Padre Menni klinikako erabiltzaileek eta pertsonen zaintzan prestatzen ari diren ikasleek aperitibo bat eskaini diete Arrotxapeko udal-langileei

Padre Menni klinikako erabiltzaileek eta pertsonen zaintzan prestatzen ari diren ikasleek aperitibo bat eskaini diete Arrotxapeko udal-langileei
Gizarte Zerbitzuetako Aperitibo osasungarria, estigmak hautsiz ekimenak buru-nahasmenduetara aurreiritzirik gabe gerturatzea du xede
Encuentro Padre Menni


Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorra hasi da dagoeneko ikaskuntza-zerbitzuko kontzeptuari lotutako jarduerak abiatzen. Horietako bat da Padre Menni Klinika Psikiatrikoaren eskutik egin den aperitibo formatuko topaketa, non parte hartu baitute Arrotxapean lan egiten duten hogei bat udal-langilek (Gizarteratzeko Lantaldean, Haurrak Artatzeko Taldean, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuan eta Auzo Unitatean aritzen direnak). Buru-nahasmendua desestigmatizatzen laguntzea, horra topaketaren xedea.
 

Lanaren egileak “Mendekotasuna duten pertsonei erakundeetan arta soziolaborala emateko ikastaroa” delakoaren ikasleak eta Padre Menniko erabiltzaileak izan dira. Ikasle horiek urritik aritu dira higieneari eta elikadurari lotutako moduluaren edukiak prestatzen, hori baita gainditu beharreko bost moduluetako bat Gaitasun Profesionalaren Agiria lortzeko mendekotasuna edo/eta dibertsitate funtzionala/desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko esparruan. Ikastaroan ari diren 14 lagunek osatu dute, klinikako erabiltzaileekin elkarlanean, aperitiboa planifikatu, antolatu eta prestatzeaz arduratu den taldea.


Dieta orekatuaren alde egin dute, sasoiko produktu freskoez eta horiek modu osasungarrian prestatuta, aurrez kozinatutakoak saihestuta. Horrez gain, lantalde misto horrek jasangarritasunaren faktorea ere izan du kontuan; izan ere, erosketan eta jakien aurkezpenean plastikoak erabiltzea ekidin dute, eta sortutako hondakinak behar bezala bildu eta sailkatu dituzte.
 

Ikaskuntza-zerbitzua delakoa filosofia, metodologia eta antolaketa-modu bat da, bide ematen diena ikasleei curriculumeko edukiak ikasteko eta aldi berean gizarteari zerbitzu emateko eginkizunetan aritzeko. Kasu honetan, ikasleak estigmaz beteriko errealitate batera hurbiltzea lortu nahi zen, egiazta zezaten buru-nahasmenduaren inguruko mito asko funsgabeak direla eta jakin zezaten aurkitu daitekeela nolabaiteko sintonia pertsonei atxikitzeko, pertsonen ezaugarri mentalak edo emozionalak gorabehera.
 

Topaketaren menuan fruta-brotxetak, patata-tortillak, atun-enpanada, patakonak, arrautza barrubeteak, zerba irin-arrautzeztatua, urdaiazpikoa alioli saltsan, txistorra-hostopila, Puyko arrokak, tarta, txokolatezko bizkotxoa, kafea, esnea eta infusioak izan dira. Asmoa da honelako ekimen gehiago egitea Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrean.