Batasunaren Pribilegioa eta duen garrantzi historikoa dira Iruñeko Udal Artxiboak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Zientzien Didaktikaren Arloak prestatu duten unitate didaktikoaren ardatza, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua. Karlos III.a Nobleak eman zuen Batasunaren Pribilegioa 1423an, eta hura izan zen Iruña moderno, bateratu eta baketsuaren abiapuntua, orduan bukatu baitziren burguen arteko mendeetako liskarrak.
Asteartetik aurrera, hiriko ikastetxe publiko eta itunduek ikasturte honetan edukiak landu ahal izateko materialak jasoko dituzte. Unitateak hiru ikaskuntza-egoera eskaintzen ditu Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklorako (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak) diseinatuak, eta, horietan, Batasunare Pribilegioaren gertaera historikoa lantzen da hainbat ikuspuntutatik: hiriaren sinboloak, dokumentuak zaintzea eta akordioak egiteko prozedura. Hiru proposamen didaktiko malgu dira, proposatutako hurrenkeran edo zein bere aldetik erabiltzeko, jarduerak truka baitaitezke edo baliabideak murriztu eta hedatu.
Unitatearen edukiak ildo nagusi bat du: pentsamendu historikoa eta neurri etikoa lantzea, bakerako hezkuntzaren paradigmaren barruan. Era berean, Iruñeko Udal Artxiboaren garrantzia nabarmendu nahi dute, hark bermatzen baitu gorde eginen direla denboraren joanean hiriaren bizitza nolakoa izan den ulertzeko aukera ematen duten dokumentuak. Azken finean, unitate didaktikoa sortu da irakasleek eta ikasleek Iruñeko historiaz goza dezaten, bai eta Udal Artxiboaren zereginaz ere, haren bitartez ikasi eta senti dezaten instituzio hori geure-geurea dela, hiri osoarena.
Ikasgelako lana eta bisitak Udal Artxibora eta Alde Zaharrera
Hiru ikaskuntza-egoerek egitura bera dute: ikastetxeko gelan hasi, bisita-lantegi bat Iruñeko Udal Artxiboan, landa-irteera bat Iruñeko hirigune historikora eta hausnarketa- eta sormen-ariketa bat gelara itzultzean. Pribilegioaren Batasuneko jatorrizko pergaminoaren kontserbazio-egoera ahula dela eta, udaletxeko ezkaratzera bisita egitea gomendatzen da, bertan ikusgai baitago agiriaren faksimile bat.
Gelan, aurrez dituzten ezagutzak aktibatu, galderak egin eta beren ikerketak planifikatuko dituzte. Udal Artxiboan agiriak kontserbatzeko tokia ezagutuko dute eta lehen mailako iturriak erabilita ikertzeko aukera izanen dute. Alde Zaharrean barna eginen duten irteeran, jasotako informazioari eta egindako ikerketari zentzua emateko aukera izanen dute, gure hirian, XXI. mendean, bizirik dirauten Batasunaren Pribilegioaren aztarnak aztertuta. Azkenik, ikasgelara itzultzean, gatazkak konpontzea, akordioak eta elkarrizketa lantzen laguntzen duten sormen-lanak eginen dituzte, neurri etikoa eta bakerako hezkuntza ardatz hartuta.
Hiru egoeretarako irakaslearen liburu bat eta ikasleendako koaderno batzuk prestatu dira. Irakaslearen liburuak honako hauek biltzen ditu: proposamenaren esparru didaktikoa, azalpen historiko bat, saio guztien programazio orokorra eta zehatza, ikasleendako lanen lan-orriak eta ebaluazio-tresnak. Ikasleendako materiala egin beharreko lanez osatutako lan-orriak dira.