Urtarriletik, Buztintxurin (Buztintxuriko pasealekua 22, behea) bizikletak konpontzeko lantegi berri bat dago. Baina besteengandik desberdin egiten duten hainbat ezaugarri ditu: publikoa da, egun erabiltzen ez diren edo hondatuta dauden bizikletak berreskuratzen ditu, enplegagarritasun baxuko profila duten pertsonekin lan egiten du eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei lagako dizkie bizikletak. Iruñeko Udalak dagoeneko martxan jarri du ‘Birzikletatu’ programa, 7 pertsona kontratatu dituen enplegu sozialeko proiektua.Hasieran erabiltzen ez diren bizikletak konpondu eta berreskuratzeko izanen da, eta, etorkizunean, gauza bera eginen du mugikortasuneko beste elementu batzuekin, esaterako aulkitxo edo gurpildun aulkiekin.
Gaur goizean Hirigintzako Udal-batzordea Udalaren jabetzako lokal berrian izan da, dagoeneko lanean hasita baitaude. Polizia-unitaterako izanen diren 10 bizikletarekin ekin diote lanari. Bizikletak urte batzuk zeramatzaten gordeta, eta aztertu beharrean zeuden. Laster gehienetan bertan utzi dituztelako garabiak hiriko hainbat eremutatik jasotako bizikletak konpontzen hasiko dira, askotan hondatuta egoten baitira. Inork eskatzen ez baditu, bizikleta horiekudal-egoitzetan pilatzen joaten dira inork erabili gabe. Une honetan, Udaltzaingoak iaz jaso zituen 347 bizikletetatik 230 inguru daude biltegian.
Une honetan partikularrek dohaintzan emandako 15 bizikletekin ari dira lanean, izan ere, proiektuak partikularren eta enpresen dohaintzak jasotzeko aukera ere ematen baitu; are gehiago, barne-erabilerako udal-bizikleten mantentze-lanak ere bere gain hartzen ahalko lituzke. Dohaintzak egiteko interesa dutenek proiektuarekin harremanetan jartzeko 948420789 telefonora deitzen ahal dute edo empleosocial@pamplona.es helbide elektronikora mezu bat bidali.
Nafar Lansareren (SNE- NL) deialdian parte hartuko duen proiektu honen bitartez, Iruñeko Udalak bizikleta horiek garraiobide jasangarri gisa berrerabiltzearen alde lan egin nahi du, Iruñeko 2030 Hiri Agendaren balioekin bat etorriz, horretarako langabeak gaituz eta, horrez gain, bizikletak zaurgarritasun-profilak dituzten pertsona eta familiei bideratuz. Udalak langileak hautatu ditu, beren soldaten zati bat ordainduko du eta lan egiteko mahaiez, tresna-panelez eta bizikletendako hiru tripode-euskarriz hornitutako lokalak jarri ditu (190 m2, bulegoa eta emakumezkoen eta gizonezkoen aldagelak). Lokala Iruñeko Udaleko Gizarte Enpleguko Obra-, Pintura- eta Soldadura-lantaldeek egokitu dute.
190 m2 zazpi lanpostutarako
Joan den urtarrilean Udalak Errenta Bermatua jasotzen duten zazpi langabe kontratatu zituen: lanaldi osoko ofizial bat eta sei peoi % 80ko lanaldian. Nazionalitate ezberdinetako lau gizon eta bi emakume dira. Lanpostu hori eskuratzeko ez dute bizikleten mekanikari buruzko aldez aurreko ezagutzarik behar izan, programa hori Iruñeko Udalaren enplegurako prestakuntzaren barruan sartzen delako; izan ere, kontratazioaren helburuetako bat da konponketarako gaitasun teknikoak eta hainbat tresnen erabilera eta zeharkako lan-trebetasunak irakastea, enplegagarritasun-maila hobetzeko eta etorkizunean laneratzea lortzeko.
Arduraduna irakasle espezializatua da eta langileei teoria eta praktika irakasten die aldi berean, bi pertsonako hiru lantaldetan banatuta. Programak Gizarte Enplegu Babestuko udal-programako gizarte-langile baten laguntza du. Azken helburua da parte-hartzaileek prestakuntza egiaztatu ahal izatea konponketa- eta mantentze-lanetan emandako esperientzia-orduengatik.
Kontratuaren iraupena sei hilabetekoa izatea aurreikusten da, uztailera artekoa. Proiektu berri horrek espektatibak betetzen baditu, eta berreskuratzeko bizikleta ugari baditu eta konpondutako produktua jasotzeko jende nahikoa badu, lantegia jarduera-lantalde egonkor gisa finkatu liteke, gainerako udal-lantaldeekin batera. Udala arduratu da langileak aukeratzeaz Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldearen bidez.
Konponketak helburu sozialarekin eta Udalarentzat
‘Birzikletatu’ sistema zirkular gisa diseinatuta dago, ez soilik ibilgailuei dagokienez, izan ere, egoera zaurgarrian dauden pertsonek konpontzen dituzte eta egoera berean dauden pertsonendako eta familiendako dira. Lagapen- edo mailegu-sistema bat ezartzea da asmoa, nahiz eta sistema horren baldintzak eta kontrol-sistema zehazteke dauden oraindik.
Esperientzia pilotu gisa ulertuta, edukiak sortzen diren aukeren arabera egokituko dira. Horrela, lantegiko produktua Galdutako Objektuen Bulegoan jasotako edo partikularren edo enpresen dohaintzen bidez jasotako haurtxoen aulkitxoetara edo gurpil-aulkietara dibertsifikatzea planteatzen da. Barne-erabilerako udal-bizikleten mantentze-lanez ere arduratu liteke. Izan ere, bere lehen lana hamar bat bizikleta urdin berrikustea izan da, parrillaz eta maletaz prestatu eta eranskailu islatzailez hornituta etorkizuneko bizikletazko polizia-unitatearen zerbitzura jartzeko.