko erakusketak egin izan dira, eta haren ibilbidearen zati handi bat kontatzen duten liburuak argitaratu dituzte. Halaber, erakusketen zenbait komisariorekin aritu zen lanean: hala nola Chema Conesarekin, Laura Terrérekin eta Publio López Mondéjarrekin. 2001ean Bartolomé Ros saria eman zioten argazkilaritzan eginiko ibilbideagatik, eta 2024an, Argazkilaritzako Sari Nazionala. 

Argazkilaritzaren artea zabaltzeko fundazioa
Foto Colectania irabazi-asmorik gabeko erakundea da: Bartzelonan sortu zuten, 2002an, argazkilaritza zabaldu eta ezagutarazteko bai gizartean eta bai artearen arloan. Hainbat programa egiten dituzte, erakusketak eta jarduerak kasurako, eta argazkilaritzaren eta irudiaren inguruko hausnarketa ardatz duen partaidetzako proiektu berritzaile bat dute oinarri programa horiek guztiek. 

Foto Colectaniak Bartzelonako Born auzoan du egoitza, eta erreferentziazko zentro bihurtu da argazkilaritzan. Espainiako eta Portugalgo 80 egile baino gehiagoren 3.000 obratik gora ditu fundazioaren bildumak, bai eta Francisco Gómez argazkilariaren artxiboa eta hainbat bildumagile pribaturen funtsak ere. Erakusketetarako guneaz gain, argazkiak kontserbatzeko ganbera bat ere badute, argazki-bilduma gordetzeko, eta liburutegi bat eta ikus-entzunezkoen areto bat ere bai.

 

¿Te ha sido útil esta página?