Iruñeko Udalak parte-hartze aktiboko zortzi ikastaro eskaintzen ditu urteko bigarren hiruhilekorako: nahi duenak parte hartzen ahalko du

Iruñeko Udalak parte-hartze aktiboko zortzi ikastaro eskaintzen ditu urteko bigarren hiruhilekorako: nahi duenak parte hartzen ahalko du
Asteartean irekiko da ikastaroetan izena emateko epea eta honako gai hauek landuko dira, besteak beste: boluntariotza, elkartegintza eta sare komunitarioak
cursos de participación

 

Iruñeko Udalak hainbat ikastaro antolatu ditu urteko bigarren hiruhilekorako: parte-hartzearen inguruko prestakuntza sustatuko dute herritarren artean, oro har, eta elkarte eta kolektiboetan. Ikastaro guztiak doan dira, eta honako gai hauekin lotutako alderdiak landuko dira: boluntariotza eta parte hartzeko gizarte-trebetasunak, elkarte eta erakundeen kudeaketa eta garapena eta herritar- eta komunitate-sareak sortzea. Izen-emateak zabalik daude jada, eta jarduera bakoitza hasi baino hamar egun lehenagora arte egiten ahalko dira participa.pamplona.es/eu webgunearen bidez: bertan prestakuntza bakoitzaren ezaugarriak deskribatzen dira. 

18 urtetik gorakoek parte hartzen ahalko dute jardueretan. Eskainitako lekuak baino eskaera gehiago jasotzen badira, ikastaro bakoitzaren berariazko irizpideen arabera hautatuko dira ikasleak. Gainera, Iruñean erroldatuta daudenek eta hiriko gizarte- eta kultura-erakundeen parte direnek lehentasuna izanen dute.

Eskaintzen diren zortzi ikastaroak hiru gai-ildotan egituratuta daude. Alde batetik, boluntariotza eta herritar aktiboen gaia jorratuko da komunikazio ez-bortitzarekin eta jendaurrean hitz egitearekin lotutako gizarte-gaitasunei buruzko ikastaroen bidez. Beste ildo batek elkartegintza landuko du parte-hartze sozial eta antolatu gisa. Esparru horretan, ikastaroek elkarteen kudeaketa izanen dute ardatz eta irabazi-asmorik gabeko erakundeendako eskuragarri dauden baliabide eta tresnei buruzko informazioa eskainiko dute, bai eta erakundeen garapena ere, eta horretarako, lidergo sortzailearekin, aktibismoarekin eta antzerkiarekin lotutako prestakuntzak eskainiko dira ahalduntze kolektiboa lortzeko xedez. Azkenik, beste prestakuntza-ildo batek herritar- eta komunitate-sareak landuko ditu, gizarte-mentoretzari eta laguntza emozionalari buruzko prestakuntza eskainita. 

Ikastaroek iraupen desberdina dute: boluntariotzara hurbiltzeko ikastaroak 1,5 ordu irauten du, eta lidergo sortzaileari buruzko ikastaroak, berriz, 20 ordu. Azken hori izanen da, hain zuzen ere, hasten lehena, apirilaren 17an. Lau egunetan banatutako prestakuntza da, bi apirilean eta bi maiatzean. Kasu horretan, izena emateko epea apirilaren 12ra arte egonen da zabalik. 

Jarduera bakoitzaren ordutegi eta data zehatza, bai eta ikastaro bakoitzaren edukia ere participa.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahal dira.


PARTE HARTZEKO IKASTAROEN MODALITATEAK. APIRILA-EKAINA

  • Boluntariotza eta herritar aktiboak

    • Estimulu zailak komunikazio ez-bortitzean

    • Jendaurrean hitz egitea (II. maila)

    • Boluntariotzara hurbilduko naiz

  • Parte-hartze sozial eta antolatua: elkartegintza

    • Interesgarria zure elkartearentzat: irabazi-asmorik gabeko entitateendako baliabide eta tresnen inguruko informazio-saioa

    • Lidergo sortzailea: taldeko sormen-saioak dinamizatu

    • Aktibismo bizia: berriz ere lotzen duen lana

    • Zapalduaren antzerkia: ahalduntze kolektiborako tresna

  • Herritar- eta komunitate-sareak

    • Gizarte-mentoretza: laguntza emozionala


IZEN-EMATEAK

  • Nori zuzendua: 18 urtetik gorako herritarrei, kolektiboei eta elkarteei. 

  • Epea: Ikastaro bakoitza hasi baino hamar egun lehenagora arte 

  • Bidea: participa.pamplona.es/eu webgunean ikastaro bakoitzerako aktibatutako online formularioaren bidez.

¿Te ha sido útil esta página?