Iruñeko Udalaren lantegi-eskolek ikasturteari hasiera eman diote: 102 parte-hartzailek eman dute izena eskainitako sei espezialitateetan

Iruñeko Udalaren lantegi-eskolek ikasturteari hasiera eman diote: 102 parte-hartzailek eman dute izena eskainitako sei espezialitateetan
Udal-programak berrogei urte bete ditu 2026an eta azkeneko edizioan % 53ko laneratze-tasa erregistratu zuen
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalaren lantegi-eskolen 2026-2028ko ikasturtea abian da, programaren 40. urteurrenean: 16 eta 29 urte bitarteko 102 ikaslek sei udal-eskoletan (igeltserotza, soldadura, hargintza eta biltegiaren kudeaketa, zurgintza, basogintza eta lorezaintza eta mantentze-lanak) eskaintzen diren espezialitateak ikasiko dituzte. Edizio honetan, berritasun gisa, hiru eskolek (soldadura, zurgintza eta hargintza eta biltegiaren kudeaketa) hitzarmen-modalitatean jasoko dute Nafar Lansareren laguntza; beste hirurek, berriz, lantegi-eskolendako berariazko deialdiaren bidez jasoko dute laguntza. 1986az geroztik, Iruñeko Udalak 38 lantegi-eskola, 8 enplegu-lantegi eta enpleguko 5 lantegi-eskola sustatu ditu, eta laneratzeari dagokionez, emaitza onak lortu dira. Azken edizioan % 53ko laneratze-tasa erregistratu zen.

Irekiera-ekitaldi ofiziala gaur goizean egin da Iruñeko Ziudadelan, eta bertan ikasleek, zuzendaritza-taldeek, irakasleek eta eskoletako teknikariek parte hartu dute, baita udal-ordezkariek eta beste erakunde batzuetako ordezkariek ere. Iruñeko Udala egitasmoren sustatzaile denez, honako hauek izan dira ekitaldian: Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria, Udalbatzako beste kide batzuek lagunduta, eta Rubén Unanua Ruiz Gizarte Ekintzako zuzendaria. Nafarroako Gobernua eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak programa finantzatzen dute, eta beraz, bi erakundeetako ordezkariak ere bertan izan dira. Nafarroako Gobernua honako hauek ordezkatu dute: María Esther Fernández Razquin, Nafar Lansareko zuzendari kudeatzaileak, erakunde autonomoko zuzendari eta teknikariekin batera; eta Miriam Martón Perez, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak. Beste entitate batzuk ere, hala nola Ikasketa Integraleko Nafarroako Zentroa (CNAI) eta lantegi-eskolen kalitatea gainbegiratzen duen ABACO enpresa, ekitaldira bertaratu dira. Halaber, iazko edizioan parte hartu zuten bi ikasleren zuzeneko testigantza jaso da: Wagner Andrés Carrión Loján Hargintzako Eskola Lantegiko ikaslearena eta Mishell Villarroel Soldadurako Eskola Lantegiko ikaslearena.

Ikasleen profila 
102 ikasle daude, espezialitate bakoitzeko 17, eta haien profilari dagokionez, % 83,3 gizonezkoak dira eta % 16,7, emakumezkoak (85 eta 17, hurrenez hurren). Adinari dagokionez, nabarmentzekoa da ikasle gazteak direla, batez beste 20,5 urtekoak, eta 16 adingabek ere programan parte hartuko dutela. Jatorriari dagokionez, % 37,3 atzerrikoak dira (izena eman duten 102 lagunetatik 38) eta % 7,8 gutxiengo etniko baten parte dira (102tik 8). Ikasle gehienak, % 86,3, Iruñean eta Iruñerrian bizi dira, eta gainerakoak, Nafarroako beste udalerri batzuetan.

Prestakuntza praktikoa eta onura sozialak
Lantegi-eskolek xede dute gazteen enplegagarritasuna hobetzea, ikaskuntza eta prestakuntza lan produktiboarekin uztartzen dituen prozesu baten bidez. Hautatutako pertsonak prestakuntzarako lan-kontratudun langile gisa kontratatzen dira, eta soldata ordaintzen zaie, lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) % 65. Programak metodologia praktikoa darabil, eta horri esker, ezagutzak modu natural eta dinamikoagoan bereganatzen dira.

Lantegi-eskola bakoitzak 715.000 euro inguruko kostua du, obraren, makineriaren eta ibilgailuen inbertsioa kontuan hartu gabe, eta 586.854 euroko batez besteko finantzaketa jasotzen du: Udalak zenbateko horren % 18 jartzen du, 128.146 euro inguru.

Programaren bereizgarri gisa, alde praktikoa gauzatzeko orduan, onura publikoko obrak eta zerbitzuak egiten dira, ondarea birgaitzen da eta komunitatea hobetzen da. Igeltserotzako, Mantentze Lanetako eta Zurgintzako Lantegi Eskolek aurten eginen dituzten lanik garrantzitsuenak honako hauek dira: San Pedro etxe-multzoko etxebizitzen energia eta barrualdea birgaitzea. 

Hargintzako Lantegi Eskolak Ziudadelako gotorleku-multzoaren barruan mantentze- eta kontserbazio-lanak eginen ditu, eta Zurgintzako Lantegi Eskolak estalpe gisa erabiltzeko domo geodesiko bat egin eta ezarriko du. Soldadurako Lantegi Eskolak Corten altzairuzko jardinerak eginen ditu; eta Basogintzako Eskolak, berriz, Arantzadiko parkeko berdeguneetan mantentze-lanak egiten jarraituko du, baita Elikagaien Bankura bideratzen dituen negutegietan ekoizten dena kudeatzen ere, eta horrez gain, udalaren ekimenez sortu ziren Co2-a xurgatzeko basoetan sastrakak kentzeko eta inausteko lanak egiten jarraituko du.


IRUÑEKO LANTEGI-ESKOLETAKO PRESTAKUNTZA-IKASTAROAK

  • 16 eta 29 urte bitarteko gazteendako

    • Ikaspostuak: 102, 17 sei lantegi-eskoletako bakoitzean

    • Iraupena: 2026ko irailaren 1etik 2028ko martxoaren 31ra (19 hilabete)


IRUÑEKO LANTEGI-ESKOLAK

LANDABEN PRESTAKUNTZA ZENTROA

  • Igeltserotza

    • Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786 

    • Prestakuntza-orduak: 865

    • 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

  • Hargintza eta Biltegiaren Kudeaketa

    • Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786 

    • Prestakuntza-orduak: 865

    • 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

  • Zurgintza

    • Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786 

    • Prestakuntza-orduak: 865

    • 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

  • Eraikinetako mantentze-lanak egin eta igeltsu ijeztuko plaka-sistemak muntatzea

    • Landabengo industrialdea, A kalea zk.g. Tel.: 948420786 

    • Prestakuntza-orduak: 865

    • 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

MAITEMINDUEN PASEALEKUKO ZENTROA (ARROTXAPEA)

  • Soldadura

    • Maiteminduen pasealekua 37. Tel.: 948315434

    • Prestakuntza-orduak: 860

    • 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

ARANTZADI PRESTAKUNTZA ZENTROA

  • Basogintza eta Lorezaintza

    • Arantzadiko Ingurunea, zk. g. Tel.: 948420790

    • Prestakuntza-orduak: 818

    • 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

¿Te ha sido útil esta página?