Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuaren Zubiarte euskaltegi publikoak euskara sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenari jarraikiz, udal-lokalak doan lagako dira 2026-2027ko ikasturtean herritarrei euskara eskolak emateko. Hauek sinatu dute hitzarmena: Aitziber Campion Gamboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eta Ainhoa Madariaga Rodríguez Zubiarte euskaltegiko zuzendariak.
Udalak hainbat areto lagako ditu Civivox sareko Kondestable Juslarrocha eta Pompelo Civivoxetan eta Azpilagañako eta Txantreako zentro komunitarioetan. Gune horiek doan lagatzearen ordain gisa, Zubiarte euskaltegiak oinarrizko euskara eskola bat emanen die zinegotziei eta udal-taldeei, Osoko Bilkuretan eta batzordeetan berariaz erabiltzen diren hitzei buruzkoa.
Hitzarmenak bi entitateen helburu partekatua jasotzen du: herritarren artean euskara ikas dadin sustatzea. Izan ere, horri esker, aurrera eginen da euskararen hizkuntza-normalizazioan eta hura gehiago ezagutu eta erabiliko da. Akordioa 2027ko maiatzaren 31ra arte egonen da indarrean, eta beste urte batez luzatzen ahalko da bi aldeek berariaz hala adosten badute.
Gaur egun, euskararen ikaskuntza sustatze aldera, Iruñeko Udalak euskara irakasteko zentroen matrikulazio-kanpainen berri ematen du eta ikasleei laguntza ekonomikoa ematen die. Era berean, euskara erabili dadin sustatu eta ikaskuntza-prozesua indartzeko xedez, Udalak Mintzakide eskaintzen du, euskarazko elkarrizketa-taldeak sortzera bideratutako programa. Proiektu horiez gain, Udalak interes berezia du euskararen ikaskuntza-prozesua, erabilera eta sustapena bultzatzen jarraitzeko, hizkuntza gutxitua baita. Horiek horrela, dirulaguntzak ematen dizkie hizkuntza sustatzen lan egiten duten toki-erakundeei eta era askotako hitzarmenak sortzen ditu.
Zubiarte euskaltegia euskara irakasteko zentro publikoa da, eta 2002an sortu zen, Nafarroako Gobernuak Miluze euskaltegi zaharra eta Irakasleendako Birziklai Ikastegia batu zituenean. Euskaltegia Uharten dago, eta euskara ikasteko hiru modalitate eskaintzen ditu: aurrez aurre, autoikaskuntza eta online, A1etik C1era bitarteko mailetan.