2026tik aurrera, patinete elektrikoen erabiltzaileak erantzukizun zibileko asegurua sinatzera behartuta daude. Neurri horrek plaza bakarreko eta motor elektrikoaz higiarazitako mugikortasun pertsonaleko ibilgailu guztiei eragiten die, hau da, patinete elektrikoei, segway-ei eta monoziklo elektrikoei. Asegurua ez izatearen ondorioz 601 eta 3.005 euro bitarteko isunak jar daitezke. Betebehar berri horretaz ohartarazteko, Iruñeko Udalak informazio-kanpaina bat abiarazi du. Horren barruan, etiketak banatu ditu, neurria gogorarazteko, eta ohar hori bera margotu du hiriko bidegorrietan. Halaber, Udaltzaingoak informazio-jarduketak areagotuko ditu ibilgailu mota horiek gehien ibiltzen diren kaleetan.
Iruñeko Udalak 5.000 euro bideratu ditu informazio-kanpaina horretarako, hiriko 24 bidegorritan ohar oroigarriak margotzea barne hartuta. Aste honetan hasi dira mezuak margotzen, eta oinezkoen pasabideen eta semaforoen inguruan jarriko dira, puntu horietan abiadura murrizten dela aprobetxatuta, irakurgarriagoak izan daitezen. Mezua berdina izanen da bidegorri guztietan, horiz margotuko da, eta patinete elektriko baten irudiaren azpian honakoa irakurtzen ahalko da: “nahitaezko asegurua”. Hiriko bidegorri guztietan jarriko dute, Belosoko aldapatik Barañaingo etorbideraino, baita Armada etorbidean, Katalunia etorbidean edo Bernardino Tirapu kalean ere, besteak beste.
Mezu bera inprimatu dute esekigailu formako etiketa batzuetan: hirian barna aparkatuta dauden patineteetan jarriko dituzte, erabiltzaileak eskakizun berriari buruz kontzientziatze aldera. Zehazki, Udalak abisu horien mila ale inguru argitaratu ditu, eta aste honetan bertan banatuko dira. Betekizun berri horiei buruzko informazioa guztia udal-webgunean dago ikusgai.
Urtarrilaren 2tik aurrera
Uztailaren 24ko 5/2025 Legean jasota dago derrigortasunaren berri ematen duen araudi berria, 2004an onetsitako Ibilgailu motordunen zirkulazioko erantzukizun zibilari eta aseguruari buruzko Legearen testu bategina aldatzen baitu. Lege berriak betebehar horiek 2026ko urtarrilaren 2tik aurrera abian jartzea aurreikusten zuen, baina, oraingoz, urteko lehen bi hilabete hauetan abisuak eta ohartarazpenak egin dira soilik, ez-betetzeak zehatzen hasi aurretik.
Zehazki, legeak lehen xedapen gehigarrian ezartzen du "ibilgailu motordunen" legezko kontzeptuan sartuta ez dauden ibilgailu pertsonal arinek erantzukizun zibileko nahitaezko aseguru bat izan behar dutela. Eta gehitzen du ibilgailu pertsonal arintzat hartzen direla, erantzukizun zibileko nahitaezko aseguruaren ondorioetarako, “gurpil bat edo gehiago dituzten ibilgailuak, baldin eta plaza bakarrekoak badira eta motor elektrikoaz higiaraziak badira eta ibilgailuak 6 eta 25 km/h arteko gehieneko fabrikazio-abiadura badu, baldin eta 25 kg baino gutxiago pisatzen baditu; edo, bestela, 6 eta 14 km/h arteko gehieneko fabrikazio-abiadura duten ibilgailuak, baldin eta 25 kg baino gehiagoko pisua badute”. Gainera, argitzen du eserleku edo aulki batez hornituta egon daitezkeela soilik autoorekatze-sistema badute.
Erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua sinatzeaz gain, ibilgailu pertsonal arinek baldintza hauek bete behar dituzte: zirkulazio-ziurtagiria eduki behar dute, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroan izena emanda egon behar dute eta identifikazio-etiketa bat izan behar dute, esleitutako inskripzio-zenbakia edo, hala badagokio, matrikula-zenbakia barne hartuta. Zentzu horretan, jabeek edo legezko tutoreek –gidariak adingabeak badira, ibilgailu horiek 14 urtetik aurrera gida baitaitezke– erregistroan izena eman behar dute DGTren egoitza elektronikoaren bidez. Inskripzio-ziurtagiria jasotakoan, titularrak identifikazio-etiketa eskuratzen ahalko du, eta MPIan xede horretarako jarritako identifikatzailearen euskarrian jarri beharko du.
Ezaugarrien eskuliburuan jasotako baldintza teknikoak betetzen ez dituztelako zirkulazio-ziurtagiririk ez duten patineteei araubide iragankor bat aplikatuko zaie, 2027ko urtarrilaren 22ra arte zirkulatzen jarraitzeko, zirkulazio-ziurtagiririk ez badute ere. Dena den, ibilgailu horiek ere Ibilgailuen Erregistro Nazionalean inskribatuta egon beharko dute, eta nahitaezko asegurua eskuratu. Patinete mota horien kasuan, titularraren datu pertsonal batzuez gain, MPIaren faktura, fitxa teknikoa edo argazkia besterik ez da atxiki beharko. Identifikazio horrek aldi baterako balioko du, eta baliogabe geratuko da 2027ko urtarrilaren 22an. Hala, data horretatik aurrera ibilgailu horiek ezinen dute zirkulatu.
Beste betebehar batzuk
Erantzukizun zibileko nahitaezko aseguruaz gain, oinarrizko zirkulazio-arau batzuk bete behar dituzte patinete elektrikoen eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu mota batzuen gidariek, hala nola ibilgailuan elementu islatzaileak eta argiak eramatea. Gainera, lehentasunez, bidegorrietan eta bizikleta-bideetan barna ibiliko dira, eta debekaturik izanen dute espaloietan eta oinezkoen guneetan barna zirkulatzea. Aitzitik, baimena dute bizitegi-zonetan eta parkeetan barna zirkulatzeko, betiere oinezkoekiko segurtasun-distantzia gordeta; halaber, 30 kilometro orduko bideetan, galtzadan barna zirkulatzen ahal dute. 50 kilometro orduko bideetan, berriz, debekaturik dute galtzadan barna zirkulatzea. Halaber, kaskoa erabiltzea gomendatzen da.
Iruñeko Udaltzaingoak kontrol-kanpainak egiten ditu hilero, Mugikortasunari buruzko Ordenantza betetzen dela bermatzeko, eta xede horretarako, bizikleten eta patineteen erabiltzaileei ematen die arreta. Trafikoko taldeak, Bide Mugikortasuneko Brigadak eta Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko Brigadak egiten dituzte esku-hartzeak. Kontrola hiri osoan egiten den arren, eremu jakin batzuei arreta berezia ematen zaie, batik bat araua behin eta berriz ez betetzeagatik herritarren kexa gehien jaso dituzten gune horiei. Hauek dira arau-hauste ohikoenak: kaskorik eta argirik gabe zirkulatzea, oinezkoendako pasabideetan lehentasuna ez errespetatzea eta espaloian barna zirkulatzea.
IPA ETA MPIENDAKO ERANTZUKIZUN ZIBILEKO NAHITAEZKO ASEGURUA
Zer dira ibilgailu pertsonal arinak (IPA) eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI)?
Plaza bakarreko ibilgailuak dira
Motor elektrikoaz higiarazten dira
Gurpil baten edo biren gainean zirkulatzen dute
25 kilo baino gutxiagoko pisua dute, eta 6 eta 25 km/h arteko abiadura; 25 kilo baino gehiago pisatzen badute, 6 eta 14 km/h arteko abiadura dute
Ez dira bi multzo horietan sartzen bizikleta elektrikoak eta mugikortasun urriko pertsonei laguntza emateko ibilgailuak
Betekizunak
Zirkulazio-ziurtagiria
Erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua
Ibilgailua DGTren sede elektronikoan erregistraturik edo identifikaturik egotea
Esleitutako inskripzio-zenbakia edo, hala badagokio, matrikula-zenbakia barne hartzen duen identifikazio-etiketa edukitzea
Oinarrizko arauak
14 urte eduki behar dira ibilgailu horiek gidatzeko
Ikusgaitasun txikiko eremuetan derrigorrezkoa da txaleko islatzailea eta aurreko eta atzeko argiak edukitzea
Kaskoa erabiltzea gomendatzen da
Ibilgailuaren agiri teknikoa gainean eraman behar da
Zirkulazio-guneak
Bidegorriak eta bizikleta-bideak
30 kilometro orduko abiadura-muga duten galtzadetan, parkeetan eta bizitegi-zonetan barna zirkulatzen ahalko dute, betiere segurtasun-distantzia errespetatzen bada, 1,5 metro oinezkoekiko eta 2 metro fatxadekiko
30 kilometro orduko abiadura-muga duten kaleetan galtzada partekatzen ahal dute
Ezin dute espaloietan eta oinezkoendako guneetan barna zirkulatu, ezta 50 kilometro orduko abiadura-muga duten bideak dituzten galtzadetan barna ere
Zehapenak
Arinak (30 euro): gutxieneko adina ez izateagatik, elementu islatzailerik gabe zirkulatzeagatik, oinezkoak ez errespetatzeagatik eta beste pertsona batekin batera zirkulatzeagatik
Larriak (200 euro): mugikorra edo entzungailuak erabiltzeagatik, kaskoa ez erabiltzeagatik eta argirik edo frenorik gabe zirkulatzeagatik
Oso larriak (500 eta 1.000 euro artean): alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeagatik