Kontuen Ganberak gutxienez 18 irregulartasun antzeman dizkio Iruñeko Udalak 2018an egindako udal-kudeaketari

Kontuen Ganberak gutxienez 18 irregulartasun antzeman dizkio Iruñeko Udalak 2018an egindako udal-kudeaketari
Irregulartasun horiek kontratu publikoekin, aurrekontuekin eta udal-langileei loturiko kontuekin dute zerikusia
ayuntamiento de pamplona


Iruñeko Udalaren Kontu Orokorren 2018ko ekitaldiko fiskalizazio-txostenak, hau da, iaz egindako udal-kudeaketari dagokionez Kontuen Ganberak egindakoak, Udalari antzeman dizkio egindako 18 irregulartasun, gutxienez. Kontuen Ganberak ohartarazitako irregulartasun horiek lotura daukate kontratu publikoetako zenbait alderdirekin, aurrekontuekin eta udal-langileen aferekin, besteak beste.
 

Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta María Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotziak prentsaurrekoa eman dute, gaur goizean, balorazioa egiteko joan den abenduaren 5ean, ostegunean, Kontuen Ganberak ezagutzera eman zuen txostenaren gainean. Labur, txostenak “egonkor eta onbideratutzat” jotzen du Iruñeko Udalaren finantza-egoera 2018ko abenduaren 31n, “hori islatzen baitute adierazle ekonomiko eta finantzario nagusiek, zeinek, aurreko ekitaldiaren aldean, hobera egin baitute”. Aurrekontuak gorabehera, Kontuen Ganberak irregulartasunen, kudeaketa okerren eta Legearen arau-hauste zuzenen sorta bat jaso du.
 

Behin txostenaren xehetasunak ikusita, Udalak agiri bat prestatu du, non irregulartasun horiek aztertu eta azaldu baititu, Udalaren kudeaketan duten edo hemendik aurrera izan dezaketen garrantzia islatzeko. Agiri horretan, zazpi ataletan multzokatu dira irregulartasunak: zerbitzu publikoak emateko moduarekin zerikusia dutenak (2 irregulartasun), langileen aferei lotutakoak (3 irregulartasun), Udalak lizitatutako kontratuei buruzkoak (7 irregulartasun), aurrekontuei buruzkoak (3 irregulartasun), dirulaguntzen kontrolik ezari lotutako bat (1), Balorazio Txostena onetsi ez izanari buruzko bat (1) eta hornidura-zerbitzuetako enpresek egindako aprobetxamendu berezietarako tasetan kontrolik ez egiteari lotutako beste bat (1).
 

Zerbitzu publikoak ematea eta langileen aferak

Zerbitzu publikoak emateari dagokienez, Kontuen Ganberak arreta jarri du Udalaren Energia Operadorearen sozietate publikoaren sorreran eta zerbitzuak Udalak bere gain hartzeko prozesuetan. Energia Operadoreaz bezainbatean, adierazi du sozietate publiko bat sortu zela 123.000 euroko transferentzia eginez eta kudeatzaile bat izendatuz, baina sozietateak ezin zuela jardun, Merkataritza Erregistroan izena emanda ez zegoelako, Udala orduan Ekonomia eta Finantza plan batean sartuta zegoelako, aurrez egindako lege-urraketa baten ondorioz. Kontuen Ganberak zalantzan jarri du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ) Udalak bere gain hartzea, horrek 500.000 euroko gastu gehigarria ekarri zuelako bi urtean; hori horrela, eskatu du “berrikusi dadin ezen eredu berriak (...) zerbitzu eraginkorragoak eta efizienteagoak dakartzan”.
 

Langileen aferei dagokienez, Kontuen Ganberak hiru irregulartasun azpimarratu ditu. Lehenak lege-esparruaz haratago doazen ordainsariak ordaintzeaz dihardu, eta zenbait adibide jartzen ditu, esate baterako, hauek: udaltzainei ordaindutako 282.063 euro, legeetan aurreikusirik gabeko prestasun-osagarriaren kontzeptupean (gerora osagarri hori txertatu zen gorabehera); Kontuen Ganberak irakasle-osagarriengatik kuantifikatzen ez dituen kopuruak poliziei ordaindu izana, edo lantegi-eskoletan legezko osagarriak gainditu izana, horiek ere legean jasota ez egoteagatik.
 

Bigarren irregulartasunak lanpostu publikoak betetzeko berritze-tasa urratzearekin dauka zerikusia. Udalak eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak neurriz gainezko eskaintza publikoa onetsi zuten, Aurrekontu Orokorren Legeak ahalbidetzen duena baino 3 eta 2 plaza gehiagokoa, hurrenez hurren. Horretarako, gezurrezko kontratu batzuk iraungi zirela itxuratu omen zen, iraungitze horiek zalantzazkoak bide baitziren. Hirugarrenak 2018ko plantilla organikoan egindako lau aldaketa NAOn argitaratu gabe onetsi izana du oinarri, hori egitean ez baitziren argitaratu aldatutako lanpostu horien ordainsariak eta esleitutako euskara-profilak.
 

Irregulartasunak fiskalizatutako kontratu guztietan

Halako txostenak egiteko, Kontuen Ganberak kasuan kasuko administrazio publikoaren kontratuen lagin bat aztertzen du. Iruñeko Udalak 2018an fiskalizatu zituen kontratuei dagokienez, guztietan aurkitu dira irregulartasunak. Besteak beste, Pío XII.aren etorbidea berritzeko kontratuak fiskalizatu ziren, baita María Auxiliadora ikastetxeko lanak, Haur Eskoletako elikadura-kontratua eta Redín eta Cruzatarren jauregiaren zaharberritzea ere.
 

Pío XII.ari dagokionez, azpimarratu da ez-betetzeak egon zirela proiektua Mankomunitatearen teknikarien, Mugikortasuneko udal-lantalde teknikoaren eta kolektibo zein herritarren iritziak aintzat hartu gabe egitean, non eta % 22 aldatutako proiektu batean (% 6 lizitazioaren baldintza-orrian eta aurreikusi gabeko beste% 16; hortaz, ezin zen egin). Irregulartasunen zerrenda luzea da; izan ere, enpresa esleipendunari ordaindu zaio kopuruz kanpoko % 16 hori, baina kopuru hori interesa zuten enpresa guztien artean lizitatu behar zen. Horrez gain, aldaketa % 20 baino gehiagokoa zenez, Udalak nahitaez baliogabetu behar zuen kontratua. Azkenik, txostenean erantsi da gai horri legezko estaldura emateko saioa egin zela geroago, behin obrak gauzatuta, eta lege-estaldura emate horri buruz ezezkoa eman dute Udaleko zerbitzu juridikoek eta Kontu-hartzailetza.
 

María Auxiliadora ikastetxeko lanei loturik, Kontuen Ganberaren txostenak aditzera eman du kontratuak aldatu zirela; aukera hori, ordea, ez zegoen aurreikusita baldintza-agirietan. Gerora justifikatu nahi izan zenean, Udalaren Kontu-hartzailetzak aurkako txostena eman zuen. Orobat, 35.000 euro baino gehiago jotzen zuten fakturak ordaindu zitzaizkion enpresa esleipendunari, kontratutik kanpo. Redín eta Cruzatarren jauregia zaharberritzeko esleipenean 24 egunez gainditu zen kontratazio-epea; Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren elikadura-kontratuan horren 240.000 euroak esleitu ziren aurrez inolako lizitaziorik egin gabe; 2017an erositako lokalak urte horri egotzi zitzaizkion 2018. urteari egotzi ordez, nahiz eta ordainketa orduan egin zen eta horri zegokion, eta Udaltzaingoarentzat bideo-horma bat hornitzeko kontratu txiki batean epez kanpo ordaindu zen faktura, 30 eguneko gehieneko epea gaindituta.
 

Kontuen Ganberak Udalak oro har egin duen praktika kritikatu du: ez ditu deialdi publikoan lizitatu iraungitako kontratuak eta bere garaian esleipendun ziren enpresei ordaintzen jarraitu du, kontratuak amaiturik zeudenean ere. Hori horrela, 2.207.225 euroan balioetsi du kontratua amaiturik zegoela jasotako zerbitzuen truke ordaindutakoa, argiteria publikoaren instalazioak mantentzeko eta kontserbatzeko lanen kontratuan eta Civivox Sarearen eta San Joan Bosco Zentroaren kultur zerbitzuen kudeaketan, besteak beste.
 

Aurrekontuak ez betetzea

Aurrekontuei dagokienez, beste hiru ez-betetze daude. Kontuen Ganberak irregulartasunak ikusi ditu 2018ko funtzionamendu-gastuen gorakadan, aurrekontu-mugetan –gainditu dira– eta prezioen ordainketetan, legezko epetik kanpo egin direlarik. Lehenengoari dagokionez, Kontuen Ganberak adierazi du % 6 egin dutela gora Iruñeko Udalaren funtzionamendu-gastuek, hots, 9,74 milioi euro gehiago izan dira.
 

Bigarrenari dagokionez, aipatu da 2,66 milioi euroko kreditu-transferentzia egin zen arren –abenduaren 26an onetsi zen, langile-gastuen zenbait partida nahikoak ez izan eta horiek estaltzeko–, Udalak “aipatu kredituen lotura juridikoa 0,10 milioi euroan gaindituta” amaitu zuen urtea. Hori horrela, onetsitako aurrekontu-aldaketekin ere ez zen lortu sortutako langileria-gastua estaltzea.
 

Aurrekontuei loturiko hirugarren alderdiak zerikusia dauka prezioen ordainketekin, zeinak legezko epez kanpo egiten baitziren, oro har. Kontuen Ganberak zenbait adibide aipatu ditu, hala nola María Auxiliadora ikastetxeko lanen kontratua eta Udaltzaingoarentzat bideo-horma hornitzeko kontratua. Fakturen % 41 ordaindu dira 30 eguneko epea gaindituta, kontratu-esparruak gehieneko epe hori ezartzen duen arren.
 

Beste arau-hauste batzuk

Kontuen Ganberaren txostenak aditzera ematen du ez dela Dirulaguntzen Legea bete entitate zein elkarteei zuzendutako deialdietan “ez baitago behar bezala egiaztaturik diruz lagundutako jarduerari lotuta diru-sarrerarik lortzen den, eta, hortaz, ezin baitaiteke xehe-mehe jakin zein den aipatu jarduera horren benetako defizita”. Udalak ez zuen ikuskapen ez kontrolik egin jakiteko dirulaguntza horien entitate onuradunek bestelako dirulaguntzak lortu zituzten beste administrazio publiko batzuetatik, ezta halako kasuetan emandako dirulaguntzaren gainetikoa itzularaztea eskatzeko ere.
 

Halaber, Kontuen Ganberak azpimarratu du ez dela bete Balorazio Txosten berria egiteko betekizuna. 2016an Balorazio Txosten partzial bat onetsi zen arren –hirigintza-garapen berrietako 9.010 etxebizitzari eragiten zien (guztizkoaren % 10i)– eta balio horiek 2017ko eta 2018ko likidazioetan aplikatu ondoren, “oraindik erabateko balorazio txosten bat tramitatu eta onetsi behar da, balioak eguneratuta eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritako lurren gaineko kontribuziorako zerga-tasa bakarra egokituta”.
 

Azkenik, kontrolik eza aipatu da hornidura-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek egiten duten aprobetxamendu berezietarako tasetan. Kasu honetan, Udalak uko egiten zien likidazioak epez kanpo aurkezten dituztenek ordaindu behar dituzten gainkarguei. Horrez gain, Kontuen Ganberak nabarmendu du “ez dagoela kontrol-prozedurarik enpresek diru-sarrerei buruz aurkezten dituzten aitorpenak zuzenak direla bermatzeko”.

¿Te ha sido útil esta página?