Iruñeko Udalak hirian usoen populazioa murrizteko neurriak areagotu ditu, eta kanpaina bat abiatu du herritarrei laguntza eskatzeko

Iruñeko Udalak hirian usoen populazioa murrizteko neurriak areagotu ditu, eta kanpaina bat abiatu du herritarrei laguntza eskatzeko
Udala 2020ko urrian hasi zen neurriak hartzen eta orduz geroztik hegazti horien presentzia % 20 murriztu da
Fitxategi
Fitxategi
Cartel

‘Ez itzazu elikatu, zaindu zure osasuna’ eta ‘Soberakinak, soberan daude. Jaso itzazu’  mezuekin, Iruñeko Udalak kanpaina bat abiatu du herritarrei laguntza eskatzeko hirian uso populazioa murrizteko xedez. Ekimen horren bidez handitu egin dira 2020an hegazti horien superpopulazioa antzeman zenetik Udaletik gauzatzen ari diren neurriak, eta dagoeneko emaitzak ematen ari dira, izan ere, hiriko uso kopurua 10.000 ale izatetik une hauetan 8.000 izatera murriztu da.

Iruñeko Udalak abiatu duen kanpainak mezu argi eta zuzena bidaltzea du xede bi ideia nagusiren bidez: ‘Ez itzazu elikatu, zaindu zure osasuna’ eta ‘Soberakinak, soberan daude. Jaso itzazu’. Horrela, herritarrei helarazten zaie zein garrantzitsua den usoak ez elikatzea, bai eta hegaztien eskura janari soberakinik ez uztea ere. Diseinatu diren kartelak erraz ikusteko moduko hiriko zenbait tokitan (bankuak, elementu bertikalak, ostalaritza terrazetako beirateak...) paratuko dira mezua ahalik eta herritar gehienengana iriste aldera. Aldi berean, kanpaina hedabide konbentzionalen bidez edo sare sozialen bidez hedatuko da.

Ostalaritza da hegazti horiek bide publikoan egotearen emaitzak gehien pairatzen dituen sektoreetako bat, eta are gehiago kontuan hartuz COVID-19a hedatzea ekiditeko neurrien ondorioz terrazak ugaritu direla. Hori kontuan hartuta, Udalak kanpaina aurkeztu die haien iritzia eta mezua hedatzeko laguntza eskatzeko. Ostalarien ordezkariek ekimenari babesa eskaini diote eta establezimenduen artean banatuko dute, kanpainak barne hartzen dituen kartelak eta gomendioak paratzeko. Horrez gain, hiriko ikastetxe, institutu eta kirolguneetan paratuko dira.

Guztion elkarlana, funtsezkoa usoen superpopulazioa amaiarazteko

Kanpaina honen bidez, usoei jaten ez ematearen garrantzia azpimarratu da, hegaztien populazioa kontrolatzen laguntzeko, izan ere, elikagaiak lortzeko erraztasunak lotura zuzena dauka ugaltze-ahalmenaren handitzearekin, kontuan hartuta gainera, haien populazioa eskuragarri dagoen elikagaiaren arabera erregulatzen dutela.

Usoek hirietan haien kabuz biziraun dezakete intsektuez eta zuhaitz eta lorategietan aurkitzen dituzten ar txikiez elikatuz. Modu natural horretan, bi errunalditan bi arrautza urtean jartzen dituzte. Baina gainelikatuta badaude, elikagai soberakinak aurkitzen dituztelako edo berariaz janaria edo pentsua ematen zaielako, errunaldiak 4 edo 6 alditara biderkatu daitezke eta superpopulaziora azkar iritsi. Horregatik herritarren lankidetza oso garrantzitsua da hegazti horiei jaten ematen edo usoek jan ditzaketen janari soberakinak bide publikoan uzten ekiditeko orduan.

Populazioaren kontrola oso garrantzitsua da usoek daramatzaten eta herritarrentzat kutsakorrak diren gaixotasun infekziosoak eta parasitoek eragindako gaixotasunak transmititzeko aukerak murrizteko Adibide gisa, ezaguna da 40 gaixotasun eta 50 parasito baino gehiago transmititu ditzaketela. Azpimarratu beharra dago halaber, haien gorozkiek eraikin, monumentu, kale eta hiri altzarietan eragiten dituzten kalte larriak; horrek, administrazio publikoak eta partikularrek konponketetara bideratu behar dituzten baliabide ekonomikoek gora egitea ekartzen du.

Egindako lanek Iruñean zeuden uso kopurua % 20 murriztea ekarri dute

Aurreko urteko urrian, hirian usoen superpopulazioa eta hegaztiek eragiten zituzten eragozpenen ondorioz herritarren ohar eta salaketen handitzea detektatu ondoren, Udalak haien populazioa kontrolatzeko Plan bat abian jarri zuen. Horretarako, enpresa baten kontratazioa lizitatu zen, Iruñean habiak egiten dituzten usoen errolda fidagarri bat egiteko eta Taconerako usategi ekologikoa abian jarri eta usoak haien ohiko habitatetatik eremu horretara lekualdatzen joateko, ale kopurua benetan kontrolatzen hasteko xedez.

Egoeraren gainean egindako azterketaren arabera, hiriko usoen populazioa 10.000 ale ingurukoa zen. Egindako lanen eta Taconerako usategia eta lubanarroetan eraiki zen beste bat abiatu ondoren, 2.000 ale inguru hiritik kanpoko usategietara lekualdatu ahal izan ziren. Gai honetaz arduratzen zen enpresarekin kontratua amaitu ostean, eta usategi bakar bat usoen gehiegizko populazioa kontrolatzeko ez zela nahikoa egiaztatuta, usoak modu kontrolatuan harrapatzeko kanpaina bat egitea erabaki zen. Usoak hiritik nahikoa urrun zeuden usategi itxietara eraman behar ziren, hegaztiek itzultzeko aukerarik ez izateko, horrela usoak hiltzea eta gaizki tratatzea saihestuz.

Lanekin jarraituko da herritarrei arazoak eragiten ez dieten populazio-mailak lortu arte

Ekintza horien xedea da usoen populazioa murriztea, hegazti horiek herritarrei eragiten dizkieten eragozpenak ezabatu arte. Horretarako, enpresa espezializatu bat kontratatu da, habiak egiten dituzten ohiko tokietan usoak harrapatzeko lanei laster ekiteko asmoz. Toki horiek herritarren ohar eta salaketen bidez zein Zoonosiko udal-teknikarien lanaren bidez lokalizatzen ari dira.

Gainera, Udala gai honen kudeaketa integrala abian jartzeko lanean ari da, gaur egun egiten ari diren lanei beste lan berriak gehitzeko. Horrela, hiriko beste toki batzuetan usategi ekologiko berrien eraikuntza eta kudeaketa planteatzen da usoen populazio osoa hartzeko kopuru nahikoan. Neurri horrekin populazioaren benetako kontrola egitea lortuko da, bai eta teknikariek une bakoitzean egokien jotzen dituzten mailetan egonkortzea ere. Halaber, hegaztien osasun-kontrol eraginkorra egiten ahalko da, leku lokalizatuetan kontrolatuta edukita parasito eta gaixotasunen transmisioa saihestuko baita.

¿Te ha sido útil esta página?