Iruñeko Udaleko 12 haur-eskoletan 2022-2023ko ikasturterako behin-behineko izen-ematea egiteko kanpaina martxoaren 1etik 15era bitarte izanen da

Iruñeko Udaleko 12 haur-eskoletan 2022-2023ko ikasturterako behin-behineko izen-ematea egiteko kanpaina martxoaren 1etik 15era bitarte izanen da
Izapide hori online egin nahi ez dutenek aldez aurreko hitzordua eskatzen ahalko dute astelehenetik aurrera, hala webgunearen bidez nola 010/ 948 420100 telefono-zenbak
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

Datorren martxoaren 1ean hasiko da epea Iruñeko Udaleko 12 haur-eskoletan 2022-2023ko ikasturterako eskaintzen diren 1.069 ikaspostuetan behin-behineko izen-ematea egiteko. Aurten, Mendebaldeako haur-eskola berriz ireki eta Lezkairuko haur-eskola berria martxan jarriko denez, ikaspostu-kopurua % 22,5 handitu da, baita eskaintzaren parte diren auzo-kopurua ere; era berean, doakotasuna egonkortu da 0-3 urteko ziklo osoan familia guztientzat.

Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkari eta Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren lehendakariak eta Juan Ramón Rábade Erakunde horretako kudeatzaileak gaur goizean azaldu dituzte 2022-2023ko ikasturterako ikaspostu-eskaintza eta matrikulazio-prozesuaren funtzionamendua. Udalak ahalegin handia egin du 0-3 zikloa familiendako doan izaten jarraitzeko, izan ere, 783.985,38 euro bideratu ditu aurten.
Otsailaren 21etik aurrera (astelehena) aurretiko hitzordua eskatzen ahalko da libre dauden ikaspostuetan behin-behineko izen-ematea aurrez aurre egiteko; behin-behineko izen-ematea online egin nahi dutenek telematikoki egin dezakete, cl@vePIN edo NAN elektronikoarekin. Behin-behineko izen-ematea egiteko epea martxoaren 1etik 15era izanen da, eta familiek bi aukera bitarte eskatzen ahalko dute hasiera batean, baina bigarrena bakarrik hartuko da kontuan lehen aukera gisara eskatutakoak esleitu ondoren leku librerik badago. Behin-behineko izen-ematearen aldia eta balorazio-prozesua amaitutakoan, jendaurrean jarriko dira, maiatzaren 9an, behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrenda.

Udaleko Haur Eskolen sareak 952 ikaspostu eskaintzen ditu egonaldi osoan, eta 117, egonaldi erdian, heldu den ikasturterako. Sareak honako lerro hauek eskaintzen ditu: gaztelania, euskara, gaztelania ingelesezko jarduerekin eta euskara ingelesezko jarduerekin. Diseinu hori bat dator 2019an egin zen azterlan soziologikoarekin, zentroetan ingelesaren sustapenari eta euskara komunikazio-hizkuntza duten lekuen ehunekoari dagokienez. Udaleko Haur Eskolek 1979an ekin zioten bere ibilbideari, eta geroztik etengabe hobetzen ari den hezkuntza-proiektu propioa garatzen dute. 2022-2023ko ikasturtean, sareak 12 haur-eskola izanen ditu, Lezkairuko haur-eskola berria abiatzeaz gain Mendebaldeakoa berriz irekiko baita (gaur egun itxita dago egokitzapen-lanak egiten ari direlako).

Eskolatzea doan Udalaren sarean

Ikasturte honetan, berriz ere, familiek ez dute ordaindu beharko beren seme-alabak Udalaren haur-eskola batera eramateagatik, baina egonaldi osoko ikaspostuetan, non halabeharrez jantoki-zerbitzua ematen baita, hori ordaindu beharko dute. Jantoki-zerbitzuaren tarifaren kasuan, familia bakoitzari berea ezarriko zaio, familia-unitateak 2020ko errentan izandako diru-sarreren arabera eta familia eskatzaile mota kontuan hartuta (guraso bakarrekoa edo ez-bakarrekoa). Hileko tarifa bi alderdi horiei erreparatuta ezarriko da gutxienez 25 euroren eta gehienez 95 euroren artean. Egonaldi erdiko ikaspostuetan ez da jantoki-zerbitzua ematen, hortaz, guztiz doan izanen dira.

Egonaldi osoa 07:30etik 16:30era bitartekoa da, eta egonaldi erdian haurra gehienez 4 orduz egonen da eskolan, ez du jantoki-zerbitzua eskaintzen, eta, horrenbestez, 08:00etatik 13:00etara bitarteko aldian gauzatzen da. Udalaren Hello Azpilagaña, Goiz Eder eta José María Huarte haur-eskolek eskaintzen dute egonaldi erdia. Egonaldi erdiko ikaspostuek heldu den ikasturterako eskaintzen direnen % 11 inguru egiten dute.

Ereduei dagokienez, ez dago aldaketarik ikasturte honetan ematen ari direnekin alderatuta. Datorren ikasturtean ateak irekiko dituzten haur-eskolei dagokienez, Mendebaldeak gaztelaniazko eredua du adin-talde guztiendako, egonaldi osoan –berritze-lanak egin aurretik zuen eskaintza bera–, eta Lezkairukoak gaztelania ingelesezko jarduerekin eta euskara ingelesezko jarduerekin eskainiko du adin-talde guztiendako eta egonaldi osoan.

Behin-behineko izen-emateak eta matrikulak

Astelehenean abiatuko da udal-sareko hamabi eskoletara eta Gobernuak kudeatzen dituen bostetara sartzeko prozesua, eta berdina da guztietan. Behin-behineko izen-ematearen epea martxoaren 1etik 15era da. Izapide hori telematikoki egin daiteke https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean (cl@vePIN edo NAN elektronikoa erabilita), edo aurrez aurre. Azken kasu horretan, aurrez hitzordua eskatu behar da 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan edo 948 420 100 telefonoan, edo Udaleko Haur Eskolen webgunean zein www.pamplona.es webgunean (egoitza elektronikoa). Behin hitzordua hartuta, interesdunek autobusetako geltoki zaharrera (sarrera Tutera kaletik) joan beharko dute, dokumentazioa aurkeztera.

Eskolen sarerako sarbidea puntuazio-baremo baten arabera ezarrita dago; puntuazio hori agiri bidez egiaztatu behar da eta puntuak esleitzen dira aurrez finkatuta dauden honako irizpide hauen arabera: familia-unitatearen osaera eta errolda, gurasoen edo legezko tutoreen lan-egoera eta egoera akademikoa, familiaren errenta eta behar bezala justifikatutako behar pertsonal, familiar edo sozial larriak. Haurrak zerbitzu honetara jotzeko adinean dituzten familiei buzoietan banatutako liburuxketan eta www.pamplona.es/escuelasinfantiles zein www.navarra.es webguneetan jasotako informazioan zehazten da formalki zer agirik egiaztatzen duen inguruabar horietako bakoitza eta kasu bakoitzean ematen den puntuazioa.

Behin-behineko onartuen zerrendak eta itxarote-zerrendak maiatzaren 9an argitaratuko dira, eta behin betiko zerrendak, maiatzaren 23an, erreklamazioetarako egun batzuen ostean. Onartutako haurren familiei ez zaie banan-banan jakinaraziko. Gero, onartua izan den familia bakoitzak maiatzaren 23tik 27ra bitarteko epea izanen du dagokion haur-eskolan matrikulatzeko. Ikasturtearen hasiera ofiziala abuztuaren 16an izanen da.
 

¿Te ha sido útil esta página?