Iruñeko Udalaren ‘Ibiltari’ programak arte garaikidea eraman du hamar bat eskola eta institutuetara ikasturte honetan

Iruñeko Udalaren ‘Ibiltari’ programak arte garaikidea eraman du hamar bat eskola eta institutuetara ikasturte honetan
Ikastetxeetan erakusketa txiki bat egon da ikusgai hamabost egunez Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako lanekin
Irudia
Irudia
Irudia

 

Arte garaikidea ikasleei hurbiltzeko, eta haren bidez, haien adierazpen- eta sormen-trebetasunak sustatu eta haien begirada hezteko xedez, Iruñeko Udalaren ‘Ibiltari’ programak arte zentro txiki bihurtu ditu bederatzi eskola ikasturte honetan. Gelak lehen pertsonan arteaz gozatzeko museo txiki bihurtu dira, eta bertan obrak begiratzeaz gain, ikasleek sormen prozesuan parte hartu dute lantegien eta jardueren bidez.

Ikasturte honetan ‘Ibiltari’ programa hainbat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako azken mailatako ikasgeletan izan da: García Galdeano HLHIP, San Frantzisko HLHIP, Cardenal Ilundain HLHIP eta Mendillorri HLHIP. Baina Mendillorri BHIko, Iturrama BHIko, Biurdana BHIko, Navarro Villoslada BHIko eta Sagrado Corazón ikastetxeko ikasleei ere heldu zaie. Eta, guztietan, lortu nahi zen helburua bera zen: pertsonen ikaskuntza eta hazkuntza bultzatzea artearen bidez.

Espiritu horrekin, ikastetxe bakoitzean bi astez egon da ikusgai Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako sei obra dituen mikroerakusketa. Sei obretatik, formatu handiko bi Zabalguneko Civivoxean zeuden ikusgai, eta gainerakoak ikastetxeetan. Erakusketak, ‘Hitza idatzi eta hots!’ izenburupean, helburu zuen testua liburuaren ohiko formatutik erauzi eta beste euskarri batzuetara eramatea. Hortik dator Txaro Fontalbaren ‘Maitasun eskutitzak’ lana adibidez, poesia idazteko somier baten malgukiak erabiltzen dituena; edo Izaskun Álvarez Gainzaren ‘Zugana bideratzen nauten lorategiak, beti zainduko zaitut, maitea.’, non pinturarekin eta idazketarekin jolasten baitu lau litografiatan. Baita Carlos Cánovasen ‘Mezu anonimoa’ argazkia ere, non ikuslea irudikatzen baitu testu eta grafiez betetako irudi baten aurrean. Erakusketak Karin Dolken bideo bat, Álvaro Negroren koadro bat eta Joan Fontcubertaren argazki bat barne hartzen ditu.

Obra horiek guztiak jarduera eta lantegien bitartez ikasgelan hainbat aspektu lantzeko oinarri izan dira, hala nola, grafia, kultur eta hizkuntza aniztasuna eta eskutitzak idaztea –egun galtzen ari den ohitura–, lengoaia partekatu, intimo eta sekretu baten sorreraren adibide gisa. Alexandra Baurès eta Leire Urbeltz artistek emandako lantegi batean, ikasleek alfalbeto berri bat sortzeko lanean aritu dira, beraien artean idatzi eta komunikazio idatziaren prozesuaren gaineko kontzientzia hartzeko komunikazio-tresna baita. Hala, artearen bidez, eskolako taldeko kideen arteko komunikazioa sustatu da.

“Ibiltari” hitzak esan nahi du toki batetik bestera joatea

‘Ibiltari’ proiektua 2016tik egin dute Iruñeko Udalak eta Alexa Baurés arte garaikidean aditua den komisario independenteak elkarlanean.  Ekimena zenbaiten artean formatu txikiko erakusketa diziplinartekoa osatzean datza, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako sei artelan originalekin. ‘Ibiltari’ izenburuak artearen dimentsio eraldatzailea adierazi nahi du. Euskaraz, ibiltari hitzak esan nahi du (Euskal hiztegi modernoaren arabera) “toki batetik bestera joatea eta bidaiak egitea gogoko duena”.

Ibiltari izatearen ideiarekin bat, bildumako obrak biltegietatik atera eta ikastetxeetara doaz, horiek bi astez erakusketa-gune bihurtuz. Ibilbidearekin jarraituko dute gero, beste ikastetxe batera joanez. Erakusketarekin batera artelanei buruzko azalpen-gida didaktiko bat erabiltzen da ikasgelan lantzeko, eta irakasleei zuzendutako hitzaldi bat eta Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gorako ikasleendako arte garaikidearen hastapenetako lantegi bat egiten dira.