Pintura eta dantza uztartuko dira Ziudadelako Labeko erakusketa berrian

Pintura eta dantza uztartuko dira Ziudadelako Labeko erakusketa berrian
Yago Vaillo artistak zentzumenekin eta koloreekin jolasten du urtarrilaren 30era arte bisitatzen ahalko den erakusketa honetan

Keinu bat zentzumenei, koloreetako dantza bat. Horrela definitu daiteke Ziudadelako Labeko erakusketa berria. ‘Chorégraphie ou l´art de décrire la dance’ (Koreografia edo dantza deskribatzeko artea) izenburupean, Yago Vaillo artistak bere obraren bidez uztartu nahi izan ditu dantza eta pintura, kontenplazioa eta ekintza, estatikotasuna eta performancea. Gaur Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta artistak berak aurkeztutako erakusketa urtarrilaren 30era arte bisitatzen ahalko da.

Erakusketak paperezko - mihise gaineko hiru pieza handi ditu, horietako bakoitza hamar metro luze eta bi metroko zabalerakoa, ballet-dantzari baten oinen laguntzarekin margotutakoak. Erakusketa obren making-ofaren bideo baten proiekzioak osatzen du, non artistak eta dantzariak sorkuntzei forma emateko batera egindako lana ikusten baita.

Mihisearen eta proiekzioaren uztarketa horrek erakusketa performancearen, zinemaren eta pinturaren nahasketa bihurtzen du, eta horiei esker ikusleak sormen-prozesua ulertu eta hartaz gozatuko du, ohikoa ez dena. Proiekzioan ere dantzaren mugimenduen zehaztasuna ikusten da, dantzariak gorputza guztiz kontrolatzen du eta, aldi berean, pintura bihurtzen da.

Artistak deskribatzen duen bezala, erakusketa osatu eta sortu da zentzumen eta koloreen sinfonia gisa ulertzeko. Kaosa eta ordena uztartzen ditu, espontaneotasuna eta zehaztasuna, araua eta inprobisazioa. Funtsean, erakusketak lotura esplizituak dituzten bi artelan aldi berean hautemateko esperientzia hurbildu nahi dio bisitariari, alde batetik, pintura begietsiz, eta bestetik, jatorrian dauden musikaz eta dantzaz gozatuz; horrek guztiak pieza bakarra sortuz. 

Arkitektoa eta artista sortzailea

Yago Vaillo iruindarra, diseinatzailea eta artista sortzailea izateaz gain, bazkide arkitektoa da Vaillo+Irigaray Architects enpresan. Arkitektura ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta bere prestakuntza artean eta argazkilaritzan zituen interesekin uztartu zuen. Hala, maila handiko artistekin, hala nola Antonio Lópezekin, trebatu da, Londreseko Tate Gallery bezalako zentroetan.

¿Te ha sido útil esta página?