2021a Done Jakueren Urtea da. Egungo osasun-egoera eta mugitzeko murrizketak gorabehera, Iruñeko Udalak Donejakue bidearen hirian barnako ibilbidearen garrantzia aitortu nahi du “Bidea etxean hasten da. Bidea zugan hasten da” kanpainaren bitartez. Iruñeak Done Jakueren Urte Santua ospatzeko proposamena egin du hirian barnako ibilbidearen 4 kilometroak eginez eta bere historia, gertaera gogoangarriak, monumentuak eta zeharkatzen dituen kaleak ezagutuz.
Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak eta Sara Martínez Iruñeko Hotelen Elkarteko lehendakariak gaur goizean aurkeztu dute kanpaina, zeinak hainbat material eta multimedia edukiren bidez herritarrak gonbidatzen baititu Donejakue Bideak hirian dituen aztarnak ezagutu ditzaten. 4 kilometro dira, oinez ordubete inguruko ibilbidea, zailtasun handirik gabekoa, Burlatako bidetik hasita eta Frantziako portaletik sartuta unibertsitate-campusean amaitzen den arte, Alde Zaharra eta Taconera eta Ziudadelako parkeak zeharkatu ondoren. Baina ibilbide fisikoaz gain, Bidea historia, tradizioa, artea, kultura eta introspekzioa ere bada.
Iruñeko Udalak herritarrak engaiatu nahi ditu Donejakue bidearen errealitatean eta hiriarekin duen harreman historikoan, eta horretarako abian jarri ditu sustapen-bideo bat, Bidearen mugarri nagusiak azaltzen dituen liburuxka bat eta artearen, kulturaren eta naturaren inguruko galde-erantzunen lehiaketa (Iruña Quiz) bat. Material horiek aurkitzen, ikusten eta/edo deskargatzen ahalko dira Udaleko www.pamplona.es eta www.pamplona.es/turismo webguneetan, ‘Pamplona – Iruña’ mugikorretarako aplikazioan, Ultreia Zentroan eta Iruñeko Hotelen Elkartearen establezimenduetan. Hain zuzen ere, Iruñeko hotel horiek urtean zehar prezio bereziak eta deskontuak eskaintzen dizkiete bertan ostatu hartzen dutenei eta Donejakue bidea egiten ari direnei.
Halaber, apirilaren 1etik 11ra bitarte, Iruñeko Udalak bisita gidatuak antolatuko ditu Donejakue Bidera. Hirian dagoen Donejakue Bideko tarte batean barnako ibilbidea izanen da, Frantziako portaletik abiatuta, 12:00etan, eta helmuga kale Nagusian dagoen Ultreia Zentroan egonen da. Ultreia Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa da, denontzat irisgarria, hiriaren historia eta honek Donejakue Bidearekin duen harremana aurkezten dizkigu baliabide interaktiboen eta ikus-entzunezkoen bitartez. Bisita gidatuak, 11 lagunendako edukierarekin, 5 euroan salduko dira. Izen-emateak Turismo Bulegoko zutabean egin daitezke eta online Turismoko webgunea webgunean. Bisitak eginen diren unean indarrean dagoen araudira egokituko dira, beraz, aldaketak egon litezke (edukieran, edo bestelakoetan).
Donejakue Bideko bitxikeriak
Argitaratutako liburuxkak Donejakue Bideko tarte iruindarra eta hamar bat leku esanguratsu dituen hiriko planoa biltzen ditu. Bertan, honako hauek laburki deskribatzen dira: Erdi Aroko Magdalenako zubia, Iruñeko harresiak, Andre Maria katedrala, Udaletxea, San Saturnino edo San Zernin eliza, Kondestablearen jauregia, Ultreia Zentroa, Taconerako lorategiak, Ziudadela eta Nafarroako Unibertsitateko campusa, azken hau Donejakue Bideak hirian zeharkatzen duen azken tokia. Halaber, ibilbide horretan zehar gozatu ahal izanen den eskaintza gastronomikoa eta komertziala gogorarazten da. Triptikoa hemen deskargatu daiteke: www.pamplona.es.
Sustapen-bideoa Udaleko sare sozialen profiletan egonen da ikusgai, eta Donejakue Bideaz gozatzearen, hura ibiltzearen, bizitzearen eta sentitzearen ideia azpimarratzen du, pandemiaren ondorioz aurtengoa bestelako urtea baita. Bideoan agertzen den moduan, pertsona guztiek “merezi dute” Donejakue Bideko tarte iruindarra ezagutzea, Iruña Bideko lehen hiria baita. Izan ere, Donejakue Urte honetan “Bidea etxean hasten da. Bidea zugan hasten da”.
Donejakue Bidearen inguruko ‘Iruña Quiz’ jolasa
Udalak ‘Iruña Quiz’ lehiaketaren beste edizio bat prestatu du, oraingoan Donejakue Bidean oinarrituta. Pasa den abenduan abiatu zen ekimen hori tokiko turismoa sustatzeko, eta orain asmo berarekin ekin diote berriz. 18 urtetik gorakoek parte hartu dezakete aurreikusitako bi modalitateetan, bai ‘Pamplona – Iruña’ aplikazioaren bidez, bai www.pamplona.es/turismo webgunearen bidez, eta hainbat sari irabaz daitezke.
Apirilaren 1etik 11ra bitarte, Donejakue Bideari eta Iruñeari buruzko 44 galdera argitaratuko dira guztira, egun bakoitzean 4. ‘Pamplona – Iruña’ mugikorretarako aplikazioaren bidez parte hartu daiteke; horretarako, aplikazioa deskargatu eta GPS kokapena eta bluetooth-a aktibatu beharko dira. Egunero parte-hartzaileek 4 abisu desberdin jasoko dituzte, galderekin eta galdera horiei erantzun ahal izateko balizara joateko jarraibideekin. Balizaren parean, QR kodea eskaneatu beharko da, galdera bilatu eta erantzun. Modalitate horretako sariak puntuazioaren arabera emanen dira. Webguneko lehiaketan www.pamplona.es/turismo/quiz webgunean argitaratutako formularioa bete behar da, eta egunero argitaratuko diren galderei zuzen erantzun. Gutxienez 3 edo 4 erantzun zuzen dituzten txartelen artean zozketatuko dira sariak.
Sari gisa gauak hoteletan eta hotel-establezimenduetarako zigilua
Ekimenaren kolaboratzaile den Iruñeko Hotelen Elkarteak bost sari eskaintzen ditu: gau bateko ostatua eta gosaria establezimenduetan, hala nola NH Iruña Park, Maisonnave, Tres Reyes, Castillo de Gorraiz eta El Toro hoteletan. Zenbait kasutan, afariak eta spa zirkuituak barne hartzen dira. Halaber, sari gisa hamar sorta ezarri dira, honako produktu hauekin osatuak: motxila bat, Sanferminetako zapia, Iruñeari buruzko liburua, euritakoa eta beste opari batzuk.
Iruñeko Udalak eta Iruñeko Hotelen Elkarteak zigilu bat sortu dute hotel-establezimenduetan ostatu hartzen duten erromesen egiaztagiria ere bertan zigilatzeko. Aterpetxeetan gertatu ohi den moduan, bereizgarri hori eman nahi zaie Bidea egin eta hoteletan ostatu hartzea aukeratzen dutenei, ‘Compostela’ lortu dezaten erromesbidea amaitutakoan. Zigilu horretan nabarmentzen da Iruña “Bidean lehena” dela.
Halaber, Iruñeko Hotelen Elkarteak urtean zehar tarifa bereziak eta deskontuak eskaintzen ditu Donejakue Bidea egiten ari diren erromesentzako, eta establezimendu bakoitzak dituen hainbat zerbitzu haien esku jartzen ditu (bizikletendako gunea, spa, masajeak, kontsigna...). Sukaldaritza-zerbitzua duten establezimenduek (gehiengoak) irteterakoan piknik bat ere eskaintzen dute eguneko etapari indarrez aurre egin ahal izateko