Gaztediaren Etxeko korrespontsal berriemaileek Iruñeko kultur baliabideak bisitatu dituzte aisialdi eta denbora libreko eskaintza bertatik bertara ezagutzeko

Gaztediaren Etxeko korrespontsal berriemaileek Iruñeko kultur baliabideak bisitatu dituzte aisialdi eta denbora libreko eskaintza bertatik bertara ezagutzeko
Helburua da beste gazte batzuei gune hauen kultura- eta hezkuntza-eskaintzaren berri ematea: Gayarre antzokia, Nafarroako Antzerki Eskola eta Filmoteka, besteak beste
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Ezagutu hedatzeko. Premisa hori programaren oinarri hartuta, Gaztediaren Etxeko korrespontsal berriemaileek Iruñeko sei bat kultura- eta hezkuntza-baliabide bisitatuko dituzte ikasturte honetan, beren kideei hiriko aisialdi eta denbora libreko eskaintza ezagutzera emateko. Aste honetan abiatu da Bertatik bertara programa, eta, horren harira, Gaztediaren Etxeko korrespontsal berriemaileen taldeko 70 gazteetako batzuek Gayarre antzokia bisitatu dute. 

Gayarre antzokiko arduradunekin elkartu dira zuzenean, eta instalazioak ezagutzeaz gain, kultur programazioaren berri izan dute, bai eta ikasleendako onuragarriak izaten ahal diren gazteendako beherapen eta eskaintzen berri ere. Ez da berriemaile gazteek eginen duten bisita bakarra. Ikasturtean zehar, kultur-, hezkuntza- eta aisia-gune hauek ere bistatuko dituzte: besteak beste, Nafarroako Antzerki Eskola, Nafarroako Filmoteka, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea. 

Hauxe da programaren helburu nagusia: informazio-korrespontsaliez arduratzen direnek gazteendako eskuragarri dauden zerbitzu eta baliabide publiko guztiak bertatik bertara ezagutzea. Eta hala, informazio hori guztia gainontzeko gazteei helarazi ahal izatea. Aisialdi- eta kultura-aukera horien inguruko ezagutza orokortzeko modu bat da. 

Aurten, 70 gaztek parte hartzen dute Gaztediaren Etxeko korrespontsalia berriemaileetan, ikastetxe bakoitzeko bik. Zehazki, 35 zentrok ematen diete zerbitzu hori ikasleei. Gehienak ikastetxeak badira ere, badaude berriemaileak ikastetxe nagusietan eta ikasle-egoitzetan, baita beste elkarte eta gazteen aisialdirako lokaletan ere. Iruñeko Udalak duela 30 urte jarri zuen martxan programa hori Gaztediaren Etxearen bitartez, hiriko baliabideak ezagutarazi eta gazteek baliabide horiek erabil ditzaten errazteko.

Berriemaileek gazteendako interesekoa izan daitekeen informazioa hautatu eta hedatzen dute. Horretarako, beren zentroetan informazio-panelak jartzen dituzte, eta kideen zalantza eta kontsultei zuzenean erantzuten diete. Halaber, informazio-gune birtual bat kudeatzen dute, beste komunikabide batzuen artean, eta aldian-aldian eguneratzen dute. Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegoak informazioa zentralizatu eta berriemaileei laguntza eta aholkularitza ematen die intereseko datu guztiak zentroetara helaraz ditzaten.

Eskuragarri dauden baliabide guztiak bertatik bertara ezagutu ahal izatea lagungarria da zalantzak argitu eta informazioa helarazteko.

¿Te ha sido útil esta página?