Lau zahar-etxek bat egin dute Mugikortasun Astearekin erabiltzaileendako bizikleta-ibilaldiak baliatuz 

Lau zahar-etxek bat egin dute Mugikortasun Astearekin erabiltzaileendako bizikleta-ibilaldiak baliatuz 
Iruñeko Udalak ibilaldien zerbitzu bat antolatu du zenbait elkarte eta boluntariorekin elkarlanean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Mugikortasun murriztua edukitzea eta adin handikoa izatea ez dira eragozpen izanen aste honetan Iruñean bizikleta-ibilaldiez gozatzeko. Iruñeko Udalak, zenbait elkarte eta boluntarioren laguntzarekin, zahar-etxeetako erabiltzaileendako ibilaldiak antolatu ditu, eta modu horretan Mugikortasunaren Astean parte hartzeko aukera eman die. Asteartera bitarte, lau zahar-etxetako dozenaka egoiliarrek hiria beste ikuspegi batetik ikusi ahal izanen dute eta baita Iruñeko kaleetan eta pasealekuetan bizikletaz ibiltzeak ematen dituen abantailez gozatu ere.

Ekimen hau Bizikume-Mujeres en Bici elkarteari, AMTS – Garraiobide Osasungarrien Elkarteari eta Plaza de la Cruz institutuko bi irakasleri esker gauzatu da, neska-mutikoei prestakuntza eman baitiete boluntario gisa aritzeko. Adinekoendako jarduera honen bultzatzaile den ‘Biciclistas de Corella’ arduratu da proposamen honekin bat egin duten hamar bat boluntariori zaintza- eta arreta-neurriei buruzko oinarrizko ezagutzak emateaz. Elkarte horretako kideek prestakuntza teorikoa eta praktikoa eman diete, eta boluntarioak “yayakletak” –bidaiari gisa bi adineko eramateko egokitutako bizikletak- baliatuz praktikak egiten ibili dira aste osoan zehar.

Atzo ekin zitzaien ostiralera arte eginen diren ibilaldiei, eta Amavir Argaray, Erruki Etxea, Amavir Oblatas eta El Vergel zahar-etxeetako egoiliarrek parte hartuko dute horietan. Gaur, goizez zein arratsaldez, Amavir Oblataseko egoiliarrentzat eginen dira ibilaldiak, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 18:30era. Ostegunean “yayakletek” Erruki Etxeko egoiliarrak paseatuko dituzte, arratsaldez, 17:00etatik 19:30era. Eta ostiralean El Vergel zahar-etxearen txanda izanen da; 10:00etatik 13:00etara paseatzen ahalko dira bertako egoiliarrak. 

Ibilaldi terapeutikoak
“Yayakletek” zahar-etxeetako adinekoekin ibilaldi terapeutikoak egiteko aukera ematen dute; horrela, galdua duten mugitzeko gaitasunaren zati bat itzultzen zaie eta hiriaren egunerokoan gizarteratzea ahalbidetzen zaie. Bizikleta adin guztientzat izenez (ingelesez Ciclyng Without Age) ezagutzen den ekimena, Danimarkan sortu zen, 2012. urtean, eta egun nazioartera hedatutako mugimendua da.  Une honetan 50 herrialde baino gehiagotan dago abian. Nafarroako Corella herria aitzindari izan da Espainian, Bartzelona, Donostia eta Zaragozarekin batera. 2018az geroztik antolatzen ditu irteerak bere trizikloekin Alhamako Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin elkarlanean.

Boluntarioak eta “yayakleta” izeneko trizikloak baliatuz, maiz egin ohi dituzte adinekoendako, mugikortasun murriztuko pertsonendako edo desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten pertsonendako ibilaldiak.
 

¿Te ha sido útil esta página?