Larunbatean, Mendillorriko Civivoxean, Arena en los bolsillos konpainiak Max Txikia aurkeztuko du saio bikoitzean, 1 – 3 urte bitarteko haurrendako antzerkia, euskaraz

Larunbatean, Mendillorriko Civivoxean, Arena en los bolsillos konpainiak Max Txikia aurkeztuko du saio bikoitzean, 1 – 3 urte bitarteko haurrendako antzerkia, euskaraz
Saioak 11:00etan eta 12:30ean izango dira, eta sarrerak 3 euroan salduko dira, www.pamplonaescultura.es -n eta Civivoxean bertan

Larunbatean, Mendillorriko Civivoxean Max Txikia izango da, Arena en los bolsillos konpainia granadarraren antzezlana, saio bikoitzean, euskaraz. Emanaldia 1 – 3 urte bitarteko haurtxoei zuzenduta dago, Civivox sareko otsaila – maiatza lauhilekoko programazioaren barruan. Sarrerak 3 euroan eskura daitezke, www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es udal-webguneetan eta Mendillorriko Civivoxean bertan.

Max bakarrik bizi den emakumea da, mundutik zokoratua, zoriontasuna gainerakoen begirada kritikotik urrun bilatu nahian; horra antzezlanak kontatzen duen istorioa. Max ezberdina baita, hegats-oin batekin jaio baitzen. Bere mundua eraiki zuen, erdiz erdi erreala eta asmatua, eta mundu hura bihurtu zuen babesleku... Inoiz Max bezalako norbaitekin topo egiten baduzue, dela gizonezkoa, dela emakumezkoa, egiozue irribarre eta begiratu bihotzari; nork daki zer-nolako erronkei ez ote zaien aurre egiten ari. Behin, nahi gabe –ala nahita beharbada–, bere berokiaz irudizko adiskide bat sortu zuen. Bat-batean norbait sartu da Maxen unibertsoan, epaituz begira dagoen norbait eta, aldi berean, bakardadea hausteko beste aukera bat ere bai... Harreman horretan hirugarren pertsonaia bat, txatarraz egindako zati bat eta hego gisa benetako luma bat duen txoria, izango da bi lagun horiek –errealitatea eta fikzioa– lotuko dituen zubia; eta horrela Maxek bere tara eta, hortaz, gainontzeko jende guztia ere onartuko ditu. Arte Eszenikoen XX. Max sarietan (2016 – 2017) haur eta familiendako ikuskizun onenari ematen zaion saria jasotzeko izangai izan zen.

Arena en los bolsillos Granadan sortu zen 2008an, txotxongiloen eta jaioberri zein haur txikiendako objektuen antzerki-konpainia profesional gisa, Iker Pérezen eta Elisa Vargasen eskutik. Lan-ildo irmo batez sortu zen hasieratik, eta hauxe zen: artearekiko zein haur txikiekiko konpromisoa zuen eszena-sormen profesionala. Izan ere, sentitu egiten zuten jaioberriendako sormen-prozesuekiko jakin-min handia: nolakoa izango litzateke hain publiko bereziarentzat –zeharo inuzentea eta antzerkiaz harritu zein hunkitzeko erraza–  lan egitea? Horixe zerabilten buruan. Harrezkero, lan guztiek adin horietarako sormena, bizipenak eta azterlana izan dituzte ardatz. Espainian eta nazioartean saritua, konpromiso sakona dauka artearekin eta haurrekin; horregatik dago bere proiektua finkatuenetakoen artean holako publiko bereziarentzat egungo antzerki munduan. Istorio samur-samurrei esker nahiz ikuskizunen eszenaratze zaindu-zainduari esker, esperientzia paregabea da talde honen saio bat ikustea.
Maiatzaren 4an, larunbatarekin, 1 – 3 urte bitartekoendako antzerki-saioek segida izango dute Teloncillo Teatro konpainiaren La granja antzezlanaz. Saio bikoitza izango da, 11:00etan eta 12:30ean, Mendillorriko Civivoxean ere, 3 euroan.  Maruja baserritarra oilarrak abestean altxatzen da; makarrak kendu eta bere burua katu batek bezala garbitzen du. Guztia bere baserrian gertatzen da, egun arrunt batean, animalia guztiak esnatu, lau txerritxoei biberoia eman edo Otso Anderearen auzokidea sendatzen duenean. La granja antzezlanari Haur Txikiendako ikuskizunik onenaren FETEN 2018 Saria eman zioten.