jorgemartínezuhartek 'Argazkilaritzaren xarma apala' erakusketa aurkezten digu, Ziudadelako Labean, argazkilaritza sormen-hizkuntza erabilita

jorgemartínezuhartek 'Argazkilaritzaren xarma apala' erakusketa aurkezten digu, Ziudadelako Labean, argazkilaritza sormen-hizkuntza erabilita
Erakusketak Labean berariaz paratzeko sortutako instalazioa aurkezten digu
jorgemartinezhuarte

 

'Argazkilaritzaren xarma apala', horra jorgemartínezuharteren erakusketaren izenburua. Ziudadelako Labean egonen da ikusgai, abenduaren 15era bitarte, argazkilaritza sormen-hizkuntzatzat baliatzen duen erakusketa hau. Berariaz Laberako sortutako erdiko instalazioa dugu obraren ardatz, eta harekin batera argazki baten jabetzea den artelan bat. Artelanaren aurkezpenean, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendaria eta artista bera aritu dira. Erakusketa asteartetik ostiralera ikus daiteke, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.


Egileak azaldu duenez, honako ideia hau izan da erakusketaren abiapuntua: “ez zaizkit batere interesatzen ez artelanak birtualki birsortzea, ez horiek katalogo edo bitarteko digitaletan sartzea. Ordezkaezina iruditzen zait artelanei begira egoteko bizipen fisikoa, artistak sortu eta muntatu dituen bezalaxe, hots, aurre egin eta deskodetzeko unean. Horrela sortutako zirrararen zein espazio- eta denbora-tentsioaren alde egiten dut apustua. Bertaratu ezean, galtzen duzu; hau ez da streaminga. Ez dago bigarren aukerarik”.


Arte-proposamen honek beste ideia bat ere islatzen du: “Argazkigintza sormen-hizkuntza gisa erabiltzen duen artistarentzat egungo argazkigintza –gehienbat– burgestua da, kontserbadorea eta batere lagungarri ez den espekulazio-kutsukoa”. Hortik, hain zuzen, izenburua, Luis Buñuelen filma gogora dakarkiguna, eta nahasmendu-iturri izan daitekeena argazkigintzaren eta burgesiaren artean “zeinak artelanak proposatutako kontzeptu-keinuari ekarpena egiten baitio”.


Argazki digitalen hipererrealitaterik gabe
Katalogoak jakitera ematen digunez, erakusketa bi piezak osatzen dute. Bata, erdian, areto gisa eraikitako horma biribila da, eta argazki-irudi bat dauka barruan. Asmoa jendea inguruko korridore batetik bideratzea da, artelanaren barnealdera sartu ahal izateko. Lana sortzerakoan “mespretxatu dira argazki digitalaren hiperrealitatea, horren asetasuna, kontrastea eta itzalak argiztatzeko joera gaiztoa, goiko tarte dinamikoa delakoa”. Artelanaren sormen-prozesuak azkartasuna eduki zuen ezaugarri. Konposizio digitaleko software batez eraiki da, hormaren alde ezberdinak automatikoki lotzeko.  Euskarri gisa zurezko industria-osagai aurrefabrikatuak erabili dira, altzairu ilunduzko bisagraz batuak.

Bigarren artelana garaiko –gutxi gorabehera 40ko hamarkadako– argazki baten jabetzea da, egile anonimoa zuen argazkia antikuario batetik berreskuratuta. Jorgemartínezuharteren asmoa izan da 90eko hamarkadan egin zuen parodia-sorta bat berreskuratzea eta jabetza intelektualaren eskubideak zalantzan jartzea. Egile ospetsu baten artelana imitatu eta sinaduran akats bat egitean datza. Kasu honetan, argazkia izen handiko bilduma batean –Nafarroako Unibertsitateko museoan– sartu izanaren simulazioa egin da. Horrez gain, jakitera ematen da Goi-lautadako jaunartzea (Peru, eguzkirako bidaia erreportajea), Juan Manuel Castro Pietrok sortua dela, Joan Fontcubertak kontzebitua eta Fernando Casto Flórezek iruzkindua. Lan horretaz, egileak dio: “gogoan daukat argazkia ikusi nueneko zirrara, antikuarioan zintzilik, zikin, hautsez beteta eta gauza-pila batez inguratuta. Une horretan, berez, Martín Chambiren argazkiak gogorarazi zizkidan, eta berehala, Juan Manuel Castro Prietoren proiektua. Lantaldean Joan Fontcuberta sartzea ere berez sortu zen. Fernando Castro Flórezekin, onartu beharra daukat, literatur lizentzia hartu nuen; horren ongi jotzen zuen, ezen ezin izan bainuen tentalditik ihes egin”.


Eskala, materialak eta ikuslearekin sortutako harremana ezinbestekoak dira.
Bere obra deskribatzean honela dio jorgemartínezuhartek: “ekoizpenak nagusitzen diren esparruan, aspalditik egiten ditut kostu baxuko artelanak. Argazkigintza, ez erreprodukzio- eta kopiaketa-sistema gisa, hizkuntza gisa baizik”. Halaber, “egiten ditudan piezak bakarrak izan ohi dira. Argazkiaren xedea eta hura espazioan non kokatu axola zait bereziki. Eskala, materialak eta ikuslearekin sortutako harremana ezinbestekoak dira. Izaera metaforikoa, ironikoa edo zuzenean axolagabea –ezer ez izatear, ezer ez esatear, pasadizo hutsa lehenestear– funtsezko alderdiak dira.


Lan-ildo horrekin bat, egileak deritzo “egungo laztasunak, gizarte-ezaxolak eta prekaritateak zailtzen dutela lana koherentziaz eta etengabe erakustea. Artistek kostu handiz bakarrik erdiesten ahal duten eta oso jende gutxiren interesekoa den zerbait sortzeko egindako ahaleginak jardun suizida bihurtzen du sormen-ekintza, errentagarritasunaren eta zentzu praktikoaren ikuspuntutik”.
 

¿Te ha sido útil esta página?