Iruñeko Udalak gaur ostalaritzaren sektoreari eta hotelei zuzendutako laguntza-ildo berria abiatu du, 500.000 euroz hornitua Ekimen hori ekonomia eta enplegua sustatzeko Iruñeko Udalak bultzatutako neurrien planaren barruan dago, COVID-19ak sortutako osasun-larrialdiari aurre egiteko; izan ere, egoera horrek sektore ugari kaltetu ditu, horien artean bi hauek, krisiak eta ixteko neurriek gogor jo baitituzte, gaur prentsaurrekoan Iruñeko Alkate Enrique Mayak, Nafarroako Ostalaritza Enpresaburuen Elkarteko (AEHN) lehendakari Ana Beriáinek eta Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteko (ANAPEH) lehendakariorde Juan Carlos Orozek azaldu duten moduan.
Iruñeko Udalak funtsezko jotzen ditu sektore hauek hirian, tokiko ekonomian duten pisu handiagatik, eta horrek enplegu handia sortzeaz gain hiri-bilbea jarduera ekonomikoaz hornitzen du, eta horren inpaktua erraz ikus daitezkeen zuzeneko zerbitzuetatik harago doa, hornitzaileen zerrenda luze batera hedatzen baita. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alten arabera, 2021eko urtarrilean, horien % 16 (1.071) ostalaritza-establezimenduei eta hotelei zegokien. 31 ostatu, 821 taberna eta kafetegi, 187 jatetxe eta bestelako 32 elikadura-zerbitzu zenbatu ziren.
Dirulaguntzaren deialdia gaur argitaratu da NAOn, eta urriaren 15era arte egonen da zabalik, edo diru-partida agortu arte. Hura eskatzeko prozesua telematikoa da eta egoitza elektronikoan egin daiteke. Gehienez, 2.000 euro ezarri dira establezimendu bakoitzeko. Diruz lagundu daitezke 2021eko martxoaren 1etik urriaren 15era bitarteko epean egindako gastuak. Honako kontzeptu hauek barne hartzen ditu: alokairuak; ur-, argindar- eta telefono-hornidurak, internet eta berogailua; hondakinak erretiratzeko tasak; elkarteen aseguruak, aholkularitza-zerbitzuak eta kuotak; terrazak egokitzeko karpak, eguzki-oihalak, berogailuak eta bestelako altzariak alokatzekoak, besteak beste.
Aldi baterako itxierek eragindako galerak arintzea, behin betiko itxierak ekiditeko
Pandemiak eragindako osasun- , ekonomi- eta gizarte-egoera larria dela-eta, Iruñeko Udalak 15 neurri zehatzeko plan bat prestatu zuen, hiru oinarrizko zutabe hauetan oinarritutakoak: oinarrizko gizarte zerbitzuak laguntzea, ekonomia eta enplegua sustatzea eta etorkizuneko mugikortasunarekin loturiko ekimenak bultzatzea. Osasun egoeraz gain, ekonomia eta enplegua bultzatzea babestu du, jarduteko lehentasun nagusi gisara, krisiaren inguruan herritarrek duten pertzepzioari buruz egin berri den inkesta batek.
Deialdi honen xedea da jarduera ekonomikoa bultzatzea eta negozioak aldi baterako ixteak eragindako zuzeneko galera ekonomikoaren egoera arintzen laguntzea, eta, ahal den neurrian, negozio horiek azken batean behin betiko itxi daitezen saihestea. Datozen hilabeteetan espero da langabeziak kaltetutako herritarren erosteko ahalmena asko jaistea eta egoera ekonomikoan konfiantza galtzea, oro har, eta horrek kontsumoaren eta hiriko jarduera ekonomikoen beheraldia ekarriko du. Iruñeko Udalarentzat berebiziko interesa du ostalaritza- eta turismo-ehun indartsua izatea, herritarren eta Iruñera datozen bisitarien eskaria eta beharrak asetze aldera, osasun-egoerak murrizketarik gabeko mugikortasuna ahalbidetzen duenean.
Deialdiak barne hartzen dituen establezimenduak
Dirulaguntzak izapidetu eta ebatziko dira deialdiaren onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskaerak aurkeztu ahala. Parte har dezakete autonomo edo ETE (enpresa txiki eta ertaina) diren eta Iruñean dauden jardueren titularrek. Beste betekizunetako bat da eguneratuak izatea zergei nahiz gizarte segurantzari buruzko betebeharrak, eta Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak.
Honako hauek parte har dezakete: jatetxeak, kafetegiak, tabernak, txokolate-dendak, izozki- eta hortxata-dendak, hotelak, ostatuak, diskotekak eta erabilera anitzeko aretoak.
Deialdiak barne hartzen dituen establezimenduen epigrafeak
- 671. multzoa. Jatetxeetako zerbitzuak
- - 671.1 epigrafea. Bost sardexkakoak
- - 671.2 epigrafea. Lau sardexkakoak
- - 671.3 epigrafea. Hiru sardexkakoak
- - 671.4 epigrafea. Bi sardexkakoak
- - 671.5 epigrafea. Sardexka batekoak
- 672. multzoa. Kafetegietako zerbitzuak
- - 672.1 epigrafea. Hiru katilukoak
- - 672.2 epigrafea. Bi katilukoak
- - 672.3 epigrafea. Katilu batekoak
- 673. multzoa. Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak
- 676. multzoa. Txokolate-, izozki- eta hortxata-dendetako zerbitzuak
- 677. multzoa. Sukaldaritza-arloko beste elikadura-zerbitzu batzuk
- 681. multzoa. Hoteletan ostatu emateko zerbitzua
- 682. multzoa. Hostal eta ostatu-etxeetan ostatu emateko zerbitzua
- 684. multzoa. Hotel-apartamentuetan ostatu emateko zerbitzua
- 969.1 epigrafea. Dantza-aretoak eta diskotekak eta erabilera anitzeko aretoak