Gaur goizean, Udaletxe plazan, ekitaldi instituzional bat egin da A25 Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna dela eta. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kideek parte hartu dute ekitaldian, eta Ez ahaztuak ezta ikusezin bihurtuak ere izeneko adierazpena irakurri da: Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak onetsi eta, Nafarroako tokiko eta lurraldeko 40 entitatek sinatu dute.
Pilar Bobes Fernández MIRaN Emakumeen Foroko lehendakariak eta Marikarmen Zeberio Arruabarrena Sasoia elkarteko kideak irakurri dute Ez ahaztuak ezta ikusezin bihurtuak ere adierazpena, euskaraz eta gaztelaniaz. Honakoa aldarrikatu dute: indarkeriarik gabeko gizarte bat, non emakume guztiak bizi ahal diren askatasunez, autonomiaz, duintasunez eta eskubideen berme osoz, beren adina edozein izanda ere. Izan ere, aurten, azaroaren 25ean, adineko emakumeei erreparatuko zaie zehazki, atzematen eta esku hartzen zaila den indarkeria jasaten baitute, menpekotasun ekonomikoaren, zaintzen gainkargaren, arrakala digitalaren, indarkeriaren normalizazioaren eta kolektibo gisa ikusezinak izatearen ondorioz, besteak beste.
Adierazpenak jasotzen duenarekin bat, Genero-indarkeriaren Kontrako Gobernuko Ordezkaritzak egindako Genero-indarkeriaren biktima diren 65 urtetik gorako emakumeei buruzko txostenean honakoa islatzen da: bere bikoteren baten indarkeria fisikoa pairatu du 65 urtetik gorako emakumeen % 5ak bizitzako uneren batean, % 2,9ak sexu-indarkeria eta, % 8,8ak indarkeria ekonomikoa.
Udalaren konpromisoak emakumeen kontrako indarkeriaren aurka
Jarraian, Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkariak irakurri ditu adierazpen instituzionalak jasotako konpromisoak. Honako konpromiso hauek hartu ditu Iruñeko Udalak: adineko emakumeen aurkako indarkeria ikusaraztea, politika publikoen bidez aitortu, prebenitu eta artatu behar den errealitate espezifiko gisa eta adineko emakumeen esperientziak ikusezin bihurtu edo beren bizitzei buruzko erabakiak hartzeko duten gaitasuna zalantzan jartzen duten estereotipo adinkoi eta matxisten eta indarkeriaren normalizazioaren aurka borrokatzea.
Halaber, detekzioa eta prebentzioa hobetzearen aldeko apustua egiten du Udalak, gizarte-zerbitzuetako, osasuneko, poliziako, justiziako, berdintasuneko eta adineko emakumeei arreta ematen zaien beste esparru batzuetako profesionalen prestakuntza eta sentsibilizazioa indartuz eta, arreta eta babes baliabide eta zerbitzuetara sarbidea bermatzearen aldekoa ere, lurralde aniztasunari erreparatuz eta autonomia, mendekotasun, desgaitasun, gizarte-isolamendu eta arrakala digitaleko egoeretara egokituz, baita komunitate eta laguntza sareak indartzearen aldekoa ere, familiak, elkarteak, adinekoen zentroak, profesionalak eta herritarrak engaiatuz indarkeria matxisten detekzioan, sentsibilizazioan eta prebentzioan.
Era berean, adineko emakumeei entzuten eta ahotsa ematen jarraituko dute, haien esperientziak, beharrak eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatuz, zeharkakotasuna kontuan hartuz eta, saihestuz, biktima gisa soilik kokatuko dituzten erantzun paternalistak. Azkenik, Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du emakume guztiei, beren bizitzako etapa guztietan, indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea bermatuko dieten politika publiko feminista, integral eta koordinatuak bultzatzen jarraitzeko.