Laguntzako Andre Maria kaleko igarobide jasangarriak lehentasuna eta segurtasuna ekarriko dizkie oinezko eta ziklistei, hiri-paisaia berdeagoa, erosoagoa eta osasungarria sortuz

Laguntzako Andre Maria kaleko igarobide jasangarriak lehentasuna eta segurtasuna ekarriko dizkie oinezko eta ziklistei, hiri-paisaia berdeagoa, erosoagoa eta osasungarria sortuz
Alkateak auzotarrekin egindako topaketaren ostean, proiektuan diseinu berriak txertatuko dira Subiza kalerako eta Arguedas eta Oibar kaleak Eunate BHIrekin lotzen diren gunerako
Irudia
Irudia
Irudia
calle maría auxiliadora con calle san cristóbal

Txantreako igarobide jasangarriak hiri-paisaia berria sortuko du, berdeagoa, erosoagoa eta osasungarriagoa, eta horrez gain, lehentasuna eta segurtasun handiagoa ekarriko dizkie oinezko eta ziklistei, ordura arte ibilgailuek hartutako tokiak berreskuratuta. Hori guztia dago jasota Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak gaur aurkeztu duen berrurbanizazio-proiektuan. Proposamenak igarobide jasangarri bat aurreikusten du, non oinezko zein ziklisten mugikortasuna eta azpiegitura berdeak nagusi izanen baitira. Hori lortzeko, planteatutako jarduketak barne hartzen ditu, batetik, bereizitako bidegorri bat, noranzko bikoa eta gorriz margotua (hirian dagoen halako lehena izanen litzateke), eta bestetik, oinezkoendako guneen zabalpena, berdeguneak, topaguneak eta egonlekuak txertaturik, bide publikoan erabilera komunitario eta osasungarriak bultzatze aldera.

Proiektuaren barruan sartzen dira, baita ere, Subiza kaleko garapena –hezkuntza-izaera nabarmenekoa– eta Eunate BHIarekiko lotunea Arguedas eta Oibar kaleetan barna. Izan ere, kale horiek aztertu eta proiektuan txertatu dira Enrique Maya Iruñeko alkateak joan den irailean Txantreako auzotarrekin egindako topaketaren ondorioz. Igarobidearen proposamena 2018ko abenduan sortu zen, Txantrean Polikik antolatutako lansaio batean.
Igarobideak auzoa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen ardatza hartzen du barne, Laguntzako Andre Maria, Oibar eta Arguedas kaleetan barna, eta Subiza kaleko luzapenean ere, Laguntzako Andre Mariarekin perpendikularrean –hor daude Izartegi Haur Eskola eta Gazolatz plazarekiko lotura–. Arantzadiko parketik (mendebaldetik) Eunate BHIraino doa (ekialdera), ia kilometro bateko ibilbidea eginez. Oinezko eta ziklistendako bide eroso eta seguruaren jarraipena, auzo barruko zentraltasuna eta ekipamendu publikoen zein gune komunitarioen presentzia handia; horra ibilbidearen ezaugarri nagusiak. Hor daude, adibidez, Txantrea KKE, Armonía Txantreana peña, Salestarren eraikina, Bernart Etxepare IP eta Txantreako Osasun Zentroa.

Zuhaitz eta landarez osatutako guneak, orain daudenak halako 5

Udal-jarduketa honen bidez zuhaitz eta landarez osatutako guneak 5ez biderkatuko dira, 17tik 88ra igaroko direlarik. Autoei utzitako tokia % 55etik % 35era murriztuko da, eta oinezkoendako guneak, % 45etik % 55era haziko. Aparkatzeko tokiak 217tatik 103tara pasako dira, eta zuhaitzak eta hiri-altzariak areagotuko, 20 aletatik 30etara eta 3 osagaitatik 19tara, hurrenez hurren. Horrez gain, 10 egonleku, 5 jolasgune eta bidegorri bereiziko 324 metro sortuko dira.

Gaur aurkeztu den proiektuak berrurbanizazio “arin” edo “taktikoaren” alde egiten du, eta horrela, ez da zertan urbanizatze-lan handiak egin, baizik eta eremua garraiobideen arabera berrantolatu, pinturaz, seinaleztapenaz eta altzariez. Hiriko gune horien berregituraketan malgutasuna eta arintasuna izanen dira nagusi, eraldaketaren bizkortasuna oinarri, betiere aintzat harturik jarduketaren itzulgarritasuna, eta neurriko kosteaz. Lanak urte amaieran lizitatu eta udaberrian hasiko dira, eta horietarako aurrekontua 300.000 eurokoa da (BEZ barne). Jarduketa-eremuak 7.252 m2 jotzen du guztira.

5 eremutan egituratutako igarobide jasangarria

Igarobide jasangarriaren egitura 5 eraldatze-sistemaz osaturik dago. Bada “kirol sistema” delakoa, Txantrea KKE bertan dagoelako, Aita Adoain eta Itza Zendearen kaleen artean. Aita Adoainetik Imarkoainera doan tarte horretan –errei bana dago zirkulazio-noranzko bakoitzean, eta aparkatzeko tokiak albo bietan– iparraldeko aldean dauden aparkatokiak kentzea proposatzen da, horrek bidea emanen duelako noranzko biko bidegorri bereizia egiteko. Imarkoaindik Itzako Zendearako tartean –zirkulazio noranzko bakarra eta aparkatokien lerro bat dago orain–, autoak kanpo uztea erabaki da, eta horrela handiagoak izanen dira oinezkoendako guneak, non bizikletak ere ibili ahalko dira, elkarbizitzan.

“Komunitate-sistema” Itzako Zendearen kaletik Noain kaleraino doa, eta bertan daude Irubide Erretiratuen Elkarte Kluba, Armonía Txantreana peña eta Auzo Unitate berria; eremu horretarako jarduketak egiturazkoak izanen dira, Félix plazaren irisgarritasuna hobetzera zein galtzadari tokia irabaztera bideratutakoak. “Aisia eta hezkuntzako sistema” Noain kaletik San Kristobal kalera doa, Subiza barne, eta bertan daude Bernat Etxepare ikastetxea, Izartegi eta Txantreako plaza; aisialdirako gune atseginak eta egonlekuak jartzea proposatzen da. “Lotura-sistema” delakoak San Kristobal kaleko bidegurutzeari dagokio, Laguntzako Andre Maria eta Oibar kaleen artekoari. Bidegurutzearen irisgarritasuna eta segurtasuna lantzen dira bertan, halako moduan non ziklistendako zein oinezkoendako jarraipena bermatuko baita.

Hiriko lehen bidegorri gorria

Jarduketaren parte gehienetan, berrurbanizatze lanen helburua zera izanen da: galtzadaren parte bat okupatzea, bertan bereizitako bidegorri bat, noranzko bikoa, egiteko. Proiektuan aurreikusi da bidegorria gorriz margotzea, eta horrela, hirian ezaugarri hori duen lehena izanen litzateke. Oinezkoen eta ziklisten elkarbizitza-guneetan, autoetarako tokiak kenduko dira, hala nola Imarkoain eta Iruñerria zein Noain eta Subiza kaleen arteko guneetan. Gune horietan, alegia, oinezkoak eta bizikletak elkarbizitzan ari direnetan, berariazko seinaleztapena paratuko da.

Laguntzako Andre Maria kaletik Eunate BHIraino doan bizikleta-ardatzari jarraipena emateko xedez, ziklo-kale bihurtuko dira Oibar eta Arguedas kaleak (Eunate BHItik San Kristobalera eta San Kristobaletik Eunate BHIra, hurrenez hurren), eta bizikletek autoekin batera zirkulatuko dute. Ardatzen hasieran eta amaieran bizikletak aparkatzeko euskarriak paratuko dira, igarobidean barna bizikletaren erabilera bultzatzeko.

Auzo-elkarbizitzarako guneak sortzea, espaloiak zabalduz eta galtzada okupatuz

Oinezkoendako guneak handituko dira: espaloiak zabalduko dira eta galtzada okupatuko, horrela konpentsatzeko orain arte inguru horretan oinezkoendako utzi den bide publiko urria. Hori horrela, zirkulazioa berrantolatzea proposatzen da, eta orain arte ibilgailu pribaturako izan diren zenbait gune kentzea. Eredu berri honek bidea emanen du egonleku erosoak eta jolasgune berriak sortzeko. Imarkoain eta Iruñerria kaleen arteko eremua –Félix plaza zeharkatzen duena– berrantolatuko da, auzo-kale bihurturik, oinezkoei lehentasuna emanez. Ibilgailuei dagokienez, soilik sartzen ahalko dira garajeetara doazen auzotarrenak. Eredu hori bera erabiliko da Noain eta Subiza kaleen arteko eremuan. Subiza kalearen kasuan, galtzadari oinezkoendako toki handi samarra hartzea proposatzen da, aparkatzeko lerroak kenduta eta zirkulatzeko noranzko bakarra utzita.

Egonleku berri horiek sortzeko pintura erabiliko da, eta hiri-altzariak paratuko. Proiektuak, Leku Estudiok egina, kontzeptu berri bat txertatzen du: eko-zelulak. Horien bidez galtzadari hartu eta oinezkoendako gune bihurtutako eremuak antolatzen dira, eremu horiek jendearendako erakargarri eginez, erabilera zibiko osagungarri berriez, bertan geratzeko gonbit eginez. Horietan erabiltzen dira, besteak beste, kolore-kodeak, urdina erabiliz bidegorriari zerbitzu ematen dioten eremuetarako (bizikleta-aparkalekuak), eta laranja, jolas- edo aisialdi-eremuetarako.

Hidro-jardinerak, hidro-parterreak, eko-zeharrormak eta hiri-altzariak

Elementu berriak jarriko dira, hala nola hidro-jardinerak, hidro-parterreak eta eko-zeharrormak. Aurreikuspena da 40 jardinera jartzea, luzeran 96 cm joko dutenak eta lur kopuru handia izanen dutenak, zuhaitz txikiak eta ertainak landatzeko modukoak. Hidro-parterreak 48 cm-koak izanen dira, eta ez direnez hain sakonak, ingurumen-kalitateari ekarpena egin eta tokiko baldintzei moldatzen diren zuhaixkak eta zuhaixka-landare sendoak jartzeko balioko dute. 

Osagai horien guztien akabera margoz eginen da, kolore beroez, eta ez dute ureztapen automatikorik edukiko, baizik eta ur-gordailuak, edo ezer ez, espezieak oso iraunkorrak badira. Berdeguneek 10 zuhaitz berri eta 124 landare-zuhaixka izanen dituzte. Landare-osagai horiek sartuta, hiri-paisaiaren paleta kromatikoa aberastu nahi da, eta gune bereziak sortu nahi dira osagai bizidun eta aldakorrak jarrita.

60 zeharrorma jarriko dira (16 x 26 cm), eta horiekin sortuko dira atseden hartzeko gune informalak, harmailak eta jolasguneak, edo guneak zedarrituko dira. Pinu-zurezko zeharrormak izanen dira, zahartu ez daitezen eta grafitien aurka tratatuak.

Hori guztia osatzeko, hiri-altzariak paratuko dira –orain arte apenas zegoelako halakorik–: 16 aulki, 3 eserleku, 3 jolas-mahai, ping-pongeko 2 mahai, hormigoizko 6 bolardo apaingarri, bizikleta-gurpilak puzteko ponpa, 3 zakarrontzi, bizikletak aparkatzeko euskarriak eta bideak seinaleztatzeko 125 banatzaile eta baliza.

Eremu berriak eta erabat irisgarriak

Hirigintza-garapen berria irisgarritasunari buruz indarrean den araudiaren arabera eginen da. Esate baterako, galtzadari kendu eta oinezkoei emanen zaizkien eremuetan seinaleztapen podotaktila jartzea aurreikusi da (zimurtasun ezberdineko zoladurak, ikusmen-arazoak dituztenei ohartarazteko gune arriskutsu batera hurbiltzen ari direla), eta Félix plazan zertxobait hobetuko da irisgarritasuna. Horrez gain, ibiak sortuko dira San Kristobal kaleko oinezkoen pasabideetan.

Urbanizatze-lanen lehen urrats gisa galtzadaren azalera garbituko da seinaleztapen horizontala kentzeko, zutikako seinale zaharkituak kenduko dira eta asfalto-guneak pintura beltzeko kapa fin batez zaharberrituko dira, batez ere oinezkoen gune zabalduetan. Hori eginda, seinaleztapen horizontal berria jarriko da, eko-zelula grafikoez zedarritzeko zein diren oinezkoendako zabaldu diren, eta, hortaz, jada ibilgailurik ez duten guneak. Hirugarren urratsean hidro-jardinerak, hidro-parterreak eta hiri-altzariak instalatuko dira.

Laguntzako Andre Maria kalean, zabalera ezberdinak ibilbidean zehar

Laguntzako Andre Maria kalearen oraingo diseinua aldatuko da ibilbidean zehar. Aita Adoain kaletik Imarkoain kaleraino, kaleak 15 metroko zabalera du, honela banaturik: zuhaitz lerroa duten 3 metroko espaloiak, zirkulazio errei bat noranzko bakoitzean, eta ilaran aparkatzeko tokiak albo bietan. Imarkoain kaletik Iruñerria kaleraino, kalearen zabala nabarmen murrizten da, tarte batzuetan 7,80 metrora arte. Zirkulatzeko errei bakarra dago, aparkatzeko ilara bakarra iparraldeko aldean, eta espaloiak ozta-ozta iristen dira 1,4 metroko zabalerara, zuhaitzetako parterreak barne. Félix plazan baino ez daude hiri-altzariak, eta plaza horrek, gainera, irisgarritasun-arazoak ditu.

Iruñerria kaletik San Kristobaleko bidegurutzeraino, Laguntzako Andre Maria kalea berriro zabaltzen da, 12 metrora arte, eta zirkulatzeko errei bat eta alboetan aparkatzeko ilara bana ditu. Landaretza urria da bertan: Txantrea plazaranzko desnibeleko zuhaitz eta landareak besterik ez. Laguntzako Andre Maria eta San Kristobal kaleetako elkargunean autobusetarako bi geraleku daude, eta horren ondorioz, urrunago geratzen dira oinezkoen pasabide semaforodunak, errepideko mugikortasuna lehenetsiz oinezkoen edo ziklistenaren gainetik. Ardatzak Oibar eta Arguedas kaleetatik jarraitzen du. Bietako zabalera 10 metrokoa da, eta zirkulatzeko errei bakarra eta aparkatzeko lerro bat –hegoaldean– dituzte.
 

¿Te ha sido útil esta página?