Iruñeko Udalaren 500 urtetik gorako zeremonialaren historia biltzen duen liburu bat editatu du Udalak

Iruñeko Udalaren 500 urtetik gorako zeremonialaren historia biltzen duen liburu bat editatu du Udalak
Lanak XVI. mendeaz geroztik sinbologiak Iruñeko hiriaren ikuskera eta ezaugarriak hedatzeko izan duen garrantzia balioesten du

 

 

Iruñeko Udalak zientzia-dibulgazioko argitalpen bat editatu du, ‘Pampilona Urbs Regia. El ceremonial del Ayuntamiento de Pamplona desde el siglo XVI hasta nuestros días’ izenburupean, zeinak Iruñeko Udalaren azken bost mendeetako arte, festa eta zeremonialaren azterketa bat aurkezten baitu. Lanak sinbologia horrek herritarrei begira hiriaren irudia eta nortasuna eraikitzeko eta hedatzeko aspalditik izan duen garrantzia islatzen du. Argitalpenak beste helburu bat ere betetzen du, hiriaren ondare immateriala babestu eta zabaltzea. Kasu honetan, gainera, Udala bera da kultur adierazpen horien protagonista eta bermatzailea.

Gaur goizean aurkeztu dute liburua Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak eta liburuaren egile Alejandro Aranda Ruiz doktoreak. Egileak bere doktore-tesiaren parte bat aurkezten du Doktoretzako Sari Berezia jaso duen monografia honetan, zeinetan hizpide baitu Nafarroako Erresumaren eta Iruñeko hiriaren erakundeen zeremoniala Antzinako Erregimenean, XVI. eta XVIII. mendeen artean. Hala argitalpenak nola tesiak, xeheki dokumentatuta, argitaragabeko hainbat datu biltzen dituzte, honako hauetan jasotakoak: kontsulta-liburuak, zeremonial-liburuak, librantzak eta ordainketa-aginduak, posta-trukea, bandoak eta pregoiak, kronikak, festa eta sermoien zerrendak, eta abar. Liburua idazteko milaka agiri kontsultatu dira Iruñeko Udal Artxiboan, Nafarroako Artxibo Nagusian eta beste entitate batzuetan.

Udalak 950 ale banatu ditu. Liburuak 457 orri ditu, azal gogorra, argazkiak koloretan eta argitalpen honetarako berariaz sortutako ilustrazioak eta infografiak. Hori guztia formatu handiko (21 x 29 cm) liburu zaindu batean. Monografia kontsultarako eskuragarri egonen da liburutegi publikoetan. Halaber, liburu-dendetan ere eskuratu ahalko da, 20 euroan.

Proiektu honekin lotutako ekintzak osatze aldera, otsailaren 18an, ostegunarekin, mahai-inguru bat programatu da. Bertan egilearekin batera, Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendari Jorge Urdánoz eta arloko zenbait aditu izanen dira, eta Iruñeko Udalaren zeremonialaren bilakaera birpasatuko dute. 19:30ean izanen da, Ziudadelako Arma Aretoko beheko solairuan.

Alejandro Aranda Historian graduatua da Nafarroako Unibertsitatean (2014), eta doktorea Giza Zientzietan unibertsitate berean (2019) ‘Artea, festa y zeremoniala Antzinako Erregimeneko Iruñean. Hiri baten irudia’ tesiarekin. 2018an ikerketa-egonaldi bat egin zuen Mexikoko Nazio Unibertsitate Autonomoan. Nafarroako Ondare eta Arte Katedrako kide eta koordinatzailea da, eta Iruñeko nahiz Tuterako Artzapezpikutzako Zerbitzu Kulturalaren arduraduna. Hainbat artikulu eta komunikazio idatzi ditu nazioko zein nazioarteko biltzarretan, eta fitxa katalografiko, hitzaldi eta dibulgazio-testuen egilea da.

Bost mende baino gehiagoko ‘hiri-marka’

Zientzia-dibulgazioko testu hau idazteko –tesiak baino bi mende gehiago hartzen ditu kontuan–, egileak 1738an Udalaren zeremonial nagusian ezarritako banaketa hartu du inspirazio-iturri. Hain zuzen, edukia lau kapitulu handitan banatuta dago: ohiko zeremoniak, apartekoak, hiriak Gaztelako monarkiarekin zuen harremana gauzatzen zutenak (Hiria eta Erregea), eta azken kapitulua, XIX. mendetik gaur egunera bitarteko udal-zeremoniala ardatz hartuta.

Pampilona urbs regia’ liburuak udal-zeremonialaren ikuspegi orokorra ematen dio irakurleari, 500 urte baino gehiagoko ibilbidean. Eraikuntza-prozesua XVI. mendean abiatu zen, eta goia jo zuen hurrengo bi mendeetan. Protokoloak, erritual zibikoek eta elementu sinboliko, alegoriko, heraldiko eta erlijiosoek osatutako unibertsoak berebiziko garrantzia izan zuten udalen eta horiek ordezkatzen zituzten hirien irudi eta nortasuna eraikitzeko eta zabaltzeko.

XIX. eta XX. mende asaldagarrietako zeremonialaren ikerketa liburuaren kapitulu zehatz batean egiten da, Udalaren beraren aginduz. Bertan jasota datoz, zehatz-mehatz, 200 urte horietan izandako berritasunak eta tradizioen berreskurapena, horietako asko Nafarroak eta Espainia osoak bizi zuten egoera politikoari lotuak. Esate baterako, demokrazia ezartzeak berekin ekarri zuen udal-protokoloa finkatzea, baita berritasun batzuk ere, besteak beste, zinegotzi emakumeen gala-jantzien ingurukoak, Iruñeko historian lehen aldiz osoko bilkuren aretoan zinegotzi emakumeak sartu zirelako. Ekitaldi garrantzitsuak ere berreskuratu ziren, hala nola udal berria eratzeko zeremonia. Horren guztiaren berri ematen du egileak, arlo horretan Iruñerako azken mugarri aipagarrira heldu arte, jada XXI. mendean: 2016an onetsitako ‘Iruñeko Udalaren Protokolo, zeremonial, ohore eta sariei buruzko erregelamendua’.

Egileak bere lanean adierazten duen bezala, zeremonial zibikoa tresna gainena da Iruñearentzat hiriaren irudia ordezkatu eta zabaltzeko. Antzina, baita gaur egun ere, erakundeak herritarren aurrean aurkezteko erabiltzen duen irudia da zeremoniala, eta arrandia nahiz errespetu handiz, gogora dakarzkigu Hiriaren beraren eta haren balioen gorespenarekin lotutako kontzeptuak.

¿Te ha sido útil esta página?