Larunbatean hamargarren Half Triatloia eginen da Iruñean: 23 herrialdetako 1.400 kirolarik parte hartuko dute

Larunbatean hamargarren Half Triatloia eginen da Iruñean: 23 herrialdetako 1.400 kirolarik parte hartuko dute
Txapelketa Europako Distantzia Ertaineko Triatloi, Aquabike eta Aquatloi Txapelketen parte da
Irudia
Irudia
Irudia

half triatlon

23 herrialdetako 1.400 kirolarik hamargarren Half Triatloiean parte hartuko dute Iruñeko kaleetan barna. Larunbatean izanen da, eta hiru modalitate uztartzen ditu: igeriketa, bizikleta eta lasterketa. Gainera, txapelketa Europako Distantzia Ertaineko Triatloi, Aquabike eta Aquatloi Txapelketen parte da. Probetako bat, Europako Aquatloi Txapelketa, atzo egin zen (osteguna), Leraten: 350 kirolarik baino gehiagok parte hartu zuten, eta igeriketa eta lasterketa uztartu zituzten.

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak xehe-xehe azaldu ditu Half Triatloiaren nondik norakoak: larunbat honetan eginen da, eta Europako Distantzia Ertaineko Triatloi Txapelketaren eta Europako Aquabike Txapelketaren parte da. Halaber, honako hauek parte hartu dute aurkezpenean: Jorge Aguirre Oviedo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko gerenteak, Marc D'hoodge Europe Triathlon erakundeko presidenteak eta Gorka Blasco Gamarra Espainiako Triatloi Federazioko ordezkariak.

Half triatloia eta Europako Aquabike Txapelketa Leraten hasiko dira; izan ere, igeriketa-proba Allozko urtegian eginen da, eta parte-hartzaileek 1,9 kilometro egin beharko dituzte igerian. Bizikletan 85 kilometro ibiliko dira, Leratetik Iruñera. Gainera, Nafarroako udalerri hauetan barrena ibiliko dira: Lorka, Villatuerta, Oteitza, Larraga, Mendigorria, Gares, Artazu, Girgillao, Argiñaritz, Beraskoain, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza, Etxauri, Ibero, Ororbia eta Aratzuri. Beste hauek ere aurkezpenean izan dira: Iñaki Arenal hautatzaile nazionala, eta Europako Distantzia Ertaineko Txapelketan parte hartuko duten emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioetako kirolariak.

21 kilometro Iruñeko kale eta parkeetan barna
Bizikletan Antoniutti parkeraino iritsi ondoren, bizikleta utzi eta 21 kilometro eginen dituzte korrika, Iruñeko kaleetan barna. Proban eliteko kirolariek hartuko dute parte, adin-taldetan banatuta; proba herrikoia da, eta milaka kirolarik parte hartuko dute, Iruñeak 2015etik sutsuki bizi baitu triatloi-proba hori.

Ibilbide bera hiru aldiz egin beharko dute parte-hartzaileek: San Domingo aldapa igoko dute, eta Udaletxe plaza, Estafeta kalea, Gazteluko plaza eta Labriteko aldapa igaroko dituzte Barbazán Apezkipuaren ingurabidera iritsi arte. Hortik Arantzadiko ingurunera jaitsiko dira, eta Argaren pasealekutik San Domingo aldapara bueltatuko dira. Helmuga Gazteluko plaza izanen da. 

Aurreikuspenen arabera, lehen postuetan doazen kirolariak 16:00etan iritsiko dira Iruñera, triatloia 13:30ean hasiko baita Allozko urtegian. Lehen postuetako kirolariak gutxi gorabehera 17:15ean iritsiko dira helmugara. Proba 20:40an bukatuko da. 

Eliteko kategoriako kirolarien sari-banaketa 18:15 inguruan eginen da, Gazteluko plazan.

Aurten errekorra gainditu du txapelketak: diziplina guztiak kontuan hartuta 1.400 lagunek parte hartuko dute; hori dela eta, Iruña Europako triatloiaren erdigune bihurtuko da, eta Europa mailan parte-hartzaile gehien dituzten hirien artean egonen da. Mundu osoko kirolariek parte hartuko dute: Austria, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Txekia, Danimarka, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Eslovenia, Serbia, Eslovakia, Suedia eta Ukraina. Bestalde, 400 bat boluntariok laguntza emanen dute hornidura-guneetan, modalitatez aldatzerakoan eta ibilbidean barna. 

Ordutegiei, ibilbideari eta beste jarduera batzuei buruzko argibide guztiak  2025eko Iruñeko Half triatloiaren webgunean daude eskuragarri.

¿Te ha sido útil esta página?