% 10 handitu da Iruñeko Udalaren Bide Garbiketako Zerbitzuaren plantilla. Izan ere, langileek izan ohi dituzten egitekoez gain, beste zeregin bat dute udazkenean: hirian 120.000 zuhaitz baino gehiago daude, eta horietatik erortzen diren hostoak bildu behar dituzte. Berdeguneen Zerbitzuarekin batera egiten da esku-hartze hori, eta, garbitzeaz gain, helburua da espaloiak, bidegorriak eta errepideko bideak seguragoak izatea, baita estolda-zuloak buxatu daitezen saihestea ere. Aurreikuspenen arabera, hilero 220 tona hosto inguru bilduko dituzte bi udal-zerbitzuek hostoen denboraldiak irauten duen bitartean, urteko beste hilabeteetan jasotzen den hosto kopuruaren hirukoitza.
130 langile aritzen dira garbiketa-lanetan hilabete hauetan, eta hauek dira lan-txandak: goizez (langileen % 60), arratsaldez (langileen % 30), eta gauez (langileen % 10). Langile kopurua areagotzeaz gain, Bide Garbiketako Zerbitzuaren jarduna berrantolatu beharra dago hostoak biltzeko lanen ondorioz. Egin beharreko egokitzapenei dagokienez, ekorketa-zerbitzuek % 50 egin dute gora, eta, horretarako, urarekin garbitu ordez, ekorketa-zerbitzu mistoak jarri dira martxan: espaloia eta galtzada erratz-makinaz garbitzen dira, eta, horrekin batera, hosto-haizagailua erabiltzen dute beste langile batzuek.
Prozesuari hasiera emateko, egunero berrikusten dute egoera udal-ikuskariek eta zerbitzuaren arduradunek, egunerako behar diren baliabideak zeintzuk diren erabakitzeko. Hori kalkulatu eta gero, garbiketa-brigadak dagokion eremura joaten dira, eta bertan, hosto-tontor handiak osatzen dituzte erratz-makinen, hosto-haizagailuen eta eskuareen laguntzaz. Erratz-makinak husteko behar den denbora murrizte aldera, hostoak biltzeko kutxak jarri dira hiriko zenbait tokitan, eta aldi baterako erabiliko dira kutxa horiek.
Ondoren, Miluzeko mintegietara eramaten dira hostoak, eta trinkotze-prozesuari ekiten zaio bertan. Ongarri bihurtzen dira, eta, horri esker, batez beste 250 eta 300 m3 ongarri erabiltzen dira urtean hiriko lorategietan. Hori gutxi balitz, behera egiten dute hondakinak Gongorako zabortegira garraiatu eta bertan husteko esku-hartzeek, eta merkatu egiten da Berdeguneen Zerbitzuaren erosketen faktura.