Santa María la Real (Maristak) ikastetxe zaharrean, II. Zabalgunean, 190 etxebizitza izango dira, horien % 70 babestuak: egungo eraikinean, hura birgaituko baita, eta Galizia etorbidera begira eraikiko diren beste bi bolumenetan. Lurzatirako proiektu berriak barne hartzen ditu erabilera publikoko plaza irekia, gune soziokultural edo Civivox bat egiteko laga den tokia, merkataritza-gunea eta 300dik gora tokiko lurrazpiko aparkalekua, toki horien herena inguruko bizilagunendako bideraturik.
Santa María la Real ikastetxeko lurzatia bizitegi bihurtzeko 2015eko maiatzean onetsi zen prozeduran atzera egiteko eskaera egin dute Anaia Maristek, eta eskaera hori onartzeko erabaki-proposamenari buruzko informazioa Tokiko Gobernu Batzarri helarazi ondoren aurkeztu da antolamendu-proposamen berri hau. Aurreko proiektu horren osagairik bereizgarriena 70 metro garai joko zuen 20 solairuko beirazko dorrea zen, eta 314 etxebizitza eraikitzea aurreikusita zuen. Atzera egiteko proposamen horrek Osoko Bilkurak onetsi beharko du, ziur aski maiatzeko ohiko saioan.
Proiektu berria Anaia Maristek beraiek ere sustatu dute, lurzatiaren jabe diren aldetik, eta inguru horri irtenbide bat emateko Iruñeko Udalarekin urte eta erdi elkarlanean aritu ostean amaitu da. Erreferentziako osagai gisa, proposatutako antolamendu berri honetan Santa María la Real (Maristak) ikastetxeko eraikin zaharra birgaitzen da, eta bertako osagai babestu eta katalogatuak (kapera, dorreak, sarrera nagusia) mantentzen. Victor Eusa arkitektoak egina da eraikin monumental hau: oin-planta simetrikoa eta akademikoa du; azpimarratzeko modukoa da Zangoza eta Tafalla kaleen arteko sarrera nagusiari eman dion irtenbidea, hiriko erdigunerantz, bi hegalei azken ukitua jartzen dizkieten bi dorreak baino handiagoa den dorre zilindrikoaz. Hegaletan, zirkulu laurdeneko forma duen atala altxatzen da, jolastokiranzko fatxada aurkezten duena.
Proiektuan egitura zabaldu eta atikoa paratuko da, badauden dorreekin “elkarrizketan”. Proiektuan ere barne hartzen da eraikin barruko 2.821 metro koadroko gunea lagatzea, bertan zuzkidura soziokulturala edo agian Civivox bat egoteko. Eraikinaren bost altueratan –azken biak atzeraeman ez diren atiko tankerakoak– babes araubideko 134 etxebizitza sortuko dira. Orain ikastetxeko patioa den eremuan (Galizia etorbidearen parean) eraikiko diren bi bolumenei dagokienez, bost altuera eta atzeraemandako atikoen beste bi izango dituzte, hots, zazpi altuera eta guztira 56 etxebizitza libre. Guztira, kooperatiba-araubidean eraikitako 190 etxebizitza.
Proposatutako bolumetria merkataritza-erabilerarako 3.309 metroko beheko solairuaz osatutako da, eta espazio publiko irekiez, Galizia etorbiderantz. Zehazki, plaza ireki bat sortuko da, Aita Calatayud kaleari jarraipena eta lotura emango diona, eraikina zeharkatuko duen pasabide baten bidez. Horrez gain, sei solairuko lurrazpiko aparkalekua eraikiko da, merkataritza-zuzkidurarako solairu bat barne. Gainerako bost solairuetan aparkatzeko 320 eta 340 bitarte leku egongo dira, eta horietako ehun bat II. Zabalguneko gainerako bizilagunen esku jarriko dira.
Iruñeko Udal Planaren egiturazko aldaketa
Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Joxe Abaurrea Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariak, Alfonso Fernández Anaia Maristen administratzaile probintzialak, Peio Sologaistoa proposamenaren sustatzaile den Arrasate Taldeko kontseilari ordezkariak eta Miguel Ángel Alonso del Val proiektua idatzi duen AH Asociados-eko arkitektoak prentsaurrekoa eman dute proiektu berria aurkezteko, zeinaren karietara kontsulta-prozesu partizipatiboa egingo baita datozen asteotan, tramitazioa abiatu aurretik. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoaren azterketaren arabera proiektuak 54 milioi euro jotzen duela kalkulatu da.
Proiektu berria gauzatzeko beharrezkoa izango da Iruñeko Udalak Iruñeko Udal Planean egiturazko aldaketa egiteko proposamen bat eta Hiri Jarduketarako Plan Berezi bat onestea; izan ere, horien bidez ezarriko lirateke Santa María la Real (Maristak) ikastetxeko lurzatia bizitegi-erabilerarako egokitu eta eraldatzeko bide emango luketen hirigintza-baldintzak. Izapide hori onetsita zegoen 20 solairuko dorrea zuen aurreko proiektuan, eta horregatik jakinarazi zaio Tokiko Gobernu Batzarri izapide horretan atzera egitea onartzeko proposamena.
Aurkeztutako proposamenak lurzatia eraldatu nahi du, hura birgaitu eta erabilera berria emateko, eta funtsezko sei helburu ditu: eraikina birgaitu eta horren osagai bereizgarrienak erabilera publikorako berrerabiltzea, betiere haien izaera babestua mantenduta; zuzkidura bizitegi-erabilerara bideratzea, etxebizitza babestuari lehentasuna emanez; sustapena kooperatiba-araubidean gauzatzea; ikastetxearen solairu noblea eta bestelako gune bereziak (kapera, ekitaldi-aretoa) jendeak erabiltzeko gune soziokulturala edo Civivoxa jartzeko bideratzea; Aita Calatayud kaletik Galizia etorbidera irtengo den hiri-gune berria sortzea; eta aparkatzeko tokien erreserba bat sortzea, auzoko bizilagunendako. Arrasate Taldeak sustatu du jarduketa, bere EKOGI – GICOVI SL sozietatearen bidez, eta oinarrian Miguel Ángel Alonso del Val arkitektoak aurkeztutako proposamen teknikoa du, AH Asociados arkitektura-estudioak egina, Ángel Nagore legelariarekin elkarlanean.
Kontsultarako prozesu partizipatiboa
Prentsaurrekoan aurkeztu den proposamenaren berri izan dute, baita ere, Iruñeko Udaleko udal-taldeek, goizean bertan Tokiko Gobernu Batzarra baino lehen egin den bileran. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak ezartzen duenarekin bat, eta betiere Iruñeko Udal Planaren aldaketa hasiera batez onetsi aurretik, kontsultarako prozesu partizipatibo bat tramitatu behar da.
Prozesu partizipatiboa abian jarriko da Udalaren iragarki-taula ofizialean iragarkia argitaratzearekin batera, eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es) informaziorako eta kontsultarako gunea prestatu bezain laster. Hori horrela, proiektuaren gaineko iradokizunak biltzeko epea hasiko da, eta apirilaren 23an, asteartearekin, amaituko; iradokizunak infomaristas@grupoarrasate.com helbide elektronikora bidali ahalko dira. Datorren astean, apirilaren 15ean, astelehenarekin, aurrez aurreko informazio-saio partizipatiboa egingo da, herritarrei zabalik, xehe-mehe azaltzeko gune hori berrantolatzeko proposamena, sortzen diren kontsultei erantzuteko eta bertaratuek plazaratzen dituzten iradokizunak biltzeko.
Behin prozesua amaituta txosten bat egin beharko da, bertan azalduta garatutako partaidetza-prozesuan baloratu diren ondorioak, zeinak jendaurrean jarriko baitira, webgunean prestatutako toki batean. Ondorio horiek kontuan hartuko dira, eta unea iritsitakoan idatzi beharko den Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren parte izango dira.