Iruñeko Udalbatza Udaletxearen aurrean bildu da emakume eta nesken aurkako indarkeriak desagerraraztea aldarrikatzeko

Iruñeko Udalbatza Udaletxearen aurrean bildu da emakume eta nesken aurkako indarkeriak desagerraraztea aldarrikatzeko
Udalak kanpaina bat prestatu du eremu publikoan hausnarketa sustatzeko, batez ere gazteei zuzendua

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalbatzak, Enrique Maya alkatea buru zuela, gaur eguerdian Udaletxe plazan elkarretaratzea egin du salatzeko emakumeen eta nesken aurkako egiturazko indarkeria mila modu desberdinetan gauzatzen dela, eremu publiko eta pribatu guztietan, eta klase sozial eta testuinguru kultural guztietan. Herritarren aurrean irakurri den adierazpen instituzionalaren edukiaren zati bat da, toki-erakundeek Nafarroako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren bidez adostua, eta bertan Udalak konpromisoa hartzen du agenda politikoan emakumeek eta neskek indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko dituzten eskubideak bermatzeko neurriak txertatzeko.

Udalaren ordezkarien aurrean, esaldi bat lurrean: “Etxera bidean libre izan nahi dut, ez ausart”; izan ere, aurtengo sentsibilizazio-kanpainaren barruan, berriz ere “Aske, ni beti aske” lelopean, Udalak hamar esaldi hautatu ditu, zeinek egunotan hainbat euskarriren bidez herritarrei gogoraraziko baitiete, eta bereziki gazteei, emakumeen kontrako indarkeria egunerokoan ematen dela. Udalaren kanpaina sentsibilizazio-ekintza bat da, kalean bertan gaztelaniaz zein euskaraz jarritako mezuen bidez, eta hiriko institutuen inguruan eta gazteak –ekintza honen publikorik zuzenena– gehien egoten diren hiriko eremuetan garatzen da.

Ekimen honekin batera, Udalak data honen inguruan jarduera-multzo bat antolatu du azaroaren 30era bitarte, gehienak Gaztediaren Etxean. 1999az geroztik, Nazio Batuen erabakiz, azaroaren 25a emakumeen aurkako edozein indarkeria mota desagerrarazteko nazioarteko eguna da, sinetsita baitaude indarkeria horiek guztiek emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituztela eta, errotik ateratzeko, beharrezkoa dela aldaketa sozialak eta kulturalak sustatzea, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz. Hura gogorarazteko, gaur gauean Udaletxeko fatxada morez argiztatuko da.

Gazteek gogoan izateko esaldiak

“Emakumeek gizonen indarkeriari dioten beldurra gizonek beldurrik gabeko emakumeei dieten beldurraren isla da” (Eduardo Galeano), “Ez dakigu zein den gure benetako altuera zutik jartzen garen arte” (Emily Dickinson) eta “Batzuetan sentitzen duzuna ahaztu eta merezi duzuna gogoan izan behar duzu” (Frida Kahlo) esaldiek bat egin dute Bruce Springsteen abeslariak, Malala Yousafzai Pakistaneko aktibista gazteak eta Virginia Wolf idazleak, besteak beste, egindako hausnarketekin.

Esaldiak hainbat kolore nabarmenetako biniloetan inprimatu dira, gaztelaniaz eta euskaraz, eta hainbat ikastetxetako sarreretan jarri dira: Donapea IIP, Plaza de la Cruz BHI, José María Huarte HLHIP, Virgen del Camino IIP, Navarro Villoslada BHI, Basoko BHI, Iparralde DBHI, Iturrama BHI eta Mendillorri BHI. Halaber, Udaletxe plazan, Karlos III.an, Taconeran, Gaztelugibelen eta Zaldi Zurian daude biniloak. Irudi grafiko bera duten kartelak ere egin dira. Kontua da oroigarria bertan egotea eta, horrez gain, mezuak bere publikoa modu proaktiboan "aurkitzea".

Kanpainaren material guztiak gazteak bereziki egoten diren espazioetara bideratu dira; izan ere, oso erakunde desberdinen duela gutxiko txostenen arabera, bereziki kezkagarria da genero-indarkeria dagoela ukatzen duten mutilen ehunekoa gero eta handiagoa dela. Adibide gisa, Droga-mendekotasunaren kontra Laguntzeko Fundazioak pasa den irailean aurkeztutako txosten batek biltzen du 2017tik 2021era bitarte, bikoiztu egin dela hori pentsatzen dutenen ehunekoa (gazteen % 20); hau da, 15 eta 29 urte bitarteko mutilen artean, bost nerabe eta gaztetatik batek uste du genero-indarkeria ez dela existitzen eta “asmakizun ideologiko” bat besterik ez dela.

Sentsibilizazio-kanpaina hori eta haren helburuen zehaztapena joan den urteko abenduan Iruñean emakumeen aurkako indarkeriei heltzeko sortutako lantalde batetik dator. Emakumeen Udal Kontseiluak eskatuta eratu zen, eta bertan parte hartzen dute Herritarren Segurtasuneko eta Gizarte Zerbitzuetako (Emakumeendako Udal Laguntza eta Berdintasuneko Zerbitzuaren bidez) Alorretako udal-teknikariek, bai eta hiriko emakume-elkarteen eta mugimendu feministaren ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren Emakumeendako Arreta Zerbitzuaren ordezkariek ere.

¿Te ha sido útil esta página?