Iruñeko Udalak ikastetxeetan ‘Irakur dezagun’ programa eskaintzen jarraituko du, ahozko narrazio-saioak eta topaketak idazleekin barne

Iruñeko Udalak ikastetxeetan ‘Irakur dezagun’ programa eskaintzen jarraituko du, ahozko narrazio-saioak eta topaketak idazleekin barne
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du alarma-egoerara arte 6.183 parte-hartzaile zituen programaren kontratuaren luzapena

Vamos a leer

Iruñeko Udalak ahozko narrazio-saioak eta idazleekin topaketak barne hartzen dituen ‘Irakur dezagun’ programa eskaintzen jarraituko du ikasturte honetan Iruñeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan. Aurreko ikasturtean, osasun-krisiaren ondorioz aurrez aurreko eskolak bertan behera gelditu arte, 6.183 lagunek parte hartu zuten. Datu horietan sartuta daude ikastetxetik kanpo irakasleei zein gurasoei zuzendutako ahozko narrazio-saioak, bigarren aldiz antolatu zirenak.
 

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur eginiko batzarrean onetsi du irakurzaletasuna sustatzeko udal-programa antolatu eta garatzeko kontratuaren bigarren luzapena Fomento Iniciativas Recreativas y Artísticas (FIRA) S.L.-ren alde, 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30eko eperako, 66.093 euroan (BEZetik salbuetsita). Kopuru horretatik, 13.018 euro aurtengo gastuari dagozkio, eta 53.075 euro 2021eko ekitaldirako dira. Narrazio-saio eta idazleekin egindako topaketa bakoitzaren prezioa 275 euro da, eta irakasleen prestakuntza-saio bakoitzarena, 60 euro.
 

Ikasturte honetan 25 urte beteko ditu programak
 

‘Irakur dezagun’ programa 1996an abiatu zen – aurten XXV. edizioa izanen da–, eta hiru jarduera-mota nagusik osatzen dute: ahozko narrazioei buruzko saioak, non munduko hainbat herrialdetako herri-ipuin adierazgarriak lantzen baitira; topaketak haur-literaturaren arloko idazleekin, eta mintegiak irakasleendako, irakurketa eduki gisara curriculumean txertatzen laguntzeko. Ikastetxeek saioen hizkuntza hauta dezakete: gaztelania, euskara, gaztelania/ingelesa eta frantsesa. 

Programaren helburuak honako hauek dira: hiriko ikastetxe publiko eta itunduetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen irakurtzeko aztura finkatzea eta literatur ezaguerak hobetzea; ikastetxeei baliabideak ematea, Hizkuntza eta Literatura arloko programazioak osatzeko, eta ahozko narrazioa aintzat hartzea, kultur adierazpentzat zein balioak helarazteko bide pribilegiatutzat.

 

201 jarduera alarma-egoera bitarte
 

Aurreko ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Helduen Hezkuntzako 72 ikastetxe gonbidatu zituen Iruñeko Udalak, eta horietako 71k hartu zuten parte. 279 jarduera programatu zituzten: 130 narrazio-saio, 77 topaketa idazleekin, 72 orientazio-bilera eta guraso zein irakasleei zuzendutako ahozko narrazioen 3 saio. Aurreikuspenen arabera, 9.516 lagunek parte hartu behar zuten.
 

Azkenik, irailaren 1etik martxoaren 13ra –egun horretan dekretatu zen alarma-egoera– 201 jarduera egin ziren: ahozko narrazioen 116 saio, 13 topaketa idazleekin, eta 72 orientazio-bilera. Guztira, 6.183 lagunek hartu zuten parte. 6.183 horietatik, 5.265 gaztelaniazko saioetan egon ziren; 571, euskarazko jardueretan; 237, ele biko saioetan (ingelesa/gaztelania), eta 110 frantsesezko topaketetan. Ikastetxetik kanpo guraso eta irakasleei zuzendutako jarduerei dagokienez, bi egin ziren, eta 93 lagunek parte hartu zuten.
 

Saioak gaztelaniaz, euskaraz, gaztelania/ingelesez eta frantsesez
 

Ahozko narrazioen 116 saioei dagokienez, ikasleen eta irakasleen artean, 5.250 lagunek parte hartu zuten. Gaztelaniaz 97 topaketa egin ziren, eta 4.393 lagunek parte hartu zuten; euskaraz, 12, eta 510 lagunek parte hartu zuten; ele bitan (gaztelania/ingelesez) 5, 237 parte-hartzailerekin, eta frantsesez 2, 110 parte-hartzailerekin. Idazleekin egindako 13 topaketetan 674 ikasle eta irakaslek parte hartu zuten. Horietako bat euskaraz izan zen, eta 61 parte-hartzaile egon ziren bertan; gainerako 12ak gaztelaniaz izan ziren, eta 613 lagun bertaratu ziren.
 

Ikasgelako jarduerak antolatzeko, Haur eta Lehen Hezkuntzako, Helduen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe bakoitzari hiru jarduera eskaintzen zaizkie, eta Bigarren Hezkuntzakoei, bi. Hautatzeko, irakasleek FIRA taldearen orientazioa eta aholkularitza dute, baita webgunean dauden argibideak eskura eduki ere, ahozko zein idatzizko literaturako eta literatura grafikoko 90 idazleen artean jarduerak zein profesionalak hautatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?