Azken urteetan, balantzea egiteko unea heltzen denean, batez beste 190.000 lagun egon izan dira Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren ibilbideetan festetan. Programa ofizialaren proposamen hori eta su artifizialak izan ohi dira jaietan jende gehien biltzen dituztenak. Egunero, 09:30ean, 8 erraldoi, 5 buruhandi, 6 kiliki eta 6 zaldiko ateratzen dira Ezpeletaren jauregitik (Kale Nagusia 65) hiriko kaleetan barna ibiltzera, eta goizaren zati handi bat ematen dute Alde Zaharreko eta Zabalguneetako kaleetatik paseatzen. Konpartsak, horrenbeste mugimendurekin, egunero geldialdi bat egiten du irudiak eramaten dituztenek eta haiekin batera doazen musikariek atseden hartzeko.
Aurten, proposamen berritzaile gisa, Udalak erabaki zuen non eta noiz izanen zen atsedenaldi hori finkatzea. Horrela, 25 irudiak geldi ikusi nahi dituztenek aukera dute hurbiltzeko haien bila ibili beharrik gabe. Hala, geldialdia 11:00etatik 12:00etara izanen dela ezarri da, uztailaren 7an eta 14an salbu, egun horietan paseoaren ordutegia elizkizunen iraupenaren menpe baitago. Bihar, hitzordua Artzapezpikutzan izanen da ordu horretan bertan; eta ostegunean, Ezpeletaren jauregian, zehaztu gabeko ordu batean. Baina, gainera, tarte horretan zehar, Iruñeko Udalak hainbat animazio-emanaldi eskaintzen ditu, txotxongiloekin eta eskorga-zezenekin, Konpartsaren atsedenaldia bitartean haurrak entretenitzeko.
Haurrendako entzierroak eta txotxongiloak
Egunero, konpartsaren atsedenaldian, txikienentzako entzierro erdi-urtar bat egiten da: ia tamaina errealeko zezen batek burutik ura botatzen du eta beste eskorga-zezen batek haurrak korrika eramaten ditu, goizero nagusiek egiten duten lasterketa eta liturgia errepikatuz. Abestiak kantatzen eta egunkaria eskutan, neska-mutilek minik egiten ez duten zezen berezi horien adarrak saihesten saiatzen dira.
Eta korrika egin nahi ez dutenentzat edo ‘adardunen’ beldur direnentzat, txotxongiloak eskaintzen dira toki horretan bertan. Eskularruko txotxongiloak edo goma-aparrezkoak, edo sortzen dituenaren eskuek animatutako papiroflexia elementuak. Guztiek osatzen dute goizero ipuin aldatu eta egokituen sorta bat, baita artistaren gidoiek ere. Bertaratzeari buruzko datu zehatzik ez badago ere, atsedenaldi bakoitza familia ugari erakartzen dituen hitzordu bihurtzen da.
Oraindik estreinatu ez direnentzat bi geratzen dira. Bata bihar izanen da, uztailaren 13an, asteazkenarekin, 11:00etatik 12:00etara, Artzapezpikutzan, eta bestea, biharamunean, Ezpeletaren jauregian bertan, elizkizunen atsedenaldian.
Konpartsa: 2014az geroztik geolokalizatua
Konpartsaren kokapena jakiteko ahalegina aspaldiko kontua da. Segizioa denbora errealean geolokalizatzea errealitate bat da duela ia hamarkada batetik hona. 2014an, Iruñeko Udalak horretarako aukera ematen zuen aplikazio mugikor bat gaitu zuen. Eskaria ikusita, urte horretatik aurrera garapena egokituz joan da, Android eta iOS sistema eragileen azken bertsioetan behar bezala funtzionatzeko. Izan ere, 2014 eta 2019 artean (festak bertan behera utzi aurreko azken urtean) 41.043 aldiz deskargatu zen aplikazioa (10.675 iPhonerentzat eta 30.368 Androidentzat). Deskargen % 95,2k gaztelania markatzen zuen gailuaren hizkuntza gisa, eta, ondoren, ingelesa (% 2,1). Euskaraz, interesdunen % 0,5ek deskargatu zuen aplikazioa.
2022an, SenferminakIruñean izenburupean, aplikazioak ere festen programa osoa jasotzen du, egun eta ekitaldien arabera banatuta. Halaber, ekitaldien araberako bilaketa bat egin daiteke, edo une horretan zer jarduera egiten ari den kontsultatu, ‘Zer egin orain’ espazioaren bidez. Aplikazioak aukera ematen du Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan botoa emateko edo Iruñeko Udalak aurten abian jarri dituen kanpainetako bat ezagutzeko. Gainera, festa egunetan beharrezkoa den funtsezko informazio praktikoa eskaintzen du.