Iruñeko Udaltzaingoak bizikletaz patruilatzen duten 8 udaltzainez osatutako lantaldea aurkeztu du hurbileko eredua sustatze aldera

Iruñeko Udaltzaingoak bizikletaz patruilatzen duten 8 udaltzainez osatutako lantaldea aurkeztu du hurbileko eredua sustatze aldera
Udaltzainak astelehenetik igandera eta goizez zein arratsaldez ibiliko dira, Zabalguneetan, Arrotxapean, Txantrean eta Sanduzelain
Irudia

Iruñeko Udaltzaingoak bizikletaz eta beharrezko baliabidez patruilatzen duten zortzi udaltzainez osatutako lantaldea aurkeztu du hurbileko eredua sustatze aldera eta Udala hirian ezartzen ari den mugikortasun-irizpideekin bat sortua. Udaltzainak astelehenetik igandera eta goizez zein arratsaldez ibiliko dira, hasieran Zabalgune-sektorean –Alde Zaharra, Milagrosa, Lezkairuko Zaldua, Mendillorri eta Erripagaña barne hartuta– eta Arrotxapeko, Txantreako eta Sanduzelaiko sektorean, gorabehera gehien gertatzen diren bi horietan.

Goizean Itziar Gómez Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkariak eta Jesús Munárriz udaltzainburuak prentsaurrekoan aurkeztu dute lantalde berria, jasangarritasunerako Lantaldea izendatuta. Taldeak txirrindulariendako erreferente eta bideko erabiltzaileen arteko gatazketarako bitartekari izan nahi du, gidari, txirrindulari eta oinezkoen artean begirunea eta elkar ulertzea sortuz. Bizikletaz, bestela irisgarri ez diren eremu publikoak zainduko ditu, hiriguneko bidegorriak, parkeak, lorategiak eta oinezkoenak. Patruilatzea urte osoan egingo da, betiere eguraldiak ahalbidetzen badu.

Helburuak eta funtzioak
Jasangarritasunerako Lantaldea Hurbiltasuneko Brigadan dago, Polizia Administratiboko Taldean txertatuta; eta, hortaz, talde horren zein Hurbiltasuneko Brigadaren eginkizunak hartzen ditu bere gain. Hona hemen helburu nagusiak: Udaltzaingoaren irudia mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa duen zerbitzu gisa garatzea; bizikletaren erabilera eta segurtasuna sustatzea; eta prebentzio-jardun poliziala egitea, ikertzea eta arau-hauste administratiboak salatzea, hirigintza, ingurumen-babes eta joko zein ikuskizunen alorretan.

Zehazkiago, Udaltzaingoak bizikletaz egindako patruilatze berriak prestatu eta hezi nahi du eremu publikoak egoki erabiltzeko eta horien erabiltzaile guztien artean begirunea izateko, batez ere txirrindularien eta oinezkoen artean eta ibilgailu motordunen gidarien eta txirrindularien artean. Halaber, bizikleten estazionamenduak zainduko ditu eta txakurren agiriak zein zainketa kontrolatuko ditu, baita hondakin-uren zein hondakinen isurketak ere. 

Talde honen udaltzainek ekitaldietan kontrol-zereginak esleituta izango dituzte, zirkulazioari eragiten dioten manifestazio eta kultura- zein kirol-ekitaldietan; ikastetxeetako irteera-sarreren zerbitzuetan Hurbiltasuneko Brigadari laguntza emango diote; eta bizikletaren erabilerarekin zerikusia duten erakunde eta foroetan parte-hartzea eta lankidetza izango dituzte zeregin, besteak beste. 

Patruilatze berriaren honako onura hauek aipatzen dira: herritarrekiko hurbiltasuna, horrela polizia-ibilgailuan patruilatzean baino hurbilago eta herritarrei arreta handiagoa eskaintzeko moduan baitaude; oinezkoen eremuak, berdeguneak, parkeak, ibai-parkeak, Donejakue Bidea eta beste eremu batzuk hobeki kontrolatzea eta zaintzea, hiri-segurtasunaz eta udal-ordenantzen kontrolaz bezainbatean; kutsagarria ez den ibilgailu baten erabilera, autoz edo motoz patruilatzearen aldean, horrela gasen isurketa eta zaratak gutxituta; eta diru-aurrezpena, beste talde batzuen aldean, horrela kostuak eta mantentze-gastuak murriztuta.

Mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa eta Mugikortasuneko ordenantza berria
Bizikletaz patruilatzen duen lantaldearekin, Udalak ingurumenaren babes, bide-segurtasun eta, azken batean, hiriko bizi-kalitatearekiko duen konpromisoa erakutsi nahi du, Iruñeko mugikortasun jasangarriaren aldeko itunaren oinarriak bere gain hartuta eta aipatu agirian jasotako helburuen alde lanean.

Udan, hain zuzen, sartuko da indarrean Mugikortasuneko ordenantza berria, pixkanaka –2019ko ekainetik aurrera– Iruña 30 Hiria bilakatuko duena eta txirrindularien zirkulaziorako aldaketak ekarriko dituena, oro har galtzadatik joan beharko baitira. Ildo honetan, bizikletaz patruilatzen duen lantaldeak zeregin erabakigarria izango du Ordenantza betetzen eta abiatzen laguntzeko.

¿Te ha sido útil esta página?