
Iruñeko Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak Hitzen Mintegia antolatu dute beste behin: Literatura lantzen: Generoa eta protagonistak lelopean, euskarazko hiru literatura-lantegi monografikoz osatutako ziklo bat da. Saioak Kondestablearen jauregian eginen dira urriaren 10ean, 24an eta 31n (larunbatak), 10:00etatik 10:30era, eta helburu nagusiak izanen dira egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatzea eta idazleak elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egitea.
Kondestablearen jauregian emanen da zikloa, eta bertan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 010 telefonoan (948 420 100, telefono mugikorretik eta Iruñetik kanpo deituz gero); gaur, irailak 23 (asteazkena), ireki da epea, urriaren 29ko 14:00etara arte. Doan ematen ahal da izena, eta hiru saioetarako izanen da, baina plaza hutsik egonez gero, izen-emateek zabalik jarraituko dute zikloak iraun bitartean, azken lantegia egin baino bi egun lehenagora arte. Taldea, gehienez, 15 lagunek osatuko dute. Maitane Pérez Argotek koordinatuko ditu lantegiak.
Euskal Idazleen Elkartearen aholkuen laguntzaz diseinatu da programa, egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko baliabideak eskaintzeko eta herritarrak Egile Berriendako Euskarazko Literatur Lehiaketan parte hartzera animatzeko.
Hauek dira hiru proposamenak:
Lehenengo lantegia urriaren 10ean (larunbata) eginen da, eta ardatz izanen ditu bi genero hauen ezaugarri nagusiak: Zientzia-fikzioa eta fantasia. Lan eta idazle esanguratsuenak aztertuko dira, eta ariketa praktikoak eginen dira testu laburrak idazten ikasteko. Aitziber Etxeberria Garro (Zarautz, 1973) arduratuko da lehen lantegi horretaz: besteak beste, Tango urdina, 31 Baioneta, Nomada, Olivetti, Lapurrak dabiltza azokan eta Dardarka idatzi ditu, eta bi aldiz irabazi du Donostiako Udalak antolatzen duen Donostia Opera Prima saria bere lehen bi eleberriei esker.
Bigarren lantegia urriaren 24an eginen da, Eleberri beltza? Ez, eskerrik asko izenburupean: eleberri beltza gisa ezagutu izan den horri buruzko ikuspegi historikoa eta irakurketa pertsonal eta ideologikoa eskaintzeko asmoa du lantegiak, eta horretarako, adibide praktikoak baliatuko dira nobela mota horietan gaur egun erabiltzen diren estrategia narratiboak azaltzeko. Jon Alonso Forcaude idazle eta itzultzaile iruindarrak gidatuko du lantegia, Enekoitz Ramirez Lanbas pertsonaia sortzeagatik ezaguna: idazlearen fikziozko eta kronika beltzezko hainbat eleberriren protagonista izan da, eta Camembert helburu (1998) eleberri-saiakeran agertu zen lehen aldiz. Idazleak, besteak beste, sari hauek jaso ditu: euskarazko narrazioen Kritika Saria (2006), Erretzaileen eremua lanari esker; Juan Zelaia saria (2001), Agur, Darwin saiakeraren lehen edizioaren eskutik; eta 2021eko Argia saria.
Hirugarren eta azken lantegia urriaren 31n eginen da, Pertsonaiak: nola irudikatu, nola eraiki, hizketan nola jarri izenburupean. Hauxe izanen da landuko den gaia: fikziozko pertsonaiak benetako figura bihurtzeko modua; horretarako, pertsonaia horiek irudikatu, deskribatu, izendatu eta mugimenduan jarriko dira, eta, jarraian, ahotsa jarriko zaie. Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990) bertsolari, filologo eta idazle bizkaitarrak gidatuko du lantegia: Basa (Elkar, 2019) eta Pleibak (Susa, 2025) eleberriak eta Bainera bete itsaso (Elkar, 2016) eta Anastasini zirkua (Denonartean, 2024) liburu ilustratuak idatzi ditu eta zenbait komunikabidetan laguntzaile aritzen da.
HITZEN MINTEGIA: HIRU LANTEGI GUZTIRA 10:00–13:30
1. lantegia. Urriak 10, larunbata:
Zientzia-fikzioa eta fantasia.
Aitziber Etxeberria Garro idazlearen eskutik
2. lantegia. Urriak 24, larunbata:
Eleberri beltza? Ez, eskerrik asko No, gracias)
Jon Alonso Forcaude idazle eta itzultzaile iruindarraren eskutik
3. lantegia. Urriak 31, larunbata:
Pertsonaiak: nola irudikatu, nola eraiki, hizketan nola jarri
Miren Amuriza bertsolari, filologo eta idazlearen eskutik