Patxi Zubizarreta euskal idazlearen Julian Vinsonen hegaldia liburuaren aurkezpen musikatua egingo da asteartean, Kondestable Civivoxean

Patxi Zubizarreta euskal idazlearen Julian Vinsonen hegaldia liburuaren aurkezpen musikatua egingo da asteartean, Kondestable Civivoxean
19:30etik aurrera, idazleaz gain, Maddi Oihenart abeslariak eta Pello Ramirez musikariak parte hartuko dute.

Patxi Zubizarreta euskal idazleak bere azken liburua, Julien Vinsonen hegaldia, aurkeztuko du asteartean, Kondestable Civivoxean, Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin programatzen dituzten jardueren barruan. Aurkezpena musikatua eta euskaraz izango da, Maddi Oihenart abeslariarekin eta Pello Ramirez musikariarekin batera. Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da, aurretik gonbidapena hartuta.

Julen Vinson euskalari frantziarrak hegaldia egin zuen, globoz, 1875ean. Baionatik irten zen Saturno izeneko globoan, eta Zizurren erori zen, karlistak Iruña setiatzen ari zirenean. Gertakari hori ardatz hartuta, Patxi Zubizarretak poesia, narratiba eta historia folklorearekin eta linguistikarekin uztartzen dituen eleberri hau argitaratu du. Finean, Saturno aerostatoaren eta Julen Vinsonen abenturak –zorionekoak nahiz zoritxarrekoak– biltzen ditu eleberriak, simetria eta paralelismoetan sakontzen, gaiak eta garaiak josten. 

Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) Euskal Filologia ikasi zuen, eta ordutik Gasteizen bizi da. Eskarmentu handia du haur eta gazteendako literaturaren arloan (Eztia eta ozpina, Pantaleon badoa), eta helduendako hainbat lan arrakastatsu idatzi ditu (Jeans-ak hozkailuan, Mundua lo dagoen bitartean, Joan, 50, Laranja bat zaborretan...). Hainbat lan euskarara itzuli ditu, batez ere arabiar mundukoak (Nagib Mahfuz-en Mila eta bat gauen gauak eta Abdelá Taia-ren Salbazioko armada, besteak beste). Literatura beste diziplina artistiko batzuekin uztartzeko hainbat ikuskizun eta performance ere egin ditu .

Maddi Oihenart Zuberoako kantaeraren ordezkaririk gorenetakotzat jotzen da. Lurralde horrek jakin du Pirinioetako kantatzeko manera tradizionala bizi-bizirik mantentzen eta landa-abestia, desagertu beharrean, gorde eta errespetatzen da. Zuberoako folklore- eta abesti-tradizio oparoaren eragin zuzenari ahots paregabea eta gaiak hautatu eta interpretatzeko sentsibilitate aparta eransten dizkio Maddik. Pello Ramirez (Ordizia, 1966), akordeoi- eta biolontxelo-jotzailea, beste artista batzuekin elkarlanean aritu izan da: Benito Lertxundi, Dulce Pontes eta Olatz Sugasti, besteak beste. Bere lehen lana 2005ean argitaratu zuen Haize Oihalak izenburupean, eta oso harrera ona izan zuen kritika zein publikoaren artean. Lehen lan horren ostean bestelako proiektu batzuk garatu ditu, hala nola Eskuz Lurrari eta Itsasoaren Emazteak.

¿Te ha sido útil esta página?