Rocío Bello eta Javier Hernandoren ‘Macarrones con tomate’ eta May Gorostiagaren ‘Berriro mundu berri bat’ dira Haurrendako Antzerki Testuen XXXV. Lehiaketaren irabazleak

Rocío Bello eta Javier Hernandoren ‘Macarrones con tomate’ eta May Gorostiagaren ‘Berriro mundu berri bat’ dira Haurrendako Antzerki Testuen XXXV. Lehiaketaren irabazleak
Aurtengo edizioan, euskaraz 10 lan aurkeztu dira, eta gaztelaniaz, 120

Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako Haurrendako Antzerki Testuen XXXV. Lehiaketaren barruan, hauek izan dira irabazleak: euskarazko modalitatean, May Gorostiagaren Berriro mundu berri bat, eta gaztelaniazkoan, Rocío Bello y Javier Hernandoren Macarrones con tomate. Aurtengo edizioan, 130 lan aurkeztu dira guztira, 10 euskaraz eta 120 gaztelaniaz, eta gaztelaniazko modalitatean Latinoamerikako egile askok parte hartu dute.

Lehiaketak xede du haurrei zuzendutako antzerkigintza sustatzea, antzerki garaikidea sendotu eta bultzatzea eta antzerkiaren esparruan txikienen aberastasun kultural eta artistikoa handitzea. 18 urtetik gorakoek parte hartzen ahal zuten lehiaketan, eta gehienez ere hiru testu aurkezten ahal ziren, betiere jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Gainera, ezin ziren aurkeztu beste edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek (profesionala izan zein ez) lehendik antzeztutakoak ere. 

Sari ekonomikoa 3.000 eurokoa da modalitate bakoitzeko, eta horrez gain, egileen lanak antzezlan gisa taularatuko dira. Macarrones con tomate lana Nafarroako Antzerki Eskolaren Eguberrietako programazioarekin batera taularatuko da, eta Eskolak berak zuzenduko du. Berriro mundu berri bat azaroaren bukaeran antzeztuko da estreinakoz, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta May Gorostiaga egileak berak, INTUJAI konpainiak eta Nafarroako Antzerki Eskolak zuzenduko dute. Ondoren, eskola-kanpaina bat eginen da bi antzezlanekin.

Macarrones con tomate

Epaimahaiaren arabera, nabarmentzekoak dira Macarrones con tomate lanaren antzerkigintza-eraikuntzaren garbitasuna eta soiltasuna, eta bereziki aipagarria da lanaren idazketaren eta pertsonaiaren ahotsaren arteko koherentzia. Haur bati aitona hiltzen zaio, eta “Jacintora” doa bizitzera, bertan Lucía eta Paco bizi baitira, umearen abegi-familia, alegia. Hasiera batean, zaila izanen zaio egokitzea, baina egunak igaro ahala, gauza berriak ezagutzen joanen da, eta gauza horietako batzuk atsegin izanen ditu eta guzti. Bizitza berri bat ezagutzeko prozesuari buruzko lan bat da. 

Epaimahaiaren hitzetan, “antzerkigintzaren purutasunak itxuraz soila, zuzena eta umoretsua den hizkera batekin laguntzen du protagonistaren haur-begirada, eta hala, haurraren ahotsak berak ematen digu umeak bizi duen hori pixkanaka ezagutzeko aukera. Gaztelaniazko modalitateko epaimahaia honako hauek osatu dute: Lola Fernández de Sevillak, Javier Pérez Eguarasek eta Estíbaliz Balda Afonsok.

Rocío Bellok eta Javier Hernandok elkarrekin irabazi zuten Haurrendako eta Gazteendako ASSITEJ Antzerki Saria (2016), Estrellas y agujeros negros (entre otras cosas) (Izarrak eta zulo beltzak (besteak beste)) lanari esker, baita SGAE Haur Antzerki Saria (2019) ere, Necesito una flor (Lore bat behar dut) lanaren eskutik. Javier Hernando (Ávila, 1986) Los Bárbaros konpainiaren eskutik aritu da antzerkigintzan azken urteotan, eta Miguel Rojorekin batera gidatzen du talde hori. Rocío Bellok (Lugo, 1978) Mi película italiana (Nire film italiarra) estreinatu zuen 2019an, Madrilgo Teatro Español antzokian. Antzerkigile gisa, Cris Blancoren azken bi antzezlanak sortzen lagundu du. 

Berriro mundu berri bat lanaren laburpena eta balorazioa

 Epaimahaiaren iritziz, Berriro mundu berri bat lan dibertigarria da, egun pil-pilean dauden gaiak jorratzen dituena, eta haurren interesekoa ikuskizun bihurtzen ahal da. Ekintza toki bakar batean gertatzeari esker, lana gune handi zein txikietan taularatzen ahal da. Ahal duten guztietan, Sorkun eta Ekine ganbarara edo, beraiek esaten duten moduan, ‘Sorkuntza garrantzitsuen laborategira’ doaz asmakizunak sortzera. Marmitako lagun maiteak eta izebaren maitasunak lagunduta, haien irudimenak, antza, ez du mugarik... Baina haien asmakizunen argia itzaltzen ahal duen norbait dago: Ilun Jauna. 

Manuel María Gorostiaga Pozo (May Gorostiaga) Tolosako pailazo, narratzaile, aktore, irakasle, sortzaile eta antzerki-zuzendari bat da. 30 urte baino gehiagoko eskarmentua du, eta humorearen iturri klasikoenetatik edaten du, baina adierazpide mota berriak esploratzen jarraitzen du Hitzak eta egoerak eragiten ditu, une desberdinetan irribarrerik inozente eta korapilatsuenak ateratzeko. Bea Larrañagarekin batera INTUJAI Teatro proiektua sortu zuen 2006an. Euskarazko modalitateko epaimahaiak epaimahaikide hauek ditu: Lorena Arangoa, Iordan Rodorov eta Imanol Haranburu. 

¿Te ha sido útil esta página?