Jesús eta María aterpetxea asteartetik aurrera zabalik egonen da etxerik gabeko pertsonei harrera egiteko

Jesús eta María aterpetxea asteartetik aurrera zabalik egonen da etxerik gabeko pertsonei harrera egiteko
Iruñeko Udalak abian jarri du 40 lagunendako tokia duen baliabide hori, herritar zaurgarrienei arreta emateko
Albergue Jesús María

 

Iruñeko Udalak Jesús eta María aterpetxea zabaldu du, Compañía kalean, etxerik gabekoei aterpea emateko. Hauxe dugu, hain zuzen, Udalak erabilgarri jarri duen beste baliabide bat, herritar zaurgarrienei zerbitzu emateko, koronabirusaren osasun-krisiak eragindako alarma-egoera aplikatzearen ondorioz.
 

Jesús eta María aterpetxea turistek edo Donejakue Bidea egiten duten erromesek erabili ohi dute. Gaur asteartetik aurrera, eta aldi baterako, aterpetxeak kalean bizi eta gaua gune publikoetan (kutxazain, zubi, utzitako eraikin eta abarretan) igaro ohi duen jendea hartuko du. Pertsona horiek bazterketa handiko taldea osatzen dute eta era askotako arazoak dituzte. Beraiek hala erabakita ez dute erabiltzen Etxerik gabeko Pertsonak artatzeko Udal Zentroa. Une honetan, baina, toki bateanaterpe hartuta egon behar dute, kalean noraezean ibiltzeko mugak eta birusa zabaltzearen kontrako neurriak betetzeko.
 

Baliabide honek pertsona horien gizarte- eta hezkuntza-laguntza bermatuko du, 24 orduz asteko 7 egunetan, alarma-egoera edo kalean ibiltzeko mugek dirauten bitartean. Aterpetxeak, batez beste, 40 pertsona har ditzake, eta kopuru hori handitu daiteke beharrek hala eskatzen badute.

Zentroa, Trinitarioskoa bezala, Xilemak kudeatzen du, bazterketa handiko gaietan eskarmentu handia duen gizarte-entitate batek. Egun, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa, Trinitariosen dagoena, guztiz beteta dago, eta ezin du jende gehiago hartu.
 

Hamabi profesional

Iruñeko Udalak 12 profesionalez osatutako gizarte- eta hezkuntzako lantalde bat kontratatu du, goiz, arratsalde, gau eta asteburuetako txanda guztiak bete, pertsona horien artaz arduratu eta elkarbizitzak eragin ditzakeen gorabeherak gobernatzeko. Lantalde horri Iruñeko Etxerik gabeko Zentroko hezitzaileek lagunduko diote, zeinek, horrez gain, aterpetxearen eta bertako egoiliarren beharrak gainbegiratuko baitituzte.
 

Udala erlojuaren kontra aritu da lanean, pasa den astetik hona, zerbitzua ireki ahal izateko. Horretarako, Udalak zenbait material erosi behar izan du aterpetxea egoki erabiltzeko, bai eta administrazio-izapideak egin eta langileei dagokien kudeaketa abiatu ere.

Zentro berria etxebizitza-baliabide gisara bideratu da, eta barne hartzen ditu gosaria, bazkaria eta afaria. Catering-a Xilema enpresaren gizarteratze- eta lanera bideratze-programak eta ‘Mama nos da de comer’ enpresak zerbitzatuko dute, eta gizarteratze-zentroek kudeatuko dute ohe-jantzien garbiketa. Zentroa ez da inondik ere familiendako, ez baita egokia ez adingabeei ez diagnostikoan positiboa eman duten pertsonei aterpea emateko, haiek bestelako zaintzak behar dituztelako. Aterpetxea garbitzeko zerbitzua udal-langileek emanen dute, zehazki, bi pertsonak, zortzi orduko lanaldi osoz, astelehenetik igandera, kontrataturik.

¿Te ha sido útil esta página?