Iruñeko zazpi ikastetxe ari dira parte hartzen Sartu eta Sortun, DBHko 1. mailako ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko programan

Iruñeko zazpi ikastetxe ari dira parte hartzen Sartu eta Sortun, DBHko 1. mailako ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko programan
Programaren barruan topaketak eskaintzen dira ikasleen eta kultura, zientzia eta kirolarekin lotutako euskal hiztun entzutetsuen artean
Sartu eta Sortu

 

Iruñeko zazpi ikastetxe ari dira parte hartzen aurtengo ikasturteko Sartu eta Sortu programan, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta. Programak ikasleen eta euskal hiztun entzutetsuen arteko topaketak antolatzen ditu, gehienbat kulturaren, zientziaren eta kirolaren alorrekoak, eta saio horietan esperientzia pertsonalak eta profesionalak partekatzen dituzte ikasleekin. Elkarrizketen xedea da ikasleen eta euskararen arteko lotura sendotzea, hizkuntza kulturan, artean eta egungo gizartean bizi-bizirik dagoela aditzera emanda.

2025eko urritik abendura bitarte,  D ereduko ikastetxe hauek parte hartzen dute aurten: Biurdana, Iturrama, Eunate, Iparralde, Mendillorri, Ochoa de Olza eta Jaso Ikastola. Honetan datza programa: DBHko 1. mailako ikasleekin aurrez aurreko saio bat egiten da, ikastetxean bertan eta eskola-orduetan, eta euskaraz egiten da oso-osorik, hizkuntzaren ezagutza sustatu, soilik eskolan erabiltzen den hizkuntza izan dadila saihestu eta euskarazko kultur sorkuntzarekiko grina pizteko.

Iametza Interaktiboa enpresak kudeatzen du programa, eta Iruñeko D ereduko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera. Aurten hiru sortzaile nagusi ditu programak: Lehenik eta behin, Danel Galdaera (Arrasate, Gipuzkoa, 1998) eduki-sortzaile, umorista eta podcast-egilea daukagu, zeinak ETBko hainbat programatan parte hartu baitu, hala nola Piztu Telebista, Linbo eta Biba Zuek. Egun Flop Kultura podcasta aurkezten du bere bikote artistiko eta sentimentalarekin batera. Aitziber Grados (Altsasu, Nafarroa, 1999) da beste sortzaileetako bat: kazetaria eta irrati-aurkezlea da, eta aurkezle gisa dihardu Linbo late night-ean; halaber, Benetan Zabiz? Podcastaren gidaria da EITBn, Malen Altunarekin batera, eta bertan aurpegi ezagunak elkarrizketatzen dituzte aldarte gazte eta naturalean.

Hirugarren artista Karmele Gurbindo (Atarrabia, Nafarroa, 1998) da, Atarrabiako Naxker taldeko abeslaria: pil-pilean dago egungo musika-panoramaren barruan; izan ere, Naxker pop eta post-punk estiloko taldeak euskal eszenan zegoen hutsunea bete du, garage rocka, popa eta punka uztartuta.

1. mailako talde-kopuruaren arabera, saio gehiago edo gutxiago eginen dira ikastetxe bakoitzean, ikasgela bakoitzeko saio bat egiten baita. Aurten 25 topaketa aurreikusten dira. Saio bakoitzaren bukaeran, ikasleek esperientzia praktiko batez gozatzeko aukera dute: hala nola artisten lanaren erakusgarri txiki bat (abesti bat, musika edo bakarrizketa bat) edo dinamika labur bat (sormen-erronka txiki bat, galde-erantzunen jolasak, etab.)

Sartu eta Sortu programa 2020an sortu zen: Labrit Multimedia enpresak kudeatu zuen urte horretan, eta oso balorazio ona izan zuen. Ikastetxe hauek parte hartu zuten urte horretan: Iparraldek, Ochoa de Olzak, Mendillorrik, Biurdanak, Eunatek eta Jaso Ikastolak; bisitariak, berriz, honako hauek izan ziren: Zuriñe Hidalgo 2021ean banatutako Hesian taldeko abeslaria, Ibai Osinaga musikaria eta Liebana Goñi marrazkilari eta irudigilea. Harrezkeroztik, hainbat pertsona entzutetsu izan dira programaren parte: Albina Stardust (Eneko García) drag artista eta aktibista, Oier Zuñiga marrazkilari eta aktorea eta Olaia Inziarte abeslari eta musikaria, besteak beste.

 

¿Te ha sido útil esta página?