Marabiyak Bizi Fest jaialdia eta bizikleten azterketa dira Mugikortasunaren Europako Astearen asteburu honetarako proposamenak

Marabiyak Bizi Fest jaialdia eta bizikleten azterketa dira Mugikortasunaren Europako Astearen asteburu honetarako proposamenak
Martxa ibiltari musikalak hiriko enklabeak zeharkatuko ditu larunbat arratsaldean, eta geldialdietan hiriko eta nazioarteko DJen emanaldiak entzun ahal izanen dira
cartel semana movilidad

 

Iruñeko Udala irailaren 16tik 22ra eginen den Mugikortasunaren Europako Astea prestatzen ari da, eta hala, asteburu honetan adin guztietako jendearendako bi jarduera eginen dira. Gazteluko plazan bizikletak prest jartzeko gunea egonen da, eta Antoniutti parkea izanen da Marabiyak Bizi Fest musika-jaialdi ibiltariaren abiapuntua. Festa horrek hiriaren erdialdeko hainbat puntu lotzen ditu bizikletaz. Informazio guztia https://www.pamplona.es/eu/mugikortasunastea.webgunean kontsultatzen ahal da. 

Larunbatean eta igandean, 11:00etatik 14:00etara, Gazteluko plazan, herritarrek haien bizikletak aztertu eta doitzen ahalko dituzte, prest eduki eta segurtasunez erabili ahal izateko. Bizikleten arloan espezializatutako Ciclos Martín familia-enpresak bideratuko du lantegia. Jarduera doan da.

Larunbat arratsaldean Marabiyak Bizi Fest jaialdiaren ordua iritsiko da; aurtengo programazioaren nobedadeetako bat den martxa 17:00etan abiatuko da Antoniutti parketik. Marabiyak Sound talde artistiko-musikalak antolatutako musika-jaialdi ibiltari horrek hirian zehar ibili ohi diren pertsonak ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu, hirian zehar 5 bat orduz ibiltzeko. Geldialdietan hiriko eta nazioarteko DJen emanaldiak entzuteko aukera egonen da, besteak beste Dom Whiting britainiarrarena –Ingalaterrako bizikleten aldeko mugimenduaren eta DJS mugimenduaren aitzindaria– eta Brava – Donostiako Dabadaba klubean maiz egin ohi ditu egonaldiak– artista donostiar gaztearena. Azken festa Trinitariosko pump trackean eginen da, bizikleta, gurpil-ohola edo skate gisako kirolak praktikatzeko zirkuitu ludikoan. 

Festa-giroko martxak soinu-sistema ibiltarien bidez erreproduzituko du musika, artisau-eran egindako bertako zein Bartzelonatik etorritako (Pocoroca Sound System) beste soinu-orga batzuek lagunduta. Basotxo kaletik abiatuta, Azpilagañako Manuel Turrillas plazara joanen da, handik Mendillorri eta Lezkairu artean dagoen Emakume Aitzindarien parkera joan eta Antoniuttira itzultzeko. Jaialdia Proiektuetako eta Mugikortasuneko Alorrak eta Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrek lankidetzan prestatu dute, eta Navarra Music Commission bulegoaren laguntza ere izan dute, horrek ekarri baitu Original Sistah musika-hautatzailea.
 

2024KO MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEA

  • Bizikleten doako azterketa eta doikuntza
    • Irailak 14 eta 15, larunbata eta igandea: 11:00 - 14:00. Gazteluko plaza

  • Marabiyak Bizi Fest. Musikaz lagundutako aisiazko ibilaldi kolektiboa bizikletaz hirian zehar

    • Irailak 14 (larunbata). 17:00 – 22:00. Antoniutti parketik abiatuta
    • Ibilbidea iruñakulturada.es/eu webgunean ikusten ahal da.

     

¿Te ha sido útil esta página?