
Maristaseko HJPBak ezartzen du eraikitako etxebizitza libreei ezin zaiela lehen erabilerako lizentzia eman etxebizitza babestuena eman aurretik (“berme-klausula” delakoa). Egoera horrek eztabaida sortu du azken hilabeteotan; izan ere, etxebizitza libreak amaituta daude dagoeneko, eta jabeek etxebizitza horietara sartzeko lizentzia eskatu dute. Hain zuzen, lizentzia hori eskuratzen ahal da orain. Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez, dagoeneko argibideak eta bermea helarazi dira ikastetxe zaharrean proiektatutako 108 eraikuntza babestuak –babes ofizialeko 77 eta prezio tasatuko 31– eraikitzeko prozesua gutxi barru abian jartzeko; hori dela eta, Iruñeko Udalak eraikita dauden 48 etxebizitza libreei lehen erabilerako lizentzia emateko izapideak hasiko ditu orain.
Zehazki, Maristaseko HJPBa aldatzeko izapideak jarriko dira abian, “berme-klausula” delakoa ezereztu eta aipatutako lizentziak ematea ahalbidetzeko. Abaurreak azpimarratu duenez, Udalak bere garaian jakinarazi zuen moduan, kooperatibaren bermearekin baino ez zuen bat eginen aldaketarekin, eta hain zuzen ere, eraikitzeko lanak esleitu zaizkion kooperatibak Maristas II ikastetxe zaharreko 108 etxebizitza babestuak eraikitzen gutxi barru hasiko dela bermatu duenean, Udalak bat egin du aldaketarekin. Hori bai, Abaurreak adierazi du “bermeak” “ziurtasun” bihurtu beharko direla prozedura hasi eta Osoko Bilkurak HJPBaren aldaketa berretsi bitartean.
Zuzkidura-eremuak Udalari emateko bermeak
Halaber, aurreikusita zegoen moduan, HJPBa aldatzeak bermatzen du proiektuan barne hartutako zuzkidura-eremuak gauzatu eta lagatzea, hala nola ikastetxe zaharreko ekitaldi-aretoa eta plaza berritik ikastetxera sartzeko bideak. Halaber, bermatzen da erabilera publikoko urbanizazio-lan osagarrien lizentzia ematea eta urbanizazioa gauzatzea, hala nola eraikin zaharraren eta etxebizitza berrien arteko plazan eta plazara sartzeko igarobideetan.
HJPBa aldatzeko eskaera joan den uztailaren 15ean aurkeztu zuen Maristaseko (Maristas I) etxebizitza libreak kudeatzen dituen kooperatibak. Kooperatibari agiriak eskatu eta kooperatibak agiri horiek zuzentzeko eskakizuna egin eta gero, Iruñeko Udalak, bere ahalmena baliatuta, aldaketa martxan jartzeko izapideak abian jarri zituen urriaren hasieran. Maristaseko etxebizitza libreekin lotutako lanak 2025eko abuztuaren 29an amaitu ziren, eta orduan kooperatibak lehen erabilerako lizentzia eskatu zion Udalari. Halaber, aipatu moduan, HJPBaren aldaketak “berme-klausula” delakoa ezerezten du.
Bestalde, Maristas II ikastetxe zaharreko etxebizitza babestuen kooperatibisten batzarrak apirilean onetsi zuen lanen aurrekontua, eta uztailaren amaieran abal mankomunatuaren proposamenaren alde bozkatu zuen, proiektua banku-entitate baten laguntzaz finantzatzeko. Horiek horrela, Udalak bermea jaso du lanen hasiera-datari buruz, eta erabaki du etxebizitza libreekin dituen hartu-emanak bertan behera utziko dituela. Abaurreak ez du berme horiei buruzko xehetasun gehiagorik aurreratu, “gai honetan Udala zeharkako eragilea besterik ez baita eta sustatzaileari baitagokio, proiektuaren erantzule den heinean, proiektuaren xehetasunei buruzko argibideak zuzenean ematea kooperatibistei”. Hori bai, zinegotziak azpimarratu du bermeak ziurtasun bihurtu behar direla Osoko Bilkurak HJPBaren aldaketa berretsi baino lehen.
Aldaketa formalak HJPBaren 16. eta 17. artikuluetan
Aldaketa-proposamenean aldaketak aurreikusten dira proiektuari dagokion I. eta II. Zabalguneko XV. Unitate Integratuko 292. Oinarrizko Unitatearen HJPBaren Hirigintzako araudi partikularraren 16. eta 17. artikuluetan. Aintzat hartuta etxebizitza libreak eraikitzeko lanak amaituta daudela eta lehen erabilerako lizentzia ematearen zain, aipatutako artikuluak aldatzeak kontuan hartzen du gauzatze-prozesuaren errealitatea, betiere Udalaren interes publikoa nagusituta, zeina HJPBa gauzatzean eta lagapen publikoak bermatzean ardazten baita.
Hala, idazketa berriak betekizun hau salbuesten du: ezin izanen zaie, inola ere, etxebizitza libreei lehen erabilerako lizentzia eman aurrez edo aldi berean etxebizitza babestuei lehen erabilerako lizentzia eman ez bazaie. Hori bai, aldaketa-proposamenak lehen erabilerako lizentzia eman aurretiko bi baldintza hauek ezartzen ditu: batetik, lanen kostuaren zenbatekoaren % 100 bere gain hartzen duen abal bat aurkeztea urbanizazio-lan osagarriak gauzatuko direla bermatze aldera; bestetik, proiektuan aurreikusitako zuzkidura-eraikin publikoaren jabetza Udalari doan lagatzen zaiola bermatzea.
Izan ere, aldez aurretik lehen erabilerako lizentzia eman arren, HJPBaren erredakzio berriak bermatuko ditu ikastetxe zaharraren ekitaldi-aretoaren zuzkidura-lagapena, Tafalla eta Zangoza kaleetako eta Tafalla kalea eta plaza berria lotzen dituzten arkupeetako urbanizazio-lanak eta plaza horretatik zuzkidura publikora sartzeko bideak gauzatzea.