Iruñeko Udala udaberri honetan saguzarrendako 10 babes-kutxa instalatzen ari da Iruñeko hiru zubitan. Zubiek ezaugarri komun bat dute, ez daude argiztaturik, eta, hortaz, gauez ibiltzen diren ugaztun horiendako babesleku egokiak dira. Uholdeetan kalteak ekiditeko kutxak oso altu kokatu dira, eta horretarako Udalari lagundu dio Nafarroako Gobernuko Oihanzaintzaren Nafarroako altueran esku-hartzeko taldeak (GIAN).
Jarduera honen helburua da errazagoa izan dadila Arga ibaian intsektuak ehizatzen dituzten saguzarren populazioak finkatzea eta kontserbatzea. Ekimen horrek honako espezie hauek lagunduko ditu: saguzar arrunta, Pipistrellus pipistrellus; Cabrerakoa, Pipistrellus pygmaeus, eta ur-saguzarra, Myotis daubentoni. Kutxak zubien alboetan jarri dira, haien egitura aldatu gabe, saguzarrendako bereziki diseinatuta daude eta ez dute mantentze-lanik behar. Aurreikusten da babes-kutxen okupazioaren jarraipena egitea hurrengo urteetan, eraginkortasuna egiaztatzeko.
Animalia horiek kiropteroak dira, ezagutzen den ugaztun-talde primitiboenetako bat. Izen zientifikoa (Chiroptera) quiro (esku) eta pteros (hegal) hitz greziarretatik dator. Beraz, hegaldun eskuak dituzten animaliak dira, eta hainbat ezaugarri dituzte, besteak beste, oso ugalketa motela izatea: kume bakarra dute eme eta urte bakoitzeko. Haien populazioa murriztu da azken hamarkadetan hainbat giza-faktore direla eta (nekazaritza eta basogintza intentsiboa, pestiziden erabilera, haize-sorgailuak, eragozpenak, babeslekuak suntsitzea eta abar). Gainera, hirietako eraikinen, harresien eta beste eraikin batzuen zaharberritze-lanek animalia horiek egon zitezkeen hainbat toki desagerrarazi dituzte. Hori da, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak babes-kutxak jartzeko ekimen hori egitera bultzatu duen arrazoietako bat: isolatutako saguzarrendako edo koloniendako babeslekua emanen dute eltxo-populazioak ugariko eremuetan.
Zortzi saguzar espezie Iruñean
Iruñeko saguzarrak intsektuz elikatzen dira soilik eta haien populazioen kontrolatzaile handiak dira: Cabrerako saguzar batek 1.000 eltxo baino gehiago jan ditzake gau bakar batean. Hori dela eta, ugaztun horiek zerbitzu ekosistemiko nabarmena egiten dute eta haien presentzia oso onuragarria da pertsonendako, haien harrapakinen artean eltxo odoljaleak (odola zurrupatzen dutenak) baitaude, zeinak hainbat gaixotasun transmititzeko gai baitira, Zika kasu, dagoeneko Espainiako zenbait eskualdetan aurkitu dena.
Egun, saguzar espezie guztiak babestuta daude Europan, eta gutxi gorabehera erdiak mehatxupean daude. Iruñean ez dago saguzarren erroldarik, baina argi dago hirian zortzi espezie ezberdin daudela: gau-saguzar ertaina, gau-saguzar txikia, saguzar arrunta, Kuhl pipistreloa, Cabrerako saguzarra, saguzar belarrihandi arrea, baratze-saguzarra eta ur-saguzar belarri-handia. Ekimen horren bidez Udalak 2000. urteaz geroztik gau-saguzar ertainarekin egiten ari zen lana beste hiru espezietara hedatu da: guztira 75 babes-kutxa, Udalaren lantegi-eskolek egindako 13 babes-adarrez gain, zulo naturalak irudikatzen dituztenak eta 2018an jarriak.
Hain zuzen ere, gau-saguzar ertaina Iruñeko Udalaren biodibertsitatearen bildumako liburuetako baten protagonista da, zeina Udalaren webgunean deskargatu baitaiteke. Liburua 2008an argitaratu zen eta Juan Tomás Alcalde Díaz de Cerio espezialistarena da.