Bihar, arratsaldeko seietan, “Liburutegiak bakearen alde” programako jarduera bat izanen da Sanduzelaiko liburutegi publikoan, hau da, “Petersen mapa, begirada bat munduari’ lantegia, 10 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa. Jarduera gaztelaniaz ere eskainiko da, gero, azaroaren 19an (astelehena), Mendillorriko liburutegi publikoan, eta San Pedrokoan amaituko du azaroaren amaieran, berriz ere euskaraz.
Petersen mapa “baliokidetzat” jotzen den proiekzio kartografiko bat da, hau da, Lurreko eremu ezberdinetako areen arteko proportzioa gordetzen du, eta, hartara, konpontzen du proiekziorik erabilienean (Mercator) dagoen joera hori –Poloetatik hurbilen dauden eremu geografikoen tamaina handitzekoa–. Petersen mapa 1855ean deskribatu zuten lehenengo aldiz, eta munduaren irudi eurozentrikotik ihes egiten saiatzen da.
Jarduera Lehen Hezkuntzako (4. mailatik aurrera) eta Bigarren Hezkuntzako (DBHko 1. eta 2. mailak) ikasleei zuzentzen zaie, eta honakoa izanen da: Mundu mapa proportzionatuago bat erakutsiko zaie, handia (10x6 metrokoa); horren gainean, haurrek ikasiko dute zeintzuk diren munduko gatazkak eta horiek eragiten dituzten arrazoiak, eta, horretaz gain, mugimendu migratzaileen irudi globalari buruz ikasiko dute. Saioan, bi hezitzailek ariketa bat proposatuko diete: mugarik ez duen mundu bat imajinatzea. Jarduera honen helburua da kulturartekotasunean heztea, jolasaren bidez, eta elkarbizitza, kooperazioa eta horien moduko balioak sustatzea. Lortu nahi da gazteek munduko herrialdeen errealitate ezberdinak ikusi ditzaten, eta haiengan kultur aniztasunerako interesa piztu. Horrela, kultur talde ezberdinen eta horien berezko ezaugarri identitarioen aldeko jarrera positiboak garatzea da helburua.
Hiru saioetan 10 eta 25 haur bitarte sartzen ahalko dira, eta jarduerak 120 minutu inguru iraunen du. Izena emateko, email bat bidali daiteke biblisjo@navarra.es helbidera, eta Sanduzelaikoan izena emateko, 948 125108 telefonora ere dei daiteke. Liburutegiak bakearen eta elkarbizitzaren alde ekimena Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren inguruan Liburutegi Zerbitzua egiten ari den ahaleginaren parte da. Proposamen honetan, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko programak oinarrizko tresnak dira “Bakea, justizia eta erakunde indartsuak” xede dituzten helburuak lortzeko.