
Iruñeko Udalak Kirola eta inklusioa izeneko udal-programa eskainiko du aurten ere: kirolaren eta hezkuntza-aisialdiaren bidez egoera kalteberan dauden gazteen eta, batez ere, gazte migratzaileen inklusioa sustatzen du. Joan den ikasturtean esperientzia pilotu bat garatu zen programaren barruan, eta aurten ere aurrera eginen du horrek: Iruñeko Kirol eta Gizarte Sare Komunitario baten ingurukoa izanen da, eta elkarteak eta entitate sozialak izanen dira sarearen parte. Proiektuak Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeak eginiko aurrekontuen zuzenketa bat gauzatzen du.
Prozesuak honako hauek barne hartuko ditu: diagnostikoa eta planifikazioa egiteko hasierako lehen fasea, sarea aktibatzeko topaketa bat, prestakuntza metodologikoa, laguntza teknikoa (hilabetero) eta jarduera komunitario partekatuak. Fútbol Más elkartea arduratuko da proiektuaren laguntza teknikoaz. Proiektua irailean jarriko da abian, eta jarduera hauek aurreikusten dira: hileroko topaketak, kirol-jarduera komunitario irekiak, eta egitasmoari amaiera emateko, kultur arteko kirol-txapelketa, topatzeko eta prozesua ospatzeko azken bizikidetza-ekitaldi gisa.
Aurreikuspenen arabera, Kirola eta inklusioa ekimenak lau hilabete iraunen du, eta helburu du gazte migratzaileen eta egoera kalteberan dauden gazteen inklusioa eta parte-hartze soziala sustatzea kirol-jardueren, hezkuntza-aisialdiaren eta toki-entitateen gaitasunak indartzearen bidez, xede horretarako gune seguruak, harreman positiboak eta kultur arteko bizikidetza sustatuta.
Programan parte hartzeko interesa duten elkarteek diversidadcultural@pamplona.es korreora eskabide bidalita ematen ahal dute izena.