Mistoen eraikinean ‘Azalerak’ talde-erakusketa dago ikusgai: bederatzi emakume artista nafarren ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko proposamenak biltzen ditu

Mistoen eraikinean ‘Azalerak’ talde-erakusketa dago ikusgai: bederatzi emakume artista nafarren ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko proposamenak biltzen ditu
Zinemako, ikus-entzunezko eta artearekin lotutako proposamenak biltzen ditu erakusketak, eta otsailaren 14ra arte bisitatzen ahalko da
Irudia
Irudia
Irudia

Ziudadelako Mistoen eraikinean egonen da ikusgai Azalerak erakusketa, otsailaren 14ra arte: bederatzi emakume sortzaile nafarren ikus-entzunezko, zinemako eta artearekin lotutako proposamenak biltzen ditu. Azalerak izenburuak ikus-entzunezko baliabideetara hurbiltzeko bideak barne hartzen ditu, eta, irudien materialtasuna abiapuntu hartuta, askotariko errealitateetara hurreratzea du helburu. Erakusketari esker, loturak ezartzen dira 2016 eta 2026 urteen artean sortutako lanen artean. Hauek dira sorkuntzen egileak: Arantza Santesteban, Ione Atenea, Katixa Goldarazena Azpirotz, Maddi Barber, Maite Redondo Gaztelu, Marina Lameiro, Mirari Etxabarri, Irati Gorostidi, June Crespo. Horrez gain, Bidez Bide Gizarte Sustapenerako Kultur Arteko Elkartearen lanak barne hartzen dira. 

Gaur goizean aurkeztu du erakusketa Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, eta bertan izan dira Ione Atenea, Maddi Barber, Maite Redondo Gaztelu eta Katixa Goldarazena Azpirotz artistak, erakusketan parte hartzen duten emakume sortzaileen talde osoaren izenean.

Proiekzioak
Ikus-entzunezko eta zinemarekin lotutako proiektuek osatzen dute batez ere erakusgunea. Lanetako batzuk ikusteko bete behar diren baldintzei jarraikiz, proiektatzeko bi gune ezarri dira. Izan ere, lanetako batzuek arreta handiagoa behar dute, eta patxadaz entzun eta ikusi behar dira. Batetik, gune ireki bat ezarri da: iraupen desberdineko ikus-entzunezko piezak biltzen dira bertan, eta etengabe proiektatzen dira, buklean. Bestetik, “zinema-areto” txiki bat eraiki da Mistoen eraikineko beheko solairuan: berariazko programazio bati jarraikiz, bost film proiektatzen dira bertan, eta goizeko eta arratsaldeko saioak barne hartzen dira.

Film hauek biltzen ditu gune irekiak: Maite Redondo Gazteluren Panel I (I. panela) La piel de Marte (Marteren azala); Arantza Santesteban-en Liluraren kontra; Marina Lameiro-ren Retratos (Erretratuak); June Crespo eta Maddi Barber-en Core baterako proposamena; Mirari Etxabarriren Cuerpos #1 Santa Águeda (Gorputzak #1 Santa Ageda); eta Katixa Goldarazena Azpirotzen Begira/Mirando. Bestalde, Ione Atenearen Cuidar (Zaintzea) instalazioa dago ikusgai zazpi kanaletan: Luces en sombra (Argiak itzaletan) filmaren zenbait zati eta material biltzen eta hedatzen ditu aretoan. 

Ikus-entzunezkoez gain, Katixa Goldarazena Azpirotzek beste bi pieza aurkezten ditu, pantailaz haratago erakusgunea zabaltzeko: paretan bertan grafitoz eta tintaz egindako hegaldi/vuelos eta ebakinez osatutako Vicente Escudero lana. 

Lanak bizikide dira erakusgune irekian, eta hartu-emanean daude; hala, agerian jartzen dira filmen arteko erresonantziak, hala formalki nola kontzeptualki. Askotariko hurbilketak barne hartzen dira, besteak beste, lurraldea, lana, zaintzak, eskultura, zinema-irudia, gorputzak eta gizon-emakumeen eta beste izaki bizidun batzuen arteko harremanak. Horien guztien bidez, behatzeko eta mundua irudikatzeko ohiko moduak zalantzan jartzeko borondatea partekatzen dute lanek. Azken finean, zinema esploratzea da helburua, ez bakarrik zerbait islatzeko tresna gisa, baita harremanak finkatzeko, arreta emateko eta egoteko eta bizitzeko beste modu batzuk ikusgai egiteko baliabide gisa ere.

“Zinema-aretoan”, berriz, batera egindako hiru film proiektatuko dira asteartetik larunbatera bitarteko arratsaldeetan, eta bi saio antolatuko dira guztira, lehenengoa 18:00etan eta bigarrena 19:15ean. Hauek dira hiru ekoizpenak: Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban-en Euritan film laburra; Marina Lameirok eta Maddi Barber-ek batera sortutako Paraíso (Paradisua); eta Mirari Etxabarri eta Irati Gorostidiren San Simón 62 filma. Era askotako lankidetzak egin dituzte erakusketan parte hartzen dutenek: lan bat batera sortzetik haratago, rolak eta erantzukizunak trukatzen dira proiektuetan, hala ekoiztea eta zuzendarikide izatea, nola argazki-zuzendaritza eta beste artisten filmak editatzea.  
Asteartetik igandera eta jaiegunetan, goizez, Arantza Santestebanen eta Maddi Barberen bi filma proiektatuko dira: 11:30ean, 918 Gau, eta, 12:30ean, Urpean Lurra. “Zinema-aretoko” programazioaren barruan, kezka partekatzen da memoriaren eta iragana orainean irauteko dituen moduen inguruan. Ahotsa, lekukotza, artxiboak eta filmazioak uztartzen dira kontakizun zatikatuak sortze aldera, eta muntaketa aztertzeko eta berriz irakurtzeko tresna gisa baliatzen da.

Horiek horrela, erakusketari esker, gutxitan ematen den aukera dago: Nafarroarekin lotutako ikus-entzunezko zinema-sorkuntza garaikidea bertatik bertara ikustea.
 

AZALERAK ERAKUSKETA
•    Mistoen eraikina. Azaroak 27–otsailak 14

•    Arantza Santesteban; Ione Atenea; Katixa Goldarazena Azpirotz; Maddi Barber; Maite Redondo Gaztelu; Marina Lameiro; Mirari Etxabarri; Irati Gorostidi eta June Crespo; Bidez Bide Gizarte Sustapenerako Kultur Arteko Elkartea

o    Honako hau da erakusketa bisitatzeko ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
 

¿Te ha sido útil esta página?