Iruñeko Udalak jarduketak eginen ditu 2021ean hiriburuko 60 ikastetxeen inguruetan eskola-ingurune seguruak bermatzeko

Iruñeko Udalak jarduketak eginen ditu 2021ean hiriburuko 60 ikastetxeen inguruetan eskola-ingurune seguruak bermatzeko
Gune horietako lautik batean, lanak eginen dituzte aurten hiri-egitura aldatu eta oinezkoei toki gehiago emateko

 

Iruñeko Udalak plan bat abiatuko du 2021ean hiriburuko hirurogei ikastetxeetako inguruak gune seguruak bihurtzeko, zenbait ekintzaren bidez: espaloiak handitzea, galtzaden zabalera murriztea eta ibilgailuek abiadura murrizteko elementuak paratzea eta horiek seinaleztatzea. Hiriko funtsezko hamabost gunetan eginen dira lanak, ikasleen eta haiekin doazenen segurtasuna bermatzeko xedez, eta, aldi berean, jolaserako eta autonomia entrenatzeko guneak eskaini eta ikastetxera joatean mugikortasun aktiboa sustatuko dira.

Iruñeko Udalaren jarduketa planak hiriko 60 ikastetxeetako inguruak oinezkoendako gune seguruak bihurtuko ditu, eta, horren barruan, ikastetxeetako inguruetatik hurbil zirkulazioa arintzeko 120 elementu baino gehiago paratuko dira; horrez gain, eremu horietan seinaleztapena indartuko da ehun elementu berrirekin, hala gidariei nola oinezkoei arriskuaz ohartarazteko. Gainera, Iruñeko lau ikastetxetatik batean lanak eginen dira eremu horietako hiri-egitura aldatu eta oinezkoei toki gehiago emateko. Zehazki, 2021ean honako ikastetxe hauen inguruan eginen dira jarduketak: Mendillorriko ikastetxea, El Lago de Mendillorri, María Ana Sanz, Esclavas del Sagrado Corazón, Hijas de Jesús, Nuestra Señora del Huerto, Sagrado Corazón, San Cernin, San Ignacio, Santísimo Sacramento eta Virgen del Camino, baita Julio Caro Baroja, Padre Moret Irubide, Eunate eta Mendillorriko institutuetako hurbileko eremuetan ere.

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkari Javier Labairuk eta Alorreko zuzendari Patxi Fernándezek eskola-inguruneetako jarduketa planaren xehetasunak azaldu dituzte; lehen fasea aurten eginen da, eta 275.000 eta 413.000 euro arte gastatuko dira espaloiak handitzeko eta galtzaden zabalera murrizteko. Horrez gain, 149.000 euro inguru bideratuko dira zirkulazioa arintzeko neurriak ezartzeko, eta beste 18.000 euro seinaleztapen-elementu berrietarako.

Gune seguruak bermatzen ikastetxeen inguruetako funtsezko tokietan

‘Eskola-ingurune seguruei’ esker, jarduketen xede diren eremuetan oinezkoen arriskua murrizten da neurri errazen bidez: gertuko espaloiak handitzea, aparkatzea mugatzea eta oinezkoen pasabide batera heldu ahala galtzadaren zabalera murriztea. Neurriek aparkaleku-plazen murrizketa aurreikusten dute, bai eta ikastetxeen ondoko kaleetan zirkulazio-bolumena murriztea ere, bereziki ikastetxeen sarrera-ondokoetan. Aparkaleku-plazak murriztearen ondorioz irabazitako espazioan egoteko eta jolasteko eremuak jarriko dira. Halaber, zirkulazioa arintzeko elementuak jarriko dira, “Iruña 30 Hiria” plana ezartzeko.

2021ean eginen diren jarduketez gain, planaren bigarren fasean hiriburuko zazpi ikastetxetako inguruak (La Compasión-Escolapios, Patxi Larrainzar, Vedruna, El Redín eta San Cernin ikastetxeak eta Iturrama nahiz Plaza de la Cruz institutuak) ‘eskola-ingurune seguruak’ bihurtzeko lanak egin eta beste hiru ikastetxetarako sarbide-eremuetan hasitako jarduketak sendotuko dira.

Iruñeak jada dituen eskola-ingurune seguruen adibideak

Gaur egun, hiriburuko zazpi ikastetxek badituzte ‘eskola-ingurune seguruak’. Leire eta Erriberri kaleen arteko bidegurutzean zenbait jarduketa egin dira inguruan diren bi ikastetxeetara –Eskolapioak eta Vázquez de Mella– sartzeko eremuak hobetzeko. Halaber, Abejeras kalea, Santa Catalina ikastetxeko zatian, jada gune-segurua da, eremu horretan dauden oinezkoen bi pasabideetan zenbait jarduketa egin baitira. Zirkulazioa arintzeko kuxin berlindar bat paratu da, eta espaloiak zabaldu dira oinezkoen pasabidean galtzadak ahalik eta espazio gutxien okupatzeko, arriskua gutxitze aldera. Horrez gain, argi eta seinale gehiago jarri dira, eta bizikletak aparkatzeko gune bat erreserbatu da.

Taxoare kalean, Jesulagunen ikastetxearen zatian, bi kuxin berlindar paratu dira –bana zirkulazioaren noranzko bakoitzean– ibilgailuek nahitaez abiadura murrizteko, eta oinezkoen pasabideetan bi irtenbide desberdinen alde egin da segurtasuna bermatzeko. Batean, Abejeras eta Leire kaleetan bezala, espaloiak handitu eta galtzadak okupatzen duen espazioa murriztu da. Bestean, zirkulazioaren bi noranzko dituen horretan, erdiko uharte bat paratu da bi erreien artean. Era berean, eremu horretan babes-hesiak jarri dira galtzada eta espaloiak bereizteko, eta bizikletak nahiz motoak aparkatzeko gune bat erreserbatu da. Amaiur Ikastola, Larraona eta Monjardín Lizeoa ikastetxeen inguruetan ere galtzadak ahalik eta gehien estutzearen alde egin da, eta –mugikortasuneko ordenantza betetze aldera– oinezkoen pasabideen aurreko bost metroak libre utzi dira, oinezkoek gurutzatzean ikusgaitasun hobea izan dezaten.

¿Te ha sido útil esta página?