Maiatzaren 10ean amaituko da epea 2020-2021eko ikasturterako guraso-elkarte eta guraso-elkarteen federazioei zuzendutako laguntza-deialdirako eskaerak aurkezteko

Maiatzaren 10ean amaituko da epea 2020-2021eko ikasturterako guraso-elkarte eta guraso-elkarteen federazioei zuzendutako laguntza-deialdirako eskaerak aurkezteko
Deialdiak iaz guraso-elkarteen 4 federazio eta 27 guraso-elkarte lagundu zituen, eta 80.000 euroz hornituta dago
colegio

 

Iruñeko Udalak beste behin 2020-2021eko ikasturterako norgehiagokako araubidean guraso-elkarte eta guraso-elkarteen federazioei zuzendutako laguntzak deitu ditu, aurreko urteetako ezaugarriak mantenduta. 80.000 euroz hornituta dago, eta eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 10ean amaituko da. Joan den ikasturtean Udalak babesa eman zien deialdi honen bidez 4 guraso-elkarteen federaziori eta 27 guraso-elkarteri.

Oinarriak apirilaren 9ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira, eta Udalaren webgunean kontsulta daitezke. Eskaerak aurkeztu beharko dira Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan argitara emandako “Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat” delako izapidearen bidez.

Deialdi honen xedea da gurasoen parte-hartzea sustatzea ikastetxeetako bizitzan eta funtzionamenduan, eta horretarako ikastetxeetako ikasleei eta gurasoei zuzendutako jarduerak antolatzea, jarduera horien bitartez lana eta familia bateragarri egiteko, gurasoen parte-hartze aktiboa ikastetxeetako dinamiketan sustatzeko, eta gurasoei seme-alaben eskola- eta hezkuntza-prozesuan dagokien zeregina ulertu eta bere gain hartzen laguntzeko.

Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleen guraso-elkarteei eta IGEen federazioei dirulaguntzak emateko prozedura arautuko da horrela, honako hauek egin ditzaten: ikastetxeko gurasoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak, ikastetxeko ikasleei zuzendutako eskola-ordutegitik kanpoko jarduerak, hezkuntza-erkidego osoari zuzendutako jolas-jarduerak eskola-ordutegian eta horretatik at. Guraso elkarteen edo federazioen kudeaketa- eta funtzionamendu-gastuak ere barne hartzen ditu, betiere oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Ikasle eta guraso guztiei zabalik dauden jarduerak

Diruz lagundutako jardueretan kasuan kasuko ikastetxeko ikasle guztiek, edo guraso guztiek –haiei zuzenduta badaude– hartzen ahalko dute parte, eta guraso-elkarteko kide ez izateagatik ez zaie parte-hartzea ukatuko. Halaber, edukiek ikastetxeko ikasleen eta familien prestakuntza integrala sustatzen lagundu beharko dute, hainbat balio azpimarratuta, hala nola indarkeria fisikoaren zein genero-indarkeriaren gaitzespena, belaunaldien arteko harremanak, eta ingurumenaren, kulturaren zein hiriko historiaren ezagutza. Jarduera horiek ikasleen artean harremanak egiteko topaguneak ahalbidetuko dituzte, eta adiskidetasuna eta bizikidetza sustatuko dituzte, ikasleen artean zein haien familiekin. Jarduera guztiek errespetatu beharko dituzte ikastetxeak ezarritako arauak, COVID-19ari aurre egiteko hartu diren neurrien inguruan.

Deialdiaren aurrekontuko 80.000 euroak lau kontzeptu hauetan banatzen dira: ikastetxeetako ikasleei zuzendutako eskola-ordutegitik kanpoko jardueretarako, 30.000 euro; gurasoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak egiteko, 25.000 euro; jolas-jardueretarako, 6.500 euro, eta Iruñeko guraso-elkarteen eta IGEen federazioen kudeaketa- eta funtzionamendu-gastuetarako, 18.500 euro. Entitate onuradun bakoitzari emanen zaion kopuruak ezin izanen du gainditu onartutako defizitaren % 90, hizlariei ordaintzeko eta gurasoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak egiteko ‘haurtzaindegiak’ antolatzeko gastuengatik; onartutako defizitaren % 85, guraso elkarteen kudeaketa- eta funtzionamendu-gastuengatik, eta onartutako defizitaren % 15, jolas-jardueren gastuengatik.

Dirulaguntzen xede diren gastuak

Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek eta guraso-elkarteen federazioek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, baldin eta beren egoitza nahiz zergetarako helbidea Iruñean badute, Legearekin bat eraturik badaude eta dagokien Erregistroan izena emanda badute.

Diruz laguntzen ahalko dira hiri-kanpaldietako monitoreak eta material suntsigarriak, “goiztiarrendako” zerbitzuak, familia eta lana bateragarri egitea xede duten beste jarduera batzuk, eta ikastetxeetako ikasleei zuzendutako eskola-ordutegitik kanpoko jarduerak; hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, lantegiak edo gurasoei zuzendutako bestelako prestakuntza-jarduerak egiteko hizlariei eta profesionalei ordaintzeak eragindako gastuak; festetan jolas-osagaiak (puzgarriak, etab.) alokatzeko gastuak eta antzerki-taldeak, pailazoak, musika eta abar kontratatzekoak, eta hezkuntza-erkidego osoari zuzendutako otamenak, meriendak edo ospakizunak prestatzeko gastuak.

¿Te ha sido útil esta página?