
Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin batera antolatu duen udazkeneko kultur programazioaren barruan, hiruhilekoko hirugarren jarduera eginen da asteartean: Leire Vargas idazle eta bertsolariak eta Jaime Nieto musikariak sortutako Bizi Sintetikoak euskarazko ikuskizuna. Ikuskizuna 19:30ean eginen da, Kondestablearen jauregian, eta sarrera librea izanen da, leku guztiak bete arte.
Errezitaldian sintetizadoreen, gitarren eta teklatuen soinuak uztartzen dira, aretoan publikoa emozioen paleta zabalaren barruan puntu batetik bestera eramaten duen giroa sortze aldera. Horren gainetik poesia agertuko da, idazlearen ahotsean, pertsonen egoera eta gatazken inguruan emozio-hitzak jarriz.
Leire Vargas (Durango, 2002) idazle, bertsolari eta idazleak Kutxa Irun Hiria literatur saria irabazi eta Dena ametsa den irudipena poesia-liburua argitaratu zuen 2021ean; 2024an, berriz, Bihotz-museo bat bigarren liburua argitaratu zuen. Aner Euzkitze, Oihana Arana eta Haizea Arana bertsolariekin batera aritu da hainbat ikuskizunetan, eta mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ mugimenduaren parte da.
Beste sortzailea Jaime Nieto (Ondarroa, 1976) musikari eta baxu elektrikoko irakaslea da: multiinstrumentista, baxuaz gain gitarra eta teklatuak ere jotzen ditu, eta sintetizadoreak ditu interesgune nagusi gaur egun. Hiru hamarkada daramatza eszenatokietan, eta, besteak beste, Rafa Ruedarekin eta We Are Standard eta Atom Rhumba taldeekin grabatu eta kontzertuak eman ditu. Azken urteotan, El Columpio Asesino Iruñeko taldean aritu da.
UDAZKENEKO KULTUR PROGRAMAZIOA EUSKARAZ, NAFAR ATENEOAREKIN LANKIDETZAN
• Bizi sintetikoak Kondestablearen jauregia
o 2025eko abenduaren 16an, 19:30ean
o Egileak: Leire Vargas eta Jaime Nieto
o Sarrera doan