
Collectif Ninika taldearen Eguzkilore proiektua hautatu dute Karrikan Etorkizuna 2026-2028 deialdiaren barruan; horiek horrela, helburu hau du Karrikan plataformak: euskarazko kaleko arteetan hasi berri diren talde, artista eta konpainien sorkuntza artistikoa sustatzea. Dantza eta musika uztartzen ditu Eguzkilore proiektuak, eta sormenerako laguntzak izanen ditu 2027an; hori gutxi balitz, 2028ko Umore Azokan estreinatuko da, eta, gerora, Karrikan sareko jaialdi eta guneetan 10 datatik gora izanen ditu.
Eguzki-lorea espiritu txarren aurka babesteko ikurra da, eta protagonista da udarara igarotzeko errituala irudikatzen duen ikuskizun parte-hartzailean. Ikuskizunak, halaber, gorazarre egiten die talde-izaerari eta alaitasunari, eta zazpi artistak parte hartzen dute guztira, 5 dantzarik eta bi musikarik. Collectif Ninikaren sorkuntzak dantza garaikidea hartzen du abiapuntu, eta aniztasuna, lankidetza eta aurkikuntza ditu jomuga. Taldeari dagokionez, 2023an sortu zuten Baionan Jeanne Rousseau-k eta Iban Garat-ek. Hauek dira kolektiboaren interes nagusiak: diziplinartekotasuna eta dantza ahalik eta jende gehienarekin partekatzea.
Sorkuntzarako, prestakuntzarako, komunikaziorako eta erakusketetarako laguntzak barne hartzen ditu Karrikan Etorkizuna 2026-2028 deialdiak, 25.000 euro baino gehiagoan. Lehentasuna ematen zaie euskarazko edo testurik gabeko jatorrizko ikuskizunei, formatu txikian eta ertainean, eta zuzeneko ikuskizunen diziplina guztiak barne hartzen dira: besteak beste, antzerkia, dantza, zirkua eta diziplina anitzeko sorkuntzak. Aurreko edizioan, Zirriborro konpainia (Aitzol Iraola) hautatu zuten Karrikan Zubiak deialdiaren barruan. Talde hori bera hurrengo sorkuntzan ari da lanean: Desir du izena, eta 2027ko Umore Azokan estreinatuko da.
Eguzkilore proiektuak sorkuntzarako laguntza hauek jasoko ditu: doako bi prestakuntza-saio, hiru sorkuntza-egoitza (gastuetarako 2.000 euro barne), “kanpo-begirada” profesionala ordaintzeko 1.800 euroko diru-poltsa, eta beste 5.300 euro sorkuntzarako laguntza gisa. Era berean, erakusketetarako laguntzak jasoko ditu proiektuak: 2028ko ikuskizuna kontratatuko da, eta, 1.800 euroan (zergak eta gastuak barne) 10 emanaldi eginen dira Leioan, Hendaian, Bilbon, Gasteizen, Antsoainen, Iruñean, Zarautzen, Lezon, Errenterian eta Arrigorriagan. Halaber, komunikaziorako eta proiektuaren hedapena egiteko laguntzak barne hartzen ditu deialdiak.
Karrikan, kaleko arteetan hasi berri diren artisten sorkuntza eta hedapena sustatzeko plataforma, honako hauek osatzen dute: Kalealdia jaialdia (Bilbo), Kaldearte jaialdia (Gasteiz), Le Mai du Théâtre jaialdia (Hendaia), Leioako Umore-Azoka, Iruñeko Udala, Antsoaingo Udala, TOPADA Fabrika elkartea (Lapurdi) eta Karrikan Elkartea (egitasmoaren burua). Halaber, honako hauek plataformaren bazkide elkartuak dira: Arrigorriaga, Errenteria eta Lezo udalerriak, Kalerki jaialdia (Zarautz) eta Dantzagunea (Errenteria) eta Garaion-Sorgingunea (Otaza, Araba) egoitzak.