
Punto de Catástrofe kolektiboak Ziudadelan jarriko du ikusgai bere lehen arte-proiektua, ‘Limiferia’ izeneko erakusketa, Iruñeko aldiriei heltzeko zazpi era ezberdin, Nafarroako hiriburuak eta beste batzuek duten antzekotasunaz hausnartzeko gonbita ere badirenak. Erakusketa ehun bat argazkik eta ikus-entzunezko pieza batek osatzen dute, eta Ziudadelako Mistoen Eraikineko lehen solairuan bisitatzen ahalko da martxoaren 15a arte.
‘Limiferia’, erakusketari izena ematen dion akronimoa, iragate-lurraldetzat proposatzen da, non entropiak eta zoriak funtsezko eragina baitute. Italo Calvinoren liburuko hiri ikusezinetan bezala, begietarako agortezina den eremu horren inguruko kontakizun laburra sortzen dute Kolektiboko kideek, nork berea, eremua Iruñeko aldirietan egonik ere funtsean globala delarik. Hiri guztietako aldiriak berdinak ote dira? Edo agian gure begiradak al dira soberan homogeneoak direnak? Galdera Carlos Cánovasek egiten du erakusketaren katalogoaren hitzaurrean. Lana bi muturren artean mugitzen da etengabe, ‘Limiferia’ mugako eremu horren alderdi orokorrenetik zehatzenera, argazkien bidez bizileku dugun hiria hobeki ulertu nahi duen ariketa kritiko batean.
Hitzaurre berean aipatzen denez, “Limiferia, Iruñeko hiri-inguruko eremuei buruzko argazki lan bat baino gehiago da. Zalantzarik gabe, hiriaren muga beti aldakorren miaketa da, baina aldi berean, bada, baita ere, argazki-irudiari berari buruzko ariketa bat, inguruan duguna hobeto ulertzeko al ez balio digun moduaz hausnarketa egiten duena, inguruko hori fisiko hutsa (hiria) edo materiagabea (irudia) izanik. Azkenik, erakusketan parte hartzen duen argazkilari bakoitzarentzat, argazki-irudiarekin duen harreman bereziari buruzko azterketa introspektibo bat ere bada.”
Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta Punto de Catástrofe kolektiboko kideek goizean aurkeztu dute erakusketa, Mistoen Eraikinean bertan. Erakusketa ikusgai egonen da asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Astelehenetan Ziudadelako erakusketa-aretoak itxita egoten dira.
Hainbat errealitatetarako ikusizko erantzun kritikoa, argazki bidez
Honako hauek dira Punto de Catástrofe kolektiboaren kideak: María Azkarate, Kike Balenzategui, Marta Contin, MeryAn Rivers, Dani Sánchez, Jorge Tellechea eta Jaime Urtasun; guztiak Zizur Nagusiko Argazkigintza-lantegi Iraunkorreko ikasle ohiak dira. Taldea duela bi urte baino gehiago sortu zen hainbat proiekturi heltzeko borondatez, eta argazkilaritza du adierazpide. Horrela, elkarlana sortzen da, eta, lurraldea, gizakia eta ingurumena ikertuz, ikusizko erantzun kritikoa eskaintzen zaizkie errealitate garaikide ezberdinei.
Taldearen lan-metodologia honela gauzatzen da: gai bat hautatu eta hainbat ikuspegi eta diziplinatatik ikertzen da, argazkiak egiten dira, eta, ondoren, horien bateratze-lana eta kritika eraikitzailea, adostasunen bila, talde-proiektuen kontzeptu orokorra indartze aldera, betiere norberaren sormena zein proiektuari heltzeko era eta ikuspuntu ezberdinak ahuldu gabe. Kide bakoitzaren arte-ikuspegi ezberdinek aberastu egiten dituzte bai amankomuneko sormen-prozesua, bai azken emaitza eta artelana.