Iruñeko Udalaren ‘Bizieskolak’ 900 pertsona baino gehiagori hirian bizikletaz segurtasunez eta erraztasunez ibiltzen irakatsi die 2017az geroztik

Iruñeko Udalaren ‘Bizieskolak’ 900 pertsona baino gehiagori hirian bizikletaz segurtasunez eta erraztasunez ibiltzen irakatsi die 2017az geroztik
Proposamenak hainbat maila eskaintzen ditu: bizikletan inoiz ibili ez direnendako zein, jada, nolabaiteko abilezia dutenendako
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustuaren ildoan Bizieskolako beste edizio bat antolatu du: herritar helduei bizikletaz ibiltzen ikasteko eta beren abilezia hobetzeko aukera ematen dien tresna. Guztira, 32 lagunek hartu dute parte hilaren hasieran amaitu zen ekimenean, batez ere emakumeek. Aurtengoa kontuan hartuta, 19 edizio egin dira 2017an programa martxan jarri zenetik. Proposamen honi esker, denbora tarte horretan, guztira, 911 lagunek ikasi dute bizikletaz ibiltzen edo gurpilen gaineko trebetasuna hobetu dute. 

Bizikletendako azpiegiturak hobetzearekin batera, funtsezkoa da egunerokotasunean bizikletan ibiltzeko gai den biztanleria trebatua izatea. Hori dela eta, Udalak ikastaro horiek eskaintzen ditu doan, gaztetan bizikletan ibiltzen ikasteko aukerarik izan ez zuten edo hirian bizikletaz ibiltzeko segurtasunik ez duten helduendako. Ikastaroak udaberrian eta udazkenean antolatu ohi dira, eta sei eta zortzi ordu bitarte irauten dute, asteko lau arratsaldetan banatuta. 

Azkenengo edizioa irailaren 22tik urriaren 2ra bitarte egin zen. 32 parte-hartzaileak hainbat mailatako bederatzi taldetan banatu ziren, pertsona bakoitzaren beharrei hobeto egokitu ahal izateko. Ikastaro guztiak Ingurumen Hezkuntzako Museoan egin ziren, Arrotxapean. Zehazki, hastapen-mailako lau talde sortu ziren, eta bizikletaz ibiltzeko oinarrizko ezagutzak irakatsi ziren, bizikletan inoiz ibili ez diren eta pedalei eragiten eta orekari eusten ez dakiten pertsonendako pentsatuta baitago. Talde horiendako hainbat ariketa egin ziren, hain zuzen, bi gurpilen gainean oreka mantentzera bideratuta. Prestakuntzako sei orduak amaitzean, gehienak gai dira ibilbide motzetan pedalei eraginez ibiltzeko. Lehen urratsa da, ondoren segurtasuna, trebetasuna eta konfiantza. 

Bizieskolak trebatzeko ikastaroak ere eskaintzen ditu. Azkeneko edizioan lau talde osatu dira, bakoitza sei eskola-ordurekin. Kasu honetan, parte-hartzaileek hainbat maniobra entseatu eta entrenatzeko aukera izan dute: biraketak, balaztadak, hanka ateratzea ez erortzeko eta objektuak eta pertsonak saihestea, besteak beste. Halaber, mekanikako oinarrizko nozioak ikasi dituzte, bizikletaren eta haren segurtasun-elementuen egoera ezagutze aldera, frenoak doitzea kasurako. Eskola teorikoak Ingurumen Hezkuntzako Museoan ematen diren arren, trebetasun-ikastaro hauetan, ikasleak Arantzadi parkera ateratzen dira bizikletaz ibiltzera, dituzten ezagutzak praktikan jartzeko gune bat izanik, aldi berean segurua delako,  ez baita  ibilgailu motordunik ibiltzen inguru horretan.  Noizean behin bide lasaietan barnako ibilaldiak egin dituzte, hala nola Arga Ibaiaren pasealekuan. 

Azkenik, Bizieskolak hirian barna ibiltzeko berariazko ikastaroak ere eskaintzen ditu. Kasu honetan, talde bakarra eskaini da, eta parte-hartzaileek zortzi orduko prestakuntza jaso dute. Ikastaroa bizikletaz ibiltzera ohituta dauden pertsonei zuzenduta dago, bide-hezkuntza funtsezko atala du eta honako alderdi hauetan sakontzen du: zirkulazio-araudia, seinaleak eta oinezkoekin, autoekin eta gainontzeko ibilgailuekin partekatutako espazioan segurtasunez zirkulatzea. Ikastaro honetan hirian barnako benetako ibilbideak egiten dira, bai bidegorrietan, bai errepidean ere, eta hainbat gauza ikasten dira: besteak beste, galtzadara sartzeko maniobrak hobetzen eta biribilgune batean sartzeko seinaleak egiten, baita gainontzeko ibilgailuei bizikletaren presentziaz ohartarazten eta gurutzabideetan nola jokatzen ikasten ere, betiere bi begiralek gainbegiratuta. Halaber, azken edizioko parte-hartzaileek aukera izan dute mekanikari buruzko funtsezko alderdiak birpasatzeko eta hiriko sare ziklista ezagutzeko.

¿Te ha sido útil esta página?